Tekniker

IK4-TEKNIKERek eta iLine Microsystems enpresak I+G arloan lankidetzan aritzeko konpromisoa berritu dute

Data 22-05-2019 IK4-TEKNIKER

Euskal zentro teknologikoak ingeniaritzako eta I+Gko zerbitzuak emango dizkio enpresa donostiarrari, hemostasiaren eremuan.

iLine Microsystems enpresa gipuzkoarra aditua da Point of Care mediku-diagnosirako gailuak diseinatzen eta fabrikatzen, eta hemostasiaren arlo klinikorako aritzen da lanean. Bada, IK4-TEKNIKERekin zuen lankidetza-hitzarmena berritu du, eta, horren arabera, euskal zentroak ingeniaritzako eta I+Gko zerbitzuak emango dizkio iLine Microsystems enpresari, esklusibitate-araubidean, hemostasiaren sektorerako.

Atzo formalizatu zuten hitzarmena, enpresa donostiarrak Donostiako Teknologia Parkean dituen instalazioetan egindako protokolozko ekitaldi batean. Bertan, Alex Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak eta Iñaki Sadaba iLine Microsystems-eko zuzendari nagusiak hartu zuten parte.

Azken hamarkadan, mundu-mailako erreferente nagusietako bat bihurtu da iLine Microsystems enpresa, hemostasiaren arlo klinikoan Point of Care mediku-diagnosirako gailu berritzaileak diseinatzen eta fabrikatzen. Hala, Point of Care diagnostikoan dauden premiei irtenbidea ematea dute xede iLine Microsystems-ek eremu horretan egiten dituen ikerketek, terapia medikoen eta praktika klinikoaren eraginkortasuna eta segurtasuna nahiz pazienteen bizi-kalitatea hobetze aldera.

Enpresak eta zentro teknologikoak sinatu duten hitzarmenarekin, beste urrats bat eman da bi erakundeek 2015etik duten lankidetza-prozesuan.

Hitzarmenaren bidez, IK4-TEKNIKERek zeregin garrantzitsua beteko du iLine Microsystems enpresari teknologia transferitzeko misioan, eta, horri begira, hemostasiaren sektorean esklusiboak diren ingeniaritzako eta I+Gko zerbitzuak emango dizkio. Zentro teknologikoa aditua da teknologia garatzen, eta, besteak beste, honako hauek egiten ditu: sistema integratu fidagarriak, gailu medikoetarako hardwarea eta softwarea (IEC62304 eta IEC60601 mediku-araudien pean), ikuspen artifizial integratua, optoelektronika, multicore sistema fidagarriak, haririk gabeko komunikazioak eta zibersegurtasuna (gailu mediko seguruetarako UL2900 araudiaren pean).

Zehazki, kontzeptu-proben bideragarritasun eta garapen-ikerketak egingo ditu zentro teknologikoak, iLine Microsystems enpresaren produktuetan funtzionaltasun edo prestazio berriak txertatu ahal izateko. Gainera, produktuaren bertsio berrien garapenean ere parte hartuko du, eta aholku emango dio ekoizpen eta fabrikazio-prozesuetan.

Bestalde, akordioari esker, iLine Microsystems enpresak aurrera egin ahalko du bere berrikuntza-prozesuan, eta, hala nola merkatu estatubatuarra irekitzen lagundu duen zentro teknologikoaren laguntzarekin, aditu eta aholkulari teknologiko gisa jardungo baitu, toki bereizgarria hartu eta sendotuko du merkatuan.

PDF deskarga

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu