Ekoizpenean integratutako metrologia automatizatu baterantz

Data 23-05-2023 Tekniker

Digitalizazioan eta automatizazioan izandako aurrerapenek aurrekaririk gabeko garapen teknologikoa eragin dute robotetan, makinetan eta prozesuetan neurtzeko tresnak eta erabilera-prozedura aurreratuak integratzeko.

Egileak: Unai Mutilba eta Gorka Kortaberria, Teknikerreko Doitasun eta Metrologia Taldeko ikertzaileak

Metrologiak eta sentsorika integratuak aukera ematen dute makinak eta prozesuak denbora errealean monitorizatzeko, datuak berehala edukitzeko eta produktuaren bizi-zikloan zehar kontrola eta trazabilitatea izateko, sorreratik hasi eta ingurune erreal batean aplikatu arte

Produkzio-prozesuen digitalizazioa dela eta, azken urteotan, prozesu industrialaren azken kate-maila izateari utzi eta fabrikazio aurreratuaren aliaturik onena bihurtu da metrologia, industria-eredu adimendunaren erronkei erantzuteko.

Trantsizio hori industria-sektore nagusien ekoizpen-eskaerak ari dira baldintzatzen: automobilgintza eta aeronautika.

Euskadin, doitasun-ingeniaritzako eta metrologiako oinarrizko ikerketaren arloko aurrerapenak Teknikerreko ikerketa-talde bat ari da egiten, Ideko, Tecnalia, Vicomtech, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU eta IMH Campusarekin lankidetza estuan. 

Baina, zer erronka ditu kontrolatu gabeko ingurune digital batean metrologia-jarduerak egiteak, esaterako produkzio-baliabide edo -prozesu batean?

Ziurgabetasuna eta trazabilitatea

Erronkaren tamaina ulertzeko, komeni da, lehenik eta behin, metrologiaren propietate nagusietako bitan gelditzea: neurketaren ziurgabetasuna esleitzea eta trazabilitate metrologikoa ziurtatzea. 

Neurketa-ziurgabetasuna honela definitzen da teknikoki: «neurketa-magnitude bati esleitutako balioen sakabanatzearen parametro ez-negatiboa». Aukera ematen digu neurketa-emaitza bat ematen dugunean zenbat huts egiten dugun jakiteko. 

Trazabilitate metrologikoaren kasuan, «neurketa baten emaitza erreferentziazko neurri batekin kalibrazioen etengabeko kate dokumentatu baten bidez erlazionatzeko aukera ematen duen propietateari» dagokio. 

Bi propietateak nahiko ondo kontrolatuta daude metrologia giro kontrolatuko laborategi batean egiten denean, baina ezin da gauza bera esan ekoizpen-ingurune batean gauzatzen denean.

Makinaren eta prozesuaren neurketa-ziurgabetasunean, ahalik eta maila baxuenean eta zentzuzko kostu ekonomikoan mantentzeko erronka dugu eta, are garrantzitsuagoa dena, kuantifikatzeko premia ere badugu. 

Ekoizpen-inguruneak prozesuan zehar metrologia mugatzen duten hainbat aldagai ditu, hala nola tenperatura, bibrazioen agerpena edo fabrikazio-prozesu batzuen zikinkeria. 

Horrez gain, metrologia fabrikazio-prozesuetan elementu aktibo gisa integratzeko behar adinako erantzun- eta zehaztasun-denboren eskakizuna bete behar da. 

Aurrekaririk gabeko garapen teknologikoa

Erronka horien aurrean, aurrekaririk gabeko garapen teknologikoa gauzatzen da neurketa-tresnak eta bitarteko eta prozesuetan erabiltzeko prozedura aurreratuak integratzeko. 

Adibidez, ekoizpen-prozesuak monitorizatzeko gai diren sentsore berriak garatzen dira; neurtzeko eta prozesatzeko prozedurak automatizatzen dira robot industrialetan tresnak erabiliz; eta metrologia egitea lortzen da makina-erremintekiko kontaktuarekin eta kontakturik gabe. 

 

Deskarga ezazu artikulu osoa.

PDF deskarga