Fabrikazio-sistema erresilienteak, etorkizuneko fabrikazioa

Data 16-12-2021 Tekniker

R2M proiektuan, Tekniker makina-erremintaren sektoreko punta-puntako hainbat enpresarekin arituko da elkarlanean robotikan, automatizazioan eta kontrolean eta fabrikazio-prozesuetan oinarritutako teknologia garatzeko.

Duela urte batzuetatik, robotika funtsezko arlotzat jotzen da aurrerapen eta garapen teknologikoan. Roboten ezarpen handia duten herrialdeek eta enpresek lehiakortasun- eta produktibitate-maila handiak lortzen dituzte beren lehiakideekin alderatuta. Era berean, roboten prestazioen hobekuntzak (zehaztasuna, dinamika, komunikazioak, etab.) eta robot kolaboratiboen hedapenak robotikaren garrantzia sektore eta aplikazio berrietara zabaltzea eragiten dute.

Horrez gain, COVIDaren krisiaren ondorioz duela gutxi ikusi den beste premia bat dugu; fabrikazio-sistemak berriz konfiguratu behar dira, fabrikatzen ari zirenen oso bestelakoak diren produktuak fabrikatzeko. Hala, fabrikazio-sistema erresilienteak behar dira, berriz konfiguratu daitezkeenak, produktu berriak fabrikatu ahal izateko "retrofitting" garestietan inbertitu beharrik gabe. Robotikak malgutze horretarako katalizatzailea izan behar du.

Testuinguru horretan sortu zen R2M, "Flexible and Reconfigurable Manufacturing systems Based on Robot-Machine Collaboration" proiektua, SMARTPM buru duena eta makina-erremintaren sektoreko puntako enpresek parte hartzen dutena, hala nola SORALUCE, JUARISTI, FAGOR ARRASATE, FAGOR AUTOMATION, ALDAKIN, VIRTUALWARE eta AFM CLUSTER.

R2Mren helburu estrategikoa Automatizazio eta Robotika Adimenduneko Teknologien eta Fabrikazio Aurreratuko Teknologien integrazio onena bilatzea da, konponbide malguak eta berkonfiguragarriak eskaini ahal izateko eta bezeroarentzako balio-proposamena fabrikazio-sistema multifuntzionalak, erresilienteak eta etorkizunean eboluzionatzeko aukerak dituztenak izateko, berringeniaritzako inbertsio garestirik egin gabe.

Planteatutako helburuak lortzeko, bazkide parte-hartzaileek ZTBESko erreferentziazko zentro teknologikoen babesa izango dute, hala nola Tekniker.

Horrela, robotikan, automatizazioan eta kontrolean eta fabrikazio-prozesuetan duen ezagutzari esker, zentro teknologikoak ikuspegi globala emango dio proiektuari, eta hainbat bazkiderekin elkarlanean arituko da punta-puntako teknologiak garatzeko, hala nola, robot industrialen kontrol aurreratua FAGOR AUTOMATIONrekin, mekanizazio-aplikazioetarako roboten doitasuna hobetzea JUARISTIrekin, fabrikazio malguko zelulak garatzeko framework bat inplementatzea SMARTPMrekin, eta fabrikazio-zeluletarako simulazio errealista "Unity" teknologia ezartzea VIRTUALWARErekin.

R2M proiektua Eusko Jaurlaritzak finantzatu du, SPRIren bidez, I+G+B-ri laguntzeko Hazitek Estrategiko programaren bidez, 2021-23 aldian enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

PDF deskarga