ERLO Groupek eta Teknikerrek bat egin dute 4.0 Industrian

Data 23-03-2020 Tekniker

Zentro teknologikoa ERLO Groupekin lanean ari da INTERCEPTOR delako soluzioa garatzeko, alegia, erroskaren kalitatea denbora errealean kudeatzeko makina konektatu eta automatizatua.

Egun, industriaren bilakaerak ekipamenduak monitorizatzea ahalbidetzen du, Big Data bezalako teknologien bitartez, eta, horrenbestez, denbora errealean jakin dezakegu zein den ekipamenduen egoera eta zer nolako erroreak egon daitezkeen ekoizpenaren memento jakin batean. Horri esker, enpresetako ekipamenduak fidagarriagoak dira, eta piezen higadura ere neurtu ahal dutenez, erabakiak har ditzakete aldez aurretik.

Testuinguru horretan, ERLO Groupek, zulaketarako eta hariztatzeko produktibitate handiko soluzio pertsonalizatuetan adituak, antzeman du hariaren kalitateari buruzko informazioa izateak garrantzia handia duela hainbat sektoretako bezeroentzat, adibidez, automozio eta aeronautikakoentzat. Hari eskasek eragindako kalitaterik ezaren kostu altuek, batetik, eta hariaren kalitatea egiaztatzeko soluzio fidagarri eta eraginkorrik ez egoteak, bestetik, INTERCEPTOR bezalako sistemak erabiltzen hasteko beharra sortu dute. Informazio hori denbora errealean eta hodeian izanda, aurretiaz identifika daitezke kalitate eskasa duten hariak; ondorioz, ekoizpen-kateko kostuak murriztu eta eraginkortasun handiagoa lortuko da, besteak beste.

Tekniker, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea, ERLO Groupekin lanean ari da makina konektatu bat garatzeko. Makina horrek Big Data bezalako teknologiak integratuko ditu hariari buruzko informazioa biltzeko, eta produktuaren kalitatea kudeatzea du xede. Zehazki, hari-egiaztagailu bat da, datuak hodeian gordetzen dituena eta denbora errealean monitorizatu ahal dena. Hala, makinak informazio oso baliotsua emango die bezeroei, beren prozesuen eraginkortasuna hobe dezaten.

Zentro teknologikoak 4.0 Industrian eta makina konektatuetan duen know howa erabiltzen du soluzioak eskaintzeko eta ekipamenduak hobetzeko, sentsoreak erosi, prozesatu eta aztertuz. Izan ere, sentsoreek funtzionamenduan dauden anomaliak hautematen, diagnostikoa egiten eta eragin ditzaketen arazoak iragartzen laguntzen dute.

Proposamen teknologikoa da Teknikerren aktibo teknologikoa den SAM (Smart Asset Managemenet) plataforma egokitzea, datuak gordetzeko eta ondoren datuok aztertzeko. Plataformaz gain, erregistratutako informazioa konektatu, bildu eta biltegiratu beharko da datalogger baten bidez, ERLO Groupen eskura jartzeko; hala, makinok ekoizpena kontrolatzeko etorkizunean agertzen diren beste sistema batzuetan ere erabili ahal izango dira.

Hariaren kalitatea kudeatzeko ekipamendu berritzailea

Ekoizpen-katean akatsak dituzten harien hautemate goiztiarrari esker, ERLOk, eta enpresek, oro har, kostuak murriztuko dituzte, orain arte eskuz egin den lan bat automatizatuko baita. Halaber, proposamen teknologiko honekin, ekoizpen-kateak eraginkorragoak izango dira, kalitatea egiaztatzeko fasea laburragoa izango baita.

Hariei buruzko informazio garrantzitsua hodeian biltegiratzean, gainera, azkar eskura daiteke erabakiak hartzeko lagungarria den informazio garrantzitsu hori. Zentzu horretan, teknologia honek prozesuaren trazabilitateari buruzko informazioa izatea ahalbidetuko die enpresei, eta, istripurik gertatzekotan, segurtasuneko informazio garrantzitsua ere bai. Horrez gain, piezaren batek huts egiten duenean, arazoaren jatorria ezagutu ahal izango dute.

Proiektu honekin, berrikuntza teknologikoa sustatuko da ERLO Groupen produktu eta zerbitzuetan. Gainera, makina honek nabarmen lagun dezake Gipuzkoako taldearen bezero-zorroa dibertsifikatzen eta nazioartekotzen.

Elkarlan honekin, ERLO Groupek eta Teknikerrek ibilbide luzeko aliantza estrategikoa sortu dute, gakoa dena industria-ehun eraginkorragoa lortzeko eta, horrenbestez, herrialdearen hazkuntzan laguntzeko.

ERLO Groupi buruz

Egoitza Azkoitian duen ERLO Groupek 50 urtetik gorako esperientzia du zulaketarako eta hariztatzeko soluzioetan, eta urteotan nazioarteko erreferentea izan da arlo horretan. Halaber, prentsa hidraulikoak ere gehitu ditu bere eskaintza teknologikoan. Azken urteotan produktibitate handiko soluzio pertsonalizatu ugari garatu dira zulaketarako eta hariztatzeko prozesuetarako hainbat sektoretan, hala nola, Automozioan, Energian, eta, oro har, Makina-erremintan.

PDF deskarga