IK4-TEKNIKERek elkarlaneko robotikan dituen gaitasunak erakutsiko ditu Basque Industry 4.0ren III. edizioan

Zentro teknologikoak IK4ren standa edukiko du, eta pertsonekin lan egiteko gai den elkarlaneko robotikaren prototipoa erakutsiko du.

IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoa Basque Industry 4.0 ekitaldiaren III. edizioan egongo da bihar. Bertan, elkarlaneko robotikan dituen gaitasunak erakutsiko ditu, fabrikazio-inguruneetan pertsonekin elkarreraginean aritzeko diseinatu den prototipo bat erakutsiz.

IK4 standean egongo da entitatea, eta, bertan, benetako ekoizpen-eszenatokietako moduluzko ezarpenak, ezarpen malguak, ezarpen efizienteak eta ezarpen seguruak garatzeko erramintak dituen prototipo batekin elkarreraginean aritu ahal izango dira bisitariak.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKTen) azken aurrerapenetan bermatzen da zentroak garatu duen diseinua, pertsonen presentzia hauteman ahal izateko, objektuak ezagutu ahal izateko, keinuak hauteman ahal izateko eta ibilbideak modu dinamikoan egin ahal izateko.

IK4-TEKNIKERek elkarlaneko robotikan duen eskaintzaren zati da aipatu prototipoa. Elkarlaneko robotika giltzarria da 4.0 Industria delakoa sustatzeko orduan, eta 4.0 Industria industria-fabrikazioko paradigma berria da. IKTak ekoizpen-inguruneetan integratzean dago oinarrituta hori, eta lantegi adimendunak eraikitzeko xedea dauka.

Irtenbide aurreratuen garapenean ibilbide oparoa duenez egina, bai robotika industrialaren eremuan, bai fabrikazio aurreratuan, zentro teknologikoa erreferente bilakatu da robot autonomoen eta adimendunen belaunaldi berriaren ikerketan eta diseinuan.

Horretarako, sentsoreen bidez datuak eskuratzeko eta datu horiek prozesatzeko gai diren irtenbide robotikoak diseinatzeko soluzioak bilatzen ditu IK4-TEKNIKERek, jokaera adimentsuagoz eta elkarlaneko inguruneko lan-baldintzei egokitutako jokaeraz hornitzeko horiek.

Basque Industry 4.0, etorkizunari begira

Basque Industry 4.0 jardunaldia bihar egingo da, Donostiako Kursaal jauregian, eta egungo industria-prozesuetan teknologia elektronikoak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeak dakarren inpaktuaren gainean eztabaidatzea eta horren gaineko gogoetak partekatzea sustatzeko xedea dauka.

Industria-sektoreko euskal enpresak elkartzeko topaketa da jardunaldia, bai eta fabrikazio-prozesuak digitalizatzeari buruz eztabaidatzeko gunea ere, tailerrak, erakusketak eta hitzaldiak hartuko dituen egitarauaren bidez. Bestetik, teknologiak enpresa-ehunduraren jardueran arrakastaz ezarri diren kasuak era azalduko dira.

Eusko Jaurlaritzaren SPRI enpresa-garapenerako agentziak antolatu du topaketa, eta laugarren industria-iraultzan sakontzeko asmoa dauka, teknika sofistikatuagoen bidez; hala nola, fabrikazio gehigarriaren, errealitate gehituaren, big data-ren edo zibersegurtasunaren bidez.

PDF deskarga