Teknikerrek aurrerapausoak eman ditu nerbio periferikoko lesioak lehengoratzeko inplanteen garapenean

Data 06-05-2021 Tekniker

Euskal zentro teknologikoak nerbioen funtzionamendua lehenera ekartzen duten inplanteak garatu ditu, biomaterialen eta fabrikazio aurreratuko teknologien konbinazioari esker. Animaliekin emaitza arrakastatsuak lortu dira, eta ACS Biomaterials Science and Engineering aldizkari zientifiko ospetsuan argitaratu dituzte.

Oro har, istripu traumatikoek eragiten dituzte nerbio periferikoko lesioak, eta eragin nabarmena izaten dute pertsonen bizi-kalitatean, kontrol motorra galtzea eta zentzumen-funtzioak asaldatzea ere eragin dezaketelako.

Medikuntza birsortzaileak nerbio-sistema periferikoan lesioak izan dituzten pazienteei ebakuntza egiteko aukerak eskaintzen ditu. Besteak beste, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea den Tekniker euskal zentro teknologikoaren aurrerapenak daude hor. Bada, zentro teknologikoak NEURIMP proiektu europarraren esparruan egin ditu aurrerakuntzok, eta animaliekin egindako entsegu preklinikoetan lorturiko emaitza arrakastatsuak ACS Biomaterials Science and Engineering zientzia-aldizkari amerikar ezagunean argitaratu dira.

Soluzioak bestelako aukera bat ematen du, istripu traumatikoak izan dituzten pazienteei inplante autologoak jarri behar ez izateko.

Beraz, inplante horiek ordezkatzeko, Teknikerreko ikertzaileek belaunaldi berriko material biobateragarri eta biodegradagarriak eta fabrikazioko teknologia eskalagarriak konbinatu dituzte, nerbio periferikoaren funtzionamendua lehengoratzea lortzen duten inplante aurreratuak garatzeko.

"Lesionatutako nerbioaren etena berreraikitzeko eta lehengoratzeko prozesuan gidari-lanetan jarduten duten hodi biomimetikoak garatzen ditugu", zehaztu du Iban Quintana Teknikerreko ikertzaileak.

Zentro teknologikoak, proiektua koordinatzeaz gainera, zentroaren espezializazio-arloetan (gainazalen ingeniaritzan eta fabrikazio aurreratuan) integratutako teknologiak garatu ditu; hala nola, eskala mikrometrikoan garatu du polimeroen prozesaketa, inplantearen egitura tubularra (mikrokanalez osaturikoa) optimizatzeko xedez, jatorrizko nerbioaren geometria mimetizatuz.

Euskal zentroak, era berean, partzuergoko beste erakunde batzuek sintetizatutako polimero sintetikoekin eta naturalekin egin du lan, baita bien arteko nahasketekin ere, eta material berrien ezaugarri biofisikoetara egokitu ditu mikrofabrikazioko teknologiak.

Baliozkotze arrakastatsua animaliengan

Teknikerren teknologia berritzailearen bideragarritasuna eta eraginkortasuna baliozkotzeko, entsegu preklinikoak egin dira animaliekin (zehazki, arratoiekin). Hala, nerbio ziatikorako inplanteak jarri zizkieten, eta inplante komertzialekin baino emaitza hobeak lortu zituzten.

"Aurrerapenak bitarteko espezializatuetan argitaratuz, aitortza egiten zaio Teknikerren egiten ari den ikerketaren kalitateari, eta medikuntza birsortzailearen eremurako soluzioen garapena sustatzen da", gaineratu du Iban Quintanak.

Horren erakusgarri, Tekniker nerbio-giden fabrikazio-prozesu jasangarri bat diseinatzea pentsatzen ari da (Nerve Guidance Conduits: NGCs), bai eta biomaterialetan oinarritutako fabrikazio aurreratuko jarduerak erabiltzeko eta praktikan jartzeko gai izango diren profesionalen prestakuntza bultzatzea ere.

Teknikerren garapenek jarraitutasuna ematen diote NEURIMP proiektu europarrean irekitako ikerketa-lerroari. Bada, NEURIMP proiektua 2017aren amaieran amaitu zen, eta honako hauek osaturiko partzuergoa izan zuen bidelagun: Toledoko Paraplegikoen Ospitale Nazionala, Histocell euskal enpresa biofarmazeutikoa, Sheffield eta Westminster unibertsitate britainiarrak, Oserve aholkularitza-enpresa holandarra eta Vornia Biomaterials (Irlanda) nahiz Contipro (Txekiar Errepublika) biomaterialen enpresak.

Egitasmoa Europar Batasunaren Ikerketa eta Garapen Esparru Programaren zazpigarren edizioan kokatuta dago, eta, gainera, Europako Batzordeak kasu arrakastatsu izendatu zuen. Era berean, Tekniker Cervera bikaintasun-zentroa da lehentasunezko teknologian: hau da, material aurreratuetan (Surfera Sarea).

Proiektuak 3. Osasuna eta ongizatea eta 9. Industria, berrikuntza eta azpiegitura GJHetan eragiten du, garapen jasangarriaren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-zutabeei eta, azken batean, gizarte osoari laguntzen baitie.

This project has received funding from the European Community´s Seventh Framework Programme (FP7-NMP-2013-SME-7) under grant agreement no 604450.

PDF deskarga