4.0 Industria lan-munduratzea errazteko

Data 22-02-2022 Tekniker

Tekniker zentro teknologikoa teknologia berrietan oinarritutako lan-munduratzeko proiektu bat ari da koordinatzen fabrikazio aurreratuaren inguruneak edozein pertsonaren gaitasunetara egokitzeko.

EINek 2021eko abenduan argitaratutako datu berrienen arabera, 1.933.400 ziren Espainian laneko adinean (16 eta 64 urte artean) zeuden eta desgaitasuna zuten pertsonak. Horietatik % 34,3 (663.900) baino ez ziren pertsona aktiboak. Gainera, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Enplegu Txostenaren arabera, industria da desgaitasunen bat duten pertsona aktibo gehien biltzen dituen sektoreetako bat.

Testuinguru horretan, fabrikazio-teknologia berriak bultzatzeak, hala nola errealitate areagotua edo elkarlaneko robotika, are gehiago erraztu dezake kolektibo hori lan-munduratzea, lan askotan jakineko langile baten eta langile oso espezializatuaren profila eskatzen duen sektore batean.

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den Tekniker zentro teknologikoa, gisa horretako soluzio aurreratuetan eta industrian duten aplikazioan ezagutza handia duena, CMT4ALL (Collaborative Manufacturing Tasks for All Workers) Europako proiektua koordinatzen ari da 4.0 fabrikazioaren egoera desberdinetan modu moldakorrean txerta daitezkeen elkarlaneko teknologiak garatzeko helburuarekin.

“Gure helburua industriako lanpostuetarako sarbidea errazteaz gain, langileei trebakuntza jasotzeko eta trebetasun berriak lortzeko aukera ematea ere bada, pixkanaka-pixkanaka teknologia batzuekiko lankidetzaren mendekotasun txikiagoa izan dezaten”, azaldu du Johan Kildal Teknikerreko ikertzaileak.

Horretarako garatutako lankidetza-teknologiak elkarlaneko robotika, errealitate areagotua, komunikazio naturalerako interfazeak (ahotsa eta keinuak) eta ikusmen eta adimen artifiziala izango dira. Nabarmentzekoa da helburua ez dela konfigurazio jakin bat duen fabrikazio-zelula bat sortzea, askotariko ekoizpen-eragiketak egiteko garatutako teknologiak integratzeko aukera emango duen diseinu modular bat sortzea baizik, profil desberdineko langileei horietara sartzea errazteko. Hori lortzeko giltzarrietako bat guztiontzako diseinua da. Horren bidez, langileak teknologiarekin lankidetzan aritzeko eskuratu behar duen ezagutza berria minimizatu nahi da; adibidez, robota programatu beharrean hitz egiteko aukera ematen zaio; bestalde, langileak eskatzen dituen trebetasunak osatu nahi dira, pertsona bakoitzaren profilaren arabera desberdinak izan daitezkeenak.

Horrela, “design-for-all” (guztientzako diseinua) kontzeptuaren bidez, industrian langile lan-kontratudunak eskuratzeko eredu tradizionala aldatzea lortuko du proiektuak, profil bakoitzaren baldintza eta gaitasunetara egokitzen diren tresnen bidez. 

Batetik, enpresen lan-inguruneak malguagoak izateko erronkari erantzuten dio proiektuak eta, gizartearen ikuspegitik, bere kide guztiak jarduera ekonomikoan sartzea erraztuko du zelulak, aukera-berdintasuna sustatuz.

Azkenik, lan-zelula baliozkotzeko eta probatzeko, ekimenean hiru erabilera-kasu garatuko dira proiektuko bazkideen laguntzarekin: ADTPn (Frantzia) produktuak prestatzeko agertoki bat, adimen-desgaitasuna duten langileekin, INPrekin (Grenobleko Unibertsitatea) batera garatua; igogailuak muntatzeko beste gune bat KLEEMANNen (Grezia), LMSrekin (Patrasko Unibertsitatea) batera garatua; eta tamaina txikiko piezak egiteko azken ingurunea ALFA MIM-TECHen, desgaitasun fisikoa duten langileekin, Teknikerrekin batera garatua.

Azken kasu horretan, Tekniker buru-belarri ari da lanean ALFA MIM-TECHrekin ekoizpen-prozesuaren zati batean langileen ergonomia fisikoa nahiz kognitiboa hobetzeko. Zentro teknologikoa arazoari aurre egiten ari da, bi besoko robot batean oinarritutako zelula bat garatuz. Robot hori langilearekin lankidetzan arituko da eragiketaren alderdi gogorrenetik libre uzteko. Robotak ikusmen-sistema sofistikatua izango du eta, adimen artifizialaren bidez, langileak egiten dituen ekintzak monitorizatuko ditu haren lan-erritmora egokitzeko. Robotak, gainera, egindako lan guztiaren kalitatea kontrolatuko du eta, langileak akatsen bat egin duela antzematen badu, harekin harremanetan jarriko da akatsa elkarrekin konpontzeko. Ondoriozko prozesuak trazabilitatea izango du egindako eragiketa guztietan.

Elkarlaneko robotika, errealitate areagotua, adimen artifizialarekin konbinatutako ikusmen artifiziala edo interakzio naturaleko interfazeak izango dira industria-inguruneetan aplikatuko diren teknologia nagusiak.

CMT4ALL (Collaborative Manufacturing Tasks for All Workers) EIT Manufacturing-ek finantzatutako Europako proiektu bat da, Teknikerrek koordinatua eta Frantzia, Grezia eta Espainiako bazkideen partaidetza duena.

PDF deskarga