Tekniker

Lan-ingurune moldagarri eta jasangarriak etorkizuneko industriarako

Data 10-10-2019 IK4-TEKNIKER Tags IoT .

A4BLUE ekimen europarrak, non IK4-TEKNIKER den buru, langileen premiei egokituko zaizkien automatizazio-mekanismoak garatu ditu. 4.0 Industria eszenatoki pilotutzat hartuta, pertsonen eta roboten elkarlaneko ingurune moldagarria instalatu da zentro teknologikoan

Gaur egun sektore batzuetan (esaterako, aeronautikan) dagoen lehiakortasuna eta etengabeko aurrerapen teknologikoak direla-eta, fabrikatzaileak behartuta daude produktibitate indizeak hobetzera eta malgutasun handiko produkzio-sistemak garatzera.

Sistema horiek guztiak langileen beharretara egokitzen direla bermatze aldera, IK4-TEKNIKER buru izanik A4BLUE proiektua gauzatzen ari den taldeak lantoki moldagarri eta jasangarrien belaunaldi berri bat garatu eta baliozkotu du, prozesuetan etengabe dauden aldaketa eta eskakizunei aurre egitea ahalbidetuko duena eta langileen ezaugarrietara egokituko dena.

A4BLUE proiektua 2016an abiatu zen, eta 2019ko irailean amaitu. Bada, egokitu ahal diren automatizazio-mekanismoak ekarriko ditu lana modu eraginkorrean eta malgutasunez egin ahal izateko, betiere, gizakien eta makinen interakzioa segurua dela bermatuta. Halaber, langileei laguntza emateko sistema pertsonalizatuak ere biltzen ditu proiektuak, errealitate birtual eta areagotuko sistemak dituena, muntaketa-prozesuko jardueretan laguntzeko.

Egokitzapena ez da automatizazio-mailan bakarrik gertatuko: lantoki osora hedatzen da, eta langileen premiei eta profilei egokitzeko xedea dauka. Hortaz, IoT arkitekturan (Internet of Things) oinarritzen da, uneoro produkzio-testuinguruaren berri izateko, inguruneko elementuen informazioa lortuta. Horren adibide dira, besteak beste, automatizazio-ekipoak, segurtasun-sentsoreak, pertsonak automatizazioarekin aritzeko gailuak ahots/keinuen bidez eta produkzio-kudeaketarako sistemak.

Era berean, produkzio-fabrika zein neurritan automatizatu behar den zehazteko metodologiak garatu dira proiektuan, eta langileen asebetetze-maila nahiz garapenak produkzio-sistema berrietan duen baliagarritasun-maila ebaluatzeko mekanismoak ezarri dira.

A4BLUE proiektuan lan egin duen partzuergoak lantoki berri horiek probatu ditu, lau toki errealetan: Airbus eta CESA aire-konpainien, Sistema Aeronautikoen Espainiako Konpainiaren (Héroux-Devtek taldearen atala), RWTH Aachen University izen handiko unibertsitatearen eta IK4-TEKNIKERen beraren instalazioetan. Bada, lantokiak baliozkotzeko ezarpen-pilotuak egin dira toki horietan.

Proba pilotuetarako lau eszenatoki

Hala, pertsonen eta roboten arteko lankidetzan oinarritutako ingurunea egokitu da IK4-TEKNIKERen instalazioetan, sektore aeronautikorako balbula bat muntatzeko. Fabrika digitalki eraldatzeko estrategiarekin lerrokatuta, robota langilearen ezaugarrietara egokitzeko mekanismoak, interakzio multimodalerako gaitasun-mekanismoak (ahotsa eta keinuak) eta muntaketa-lanak egiteko laguntza pertsonalizatua txertatu ditu zentro teknologikoak. Robotak, halaber, segurtasun aktiboko mekanismoak dauzka elkarlaneko ingurunerako, objektu bizigabeak eta pertsonak bereizi eta horren arabera portaera egokitu ahal izateko.

Airbusen, adibidez, hegazkin baten hegaleko panelean instalatutako sistema hidrauliko konplexu bat muntatu da. Bestalde, Europan ekipamendu fluido-mekanikoen arloan burua den CESAk (gaur egun, Héroux-Devtek Spain) hegazkin baten lurreratze-trenean erabiliko den eragingailu hidrauliko baten muntaketa optimizatu du.


This project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement n° 723828.



PDF deskarga

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu