Eguzki-kontzentratzaile esferiko handietarako tracking-sistema berritzaile bat

Data 07-04-2021 Tekniker

Tekniker tracking-sistema bat garatzen ari da, eguzki-energia termikoko instalazio-kontzeptu berri bat abiatu nahi duen proiektu baten esparruan.

Teknikerrek koordinatzen duen MOSAIC proiektu europarra azken etapara sartu da, ia 300 Kw-ko prototipo bat eraiki eta abiatuta.

Analisi-, diseinu- eta optimizazio-fasearen ondoren, zentro teknologikoak gidatu duen tracking-sistema bat instalatu da Zangozako (Nafarroa) Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren (CENER) instalazioetan.

Sistema zinematiko paralelo batean oinarrituta dagoen eta zortzi kablek eragiten duten jarraipen-sistema berritzaile horrek hargailu mugikorra lekualdatzen du, eta behar bezala kokatzen, hargailuak ispilu-eremuan kontzentratutako eguzki-erradiazioa har dezan.

Oraingoz, tracking-sistema martxan jartzeko eta doitzeko zain dago, beharrezko zehaztasuna lor dezan eta, horrela, hargailua behar besteko zehaztasunez koka dezan.

Datozen asteetan, partzuergoko kideek hargailua eta begizta termikoa instalatu eta abiatuko dituzte (fabrikatuta daude dagoeneko, konektatzeko prest), eta, azkenik, eguzki-eremua instalatuko dute. Azpisistema bakoitza baliozkotu eta gero, multzo osoaren probak egingo dira uda eta udazken partean.

MOSAIC proiektua

Ezarpen-kostu baxua eta, gaur egungo teknologiarekin alderatuta, eraginkortasun-maila gorenak dituen eguzki-energia termikoko instalazio-kontzeptu berri bat diseinatu, fabrikatu eta baliozkotzea da MOSAIC proiektuaren helburua. Bestetik, elektrizitatearen kostu normalizatua (LCOE) murrizteko balioko du.

Zehazki, eguzki-energia termikoko instalazioko moduluek kontzentratzaile esferiko finko eta berritzaile bat daukate ezarrita erdi Fresnel konfigurazio batean, baita begizta itxiko eragite-sistema duen hargailu mugikorra ere. Konfigurazio horri esker, sistemako zati mugikorren kopurua murrizten da, eta, ondorioz, eguzki-eremuaren kostua jaisten da, eguzki-kontzentrazioaren mailak altu edukitzeaz bat. Horrek lan-tenperatura altuak ziurtatzen ditu, eta, hortaz, baita ziklo termodinamikoaren efizientzia altuak eta bero-metagailuaren erabilera eraginkorragoa ere.

Tracking-sistemari buruzko informazio gehiago hemen.

This project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No. 727402