Teknikerrek eraikinen energia-eraldaketa bideratzeko irtenbideak aurkeztuko ditu EESAP-CICA biltzar europarrean

Data 18-11-2020 Tekniker

Zentro teknologikoak NiERBIMO proiektuan egin duen ekarpena aurkeztuko du ekitaldiaren lehen egunean, abenduaren 1ean.

EESAP-CICA biltzar europarra gurera bueltatuko da abenduaren 1ean eta 2an; oraingoan, on line izango da, COVID-19ak eragindako egoerara egokitzeko. Biltzarra ikasleei, profesionalei eta ikertzaileei dago zuzenduta bereziki; bertan, Tekniker zentro teknologikoak aukera izango du eraikinen energia-eraldaketarako bere irtenbideak aurkezteko.

Zehazki, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kide den zentro teknologikoak, “Azpiegitura digital eraginkorrak. Informazioaren integrazioa eragiketan eta mantentze lanetan” izenburua daraman aurkezpena egingo du lehen egunean, abenduaren 1ean, 17:00etan. Informazio Sistema Adimendunak unitateko ikertzaile Ricardo Romero Hernández izango da Teknikerreko hizlaria, eta SENERen aldetik, berriz, Carlos Gómez de Iturriaga.

Aurkezpen horretan NiERBIMO proiektuari buruz ere mintzatuko dira; horren helburu nagusia da etxebizitzetan, industriako eraikinetan eta bestelakoetan energia-eraldaketa bideratzen laguntzea, ia energiarik behar ez duten erakinak (EECN) sustatzeko, non energia ahalik eta modu eraginkor eta iraunkorrenean erabiltzen den. Horretarako, ekimen honekin energia sortu eta biltegiratzeko sistema adimendunak garatu eta energiaren banaketa koordinatu nahi dira, kudeaketa aurreratuko tresnen bitartez.

Teknikerrek, azpiegituren arloan ezagutza zabala duenez, ekarpena egiten du irtenbidean aplika daitezkeen metodologiekin eta estandarrekin, eta eraikuntzaren sektorearen beharretara egokitutako plataforma bat ere garatu du. Plataformak eragiketa eta mantentze lanetarako sistemak (GMAO, SCADA, …) bateratzen ditu BIM (Building Information Modeling) ereduarekin.

EESAP-CICA 2020 biltzarrari buruz

EESAP-CICA biltzar bikoitza da, UPV/EHUko Calidad de Vida en la Arquitectura (CAVIAR) ikerketa taldeak eta ERAIKUNEk, Euskadiko Eraikuntzaren Klusterrak, antolatutakoa.

Alde batetik, Eraginkortasun Energetikoa eta Jasangarritasunaren inguruko Arkitektura eta Hirigintzaren biltzar europarrak (EESAP) bere 11. edizioa egin du; bestetik, Eraikuntza Aurreratuari buruzko Nazioarteko Biltzarrak (CICA) 4 urte betetzen ditu 2020an.

Tekniker ekitaldiaren babesle nagusietako bat da; aurten, eraikuntzaren arkitekturan, ingeniaritzan eta industrian dagoen disrupzioari helduko zaio.