Ahots bidezko hizkuntza naturalean oinarritutako soluzioa, mantentze-lan industrialerako

Data 07-03-2022 Tekniker

IMH - Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren Campuseko irakasle eta ikasleak Teknikerren instalazioetara etorri dira, ahots bidezko hizkuntza naturalean oinarritutako soluzioen bitartez roboten mantentze-lanak egitearekin zerikusia daukan arazo-/egoera-multzo bat ebaluatze aldera.

Industrian prozesu batzuen produktibitatea erraztu eta hobetzeko asmoz, Vicomtech, UPV/EHU, Ikor, IMH, UZEI eta Teknikerrek osatutako partzuergo bat teknikarien eta makinen artean elkarreraginean aritzeko mekanismoak garatzen eta ezartzen ari da, industria-ekoizpeneko makinekin hizkuntza naturalaren bidez aritzeko interakziorantz beste urrats bat emateko.

Hala, EKIN izeneko proiektuaren esparruan, Vicomtech, UPV/EHU eta Teknikerrek elkarrizketazko laguntzaile bat garatu dute, eskuliburu teknikoetako informaziora modu interaktiboan iritsi ahal izateko, Question Answering eta elkarrizketa-sistemen teknologia aurreratuak konbinatuz.

Zehazki, Teknikerrek laguntzailearen osagaietako bat garatu du. Elkarrizketa naturaleko sistema bat da, eskuliburu teknikoetan azaltzen diren prozedurei buruzko teknologia semantikoetan oinarritzen dena. Bada, sistema horrek teknikariei euskarri emango die bai prozedurazko lanetan, bai informazio-bilaketan. Horretarako, eskuliburu teknikoak bildu eta etiketatzea izan da jarduera giltzarrietako bat.

EKINen laguntzaile naturalaren kalitatea eta baliagarritasuna mantentze-ingurune batean baliozkotu eta ebaluatzeari begira, IMH - Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren Campuseko irakasle eta ikasleak Teknikerren instalazioetara bertaratu dira, roboten mantentze-lanekin zerikusia duten arazo-/egoera-multzo bat baloratzeko.

Robotak eskuliburuetako informazioarekin lotuta daude, eta, beraz, EKINen laguntzaile naturalarekin elkarreraginean arituz, planteatutako arazoak konpontzeko behar den informazio guztia lortzen saiatu dira bertaratuak, informazioa eskuliburuetan bilatzeko joera tradizionalera jo beharrik gabe.

Erabiltzaileak (kasu honetan, irakasleak eta ikasleak) ahots bidezko hizkuntza naturalean aritu dira, eta laguntzaileak pantailan erakutsi die informazio garrantzitsuena.

Esperimentazio horri esker, EKIN proiektutik espero zen emaitza nagusietako bat ebaluatu ahal izan da: eskuliburu teknikoetan oinarritutako mantentze-lanetan laguntzeko soluzioa.

EKIN proiektuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, klikatu hemen.