IK4-TEKNIKERek parte hartuko du UPV/EHUko doktoretza-jardunaldietan

Data 06-07-2016 IK4-TEKNIKER Tags Jardunaldiak .

Zentro teknologikoko ikertzaileen lanak lehenengo 10 postuetan geratu dira, eta batzorde zientifiko baten aurrean defendatuko dituzte.

UPV/EHUko Master eta Doktoretza Eskolak 2016ko uztailaren 11n eta 12an antolatu ditu UPV/EHUko I. doktoretza-jardunaldiak, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Doktoretzako talentua sustatzearen alde egiten du IK4-TEKNIKERek, eta, egun, UPV/EHUko doktoretzako bi ikertzaile ditu taldean, aipatu jardunaldietan parte hartuko dutenak beren lanak batzorde zientifiko baten aurrean azaltzeko.

Lehenengoak, Borja Pozok, “Energy Harvesting to supply Wireless Sensor Networks” gaia jorratuko du jardunaldietan. Energy harvesting teknologiak ingurunean eskuragarri dagoen energia jasotzen du, sentsorizazio- eta komunikazio-sistemak elikatzeko.

Bateriekiko mendekotasuna ezabatzea eta sistema autonomoen edo wireless sensor networks delakoen bizitza-denbora areagotzea da xedea, eta, aldi berean, bateria batekin lortzen diren funtzionalitate berberak edukitzea.

Bestalde, “Potential and limitations of wind measurement based feedback-feedforward pitch control for rotor speed regulation in wind turbines” izenburua duen lana aurkeztuko du Kristine Txoperenak. Kontrol igarleari buruzkoa da, eta horren helburua da haizearen abiaduraren aldaketak igartzea, aerosorgailuaren egiturak jasan behar dituen zamak murrizteko. Lanak estrategia horren aukerak eta mugak aztertzen ditu, egun industrian erabiltzen diren teknika ez-igarleei dagokienez.

Hamar finalisten artean daude bi ikertzaileak, beren gaiak "Ingeniaritza eta Arkitektura" izendatutako blokean azaldu dituzten 56 doktoregairen artean.

Doktoretza-jardunaldien lehenengo edizioa

UPV/EHUn prestakuntzan dauden ikertzaileentzako topaleku gisa aurkeztu dira jardunaldi hauek, UPV/EHUko doktoretza-programa ezberdinetan garatzen den ikerketa-jarduera ezagutarazteko xedez, eta ikertzaileen arteko lankidetza sustatze aldera.

Jardueren egitarauak hitzaldiak, taulak eta mahai-inguruak konbinatu ditu, bi egunetan zehar.