Patologia neuromuskulueskeletikoak dituzten pazienteen bizitza hobetzeko eskumuturreko adimenduna

Data 17-01-2023 Tekniker

Biolektronikan oinarritutako teknologiarekin bizi-seinale nagusiak monitorizatzen dituen gailu bat garatzen ari da Tekniker

Biztanleria zahartzeak eta, horren ondoriozko mendekotasun-tasak handitzeak, etxean dauden pazienteen osasuna zaindu eta monitorizatzeko eskakizunarekin batera, egoera horiei aurre egiteko aukera emango duten sistema teknologiko berriak izateko premia planteatzen du.

Teknikerrek xede horrekin hartzen du parte Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroaren (CDTI) bidez finantzatutako IBERUS Cervera Bikaintasun Sarea proiektuan.

Ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-sareko lankidetza-estrategia bat abian jartzea da proiektu honen helburua, sistema neuromuskuloeskeletikoaren patologien eta alterazioen diagnostiko, pronostiko, tratamendu eta laguntzarako Smart Health Data (datu adimendunak osasunaren arloan) eraginkortasunez kudeatzeko.

Gailu mediko adimenduna, konektatua eta elkarreragingarria

Proiektu honetan, Tekniker soinean eramateko gailu bat optimizatzeaz arduratuko da, etorkizunean gailu mediko adimendun, konektatu eta elkarreragingarri bihurtuko dena.

Teknikerrek planteatutako soluzioa bizi-seinaleak monitorizatzeko plataforma bat da, eskumuturreko adimendun formakoa eta erabiltzailearen osasunari buruzko datu garrantzitsuak biltzeko gai dena. Datu horien artean daude elektrokardiografia, pulsioximetria, gorputzeko tenperatura eta jarduera fisikoa.

Garatutako sistemak Bluetooth bidezko komunikazioa du bizi-seinaleak eta urruneko beste metrika batzuk monitorizatu ahal izateko. Hala, espezialista sanitarioek nahikoa informazio izan dezakete ingurune kontrolatu batetik kanpo dauden pazienteen gaixotasunak edo istripuak prebenitzeko eta horien berri emateko, esaterako, ospitaletik kanpo dauden pazienteenak.

Zentro teknologikoa arduratu da erabilera medikorako soluzioa oso-osorik garatzeaz, bai hardwarea bai softwarea.  Horren ondorioz, IA on the Edge eta antzeko teknologiak eta komunikazio ziberseguruen protokoloak txertatu dira.

Halaber, gailu medikoak diseinatu eta garatzeko prozedurei jarraituz egin da garapena. Horien artean, ISO 13485 ziurtagiria nabarmendu behar da, Teknikerrek duena.

Zentroak muturreko teknologia du, kostu eta kontsumo txikikoa. Gailu hori erabilerraza izateko diseinatuta dago. Neurketa-sistema guztiz automatizatua da, erabiltzailearekin elkarreragin txikia izatea eskatzen duena.

Proba pilotua ingurune errealean

Ikerketa-taldeak aurreko abenduan egin zuen lehen proba pilotua ingurune erreal batean, hain zuzen ere, Bizkaiko adinekoen egoitza batean. “Lortutako emaitzak oso onak izan dira”, azaldu du Nerea Arandia Teknikerreko ikertzaileak.

Taldea, lortutako datuetan oinarrituta, gailuaren funtzionamendua optimizatzen ari da, 2023ko urtarrilaren amaierarako aurreikusitako hurrengo proba piloturako soluzioa hobetzeko helburuarekin.

Iberus ekimena (CER-20211003) ikerketa teknologikoko lau zentrotan egituratua dago, eta guzti-guztiek daukate espezializazio- eta bikaintasun-maila altua osasunaren sektorean. Honako hauek dira zentrook: Valentziako Biomekanika Institutua (IBV), Informazioaren eta Komunikazioaren Zentro Teknologiko fundazioa (CTIC), Gaztela eta Leongo Institutu Teknologikoa (ITCL) eta Tekniker.