Azpiegitura handien hustuketa optimizatzeko adimendun sistemak

Helburua

Instalazio handiak jendez azkarrago hustea, alferrikako arriskuak saihesteko eta jendea arriskutik modu dinamikoan urruntzeko.

Emaitzak

Azpiegitura handietako larrialdi-egoeretatik modu azkar eta seguruenean irteteko ibilbidearen gainean erabaki autonomoak hartzen dituzten algoritmoetan oinarritutako plataforma bat garatu da, erabakia hartzeko unean benetako inguruabarrei begiratzen diena.

Hustuketa, adimendun sistemak, azpiegiturak

Harrapatuta egotearen sentsazioak nahasmendua sorrarazten du pertsonengan; are, batzuek izu-krisia ere izan dezakete, eta azpiegitura handiak husteko bideek (hala nola, eskailerek edo ateek) beren edukiera gainditzea eragin dezake horrek. Ondorioz, hustuketa galarazten edo moteltzen da.

Hala, fenomeno horietarako irtenbideak bilatze aldera, Tekniker-ek parte hartu du datuak biltzeko azken soluzioak eta analisiak egiteko, kudeatzeko eta erabakiak hartzeko gailu aurreratuak konbinatzen dituen adimendun sistema baten garapenean (gailu aurreratu horien artean, besteak beste, gertakariak detektatzeko algoritmoak, goi-mailako teknologiako kamerak (kamera termikoak eta hiperespektralak) eta seinaleztapen-gailu dinamikoak aurki ditzakegu).

Horri esker, sistema gai da larrialdi-egoeretan (adibidez, sute bat zabaltzen denean) gertatzen diren aldaketetara egokitzeko, eta gertakariari buruzko informazioa ematen du, denbora errealean, egoera kritikoetan erabakiak hartzea erraztearekin batera.

Probatu diren algoritmoek zenbait neurri parametrizatzen dituzte (hala nola, mugimendu arraroak eta adierazpen-keinuak), eta adierazle gisa erabiltzen dira horiek. Bada, adierazleokin, sistemak modu autonomoan erabaki dezake zein den larrialdi-egoera jakin batetik irteteko ebakuazio-bide azkar eta seguruena.

Bideozaintza-kamerekin, tokian dauden pertsonen mugimenduak eta keinuak identifikatzeko eta interpretatzeko gai da sistema, bai eta alarma-egoerak detektatzekoa ere, hustuketa-protokolo hoberena abiatzeari begira. Horrela, hustu behar den jendearen portaeraren jarraipena egiten du, informazio hori partekatzen du, eta pertsona horiek dauden tokiraino gidatzen ditu segurtasuneko langileak.

Halaber, sistemak seinaleztapen-elementu dinamikoak jartzen ditu ebakuazio-bideetan, harrapatuta dauden pertsonak irteera onenerantz gidatzeko. Tekniker-ek, bada, erraz instalatzen den eta energia gutxi kontsumitzen duen haririk gabeko komunikazio-sistema seguru eta eraginkor hori garatu du, zeina esparruko hormetan, ateetan eta lurzoruetan jartzen diren hiru koloreko (berdea, horia eta gorria) gailu argidunek osatzen duten. Seinale horiek unean-uneko ebakuazio-bide aktiboenera (seguruenera) bideratzen dituzte harrapatuta geratutako pertsonak. Horrela, hustuketa-denbora murrizteaz gain, eremu arriskutsuak sahiesten eta ebakuatutakoak une oro salbu edukitzen laguntzen da.

Irtenbidea, zeinak, aurreikuspenen arabera, ekitaldi masiboak eta toki publikoak %25 azkarrago hustea ahalbidetuko duen, arrakastaz probatu da Bilboko metroaren geltoki batean, Errealaren futbol-zelaian, Atenaseko aireportuan eta munduko gurutzaontzi handienetako batean (STX Saint Nazaire enpresak eraiki du).

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu