Energia termikoa metatzeko material berriak

Data 22-11-2019 Tekniker

CIC energiGUNE eta IK4-TEKNIKER elkarlanean dabiltza energia termikoa modu eraginkorrago, egonkorrago eta merkeagoan metatzeko material berriak garatuko dituen patente bat sortzen.

Energia termikoa modu eraginkor, egonkor eta merkean metatzeko premiaren aurrean, CIC energiGUNE energia-metaketaren arloko ikerketa-zentroa eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa elkarlanean dabiltza patente bat sortzen, energia termikoa metatzeko material berrien garapenari buruzko doktoretza-tesi partekatu baten esparruan.

Zehazki, eta unean-uneko premien arabera, RedOx erreakzioen bidez beroa energia modura metatzen edo askatzen duten kobaltozko eta nikelezko oxido mistoak garatzea ahalbidetzen duen patente batekin amaitu da bi euskal zentroen artean egindako ikerketa.

Aurretik egindako ikerlan batzuek erakutsi dutenez, erreakzio kimikoak dira energia termikoa metatzeko modu eraginkorrenetako bat. Zentzu horretan, RedOx erreakzioek daukate etorkizun oparoena, energia-dentsitate altua kudeatzeko gai direlako, energiarik galtzen ez dutelako eta materialak (eta, hortaz, baita energia ere) garraiatzeko aukera dagoelako.

Hala, kobaltozko oxidoa da teknologia honetan gehien erabiltzen den materiala, oso tenperatura altuko prozesuetan energia metatzeko erabil daiteke-eta.

Bada, honako berezitasun hau daukate kobaltozko eta nikelezko oxido mistoek: erreakzioaren tenperatura doitu eta modulatu egin daiteke, kobaltozko oxidoaren sarean sartzen den nikel-kopuruaren arabera, eta, horrela, 700 ºC-tik 850 ºC-ra bitarteko tenperaturen tartea estaltzen da.

Energia-iturri berrerabilgarriak

Ikerketa horri esker, iturri naturaletatik datorren energia termikoa metatu ahalko da; adibidez, eguzkitik datorrena edo askotariko prozesu kimiko bero-beroen hondar-beroa aprobetxatuta lortzen duguna. Horrela, energia-galera handiak saihestuko dira, eta, gainera, energia berreskuratu ez ezik, industria-jarduera horretatik kanpo edo prozesuaren barruan energia-iturria behar duen beste puntu batean berrerabili ere egin ahalko da.

Beraz, patentearen bidez garatu diren material berriak energia metatzeko erabili ahalko dira, hala CSP eguzki-zentraletan, nola tenperatura handiko prozesuak garatzen dituzten industria-jardueretan (esaterako, altzairu-fabrika batean).

PDF deskarga