Teknikerrek segurtasunez eta eraginkortasunez gidatzeko azken aurrerapenak eramango ditu Go Mobility-ra

Data 26-04-2022 Tekniker

Zentro teknologikoak elektromugikortasunari buruzko nazioarteko biltzarrean parte hartuko du. MUBILek antolatu du, eta apirilaren 27an eta 28an egingo da FICOBA azoka-esparruan, Irunen.

Administrazio publiko eta pribatuek gero eta gehiago sustatzen dute ibilgailu elektrikoen erabilera,  eta, horren ondorioz, Go Mobility nazioarteko azokaren edizio berria ingurune erakargarria da mugikortasun jasangarri, eraginkor eta seguruari buruzko azken soluzioak aurkezteko, gidatzearen orainaldiari nahiz etorkizunari begira.

Zentzu horretan, Tekniker euskal zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide denak eta bere gaitasun teknologikoak gorantz egiten ari den eremu honetarako soluzioak garatu daitezen baliatu nahi dituenak, elektromugikortasunean egin dituen azken aurrerapenak eramango ditu forora, hiru erakusgairen bidez. Erakusketa-gunean ikusi ahalko dira, FICOBA azoka-esparruko 3. pabiloiko 3-04 standean, apirilaren 27an eta 28an.

"Automobil-sektorean, mugikortasun eraginkor eta jasangarriago baterantz jauzi egiteko benetako premia dago. Ibilgailuetarako osagaiak garatzen dituzten enpresa asko elektronika integratu nahian dabiltza, e-mugikortasuneranzko lasterketan atzean gera ez daitezen. Bada, Teknikerrek enpresa horiei lagundu diezaieke, automobilgintzarako garapen elektroniko txertatuan dugun eskarmentu handiarengatik", azaldu du Nerea Arandia Teknikerreko Elektronika Unitateko zuzendariak.

Gidariaren nekea detektatzea

Teknikerrek Go Mobility 2022n aurkeztuko duen erakusgaietako bat gidariaren betazalaren egoera ezberdinak detektatzeko sistema berritzaile bat izango da, adimen artifizialeko teknologiak erabiltzen dituena.

"Begia denbora-tarte jakin batez itxita badago, sistemak alarma bat joko du, gidariari logura hauteman diola ohartarazteko eta, horrela, nekearen ondoriozko istripuak saihesteko", gaineratu du Arandiak.

Zehazki, Teknikerren erakusgaiak pantaila bat dauka, altuera eroso batean kokatuta, interesa izan dezaketenek emaitzak ikusi ahal izan ditzaten. Bestetik, begien kliska detektatzeko kamera bat eta pantailari nahiz adimen artifizialeko sistema txertatuari eusteko oinarri bat dauzka.

Motor eta inbertsore elektrikoak

Bestalde, zentro teknologikoak motor elektrikoaren eredu jasangarri eta eraginkorrago bat erakutsiko du nazioarteko azokan. Zentroak berak garatu du oso-osorik, Weevil proiektu europarraren esparruan.

Sistemak diseinu trinkoa dauka, eta osagai bakar batean integratzen ditu hainbat osagai, tamaina txikian. Horrek ibilgailuaren osagai-kopurua murrizten du, eta, ondorioz, ibilgailuaren pisua txikiagoa da, barruan toki handiagoa edukitzearekin batera.

Horretaz gain, Teknikerrek inbertsore elektriko baten prototipoa aurkeztuko du Go Mobility-n, neurrirako potentzia duten ekipo elektronikoak garatzeko duen gaitasuna erakusteko.

"Inbertsoreak siliziozko karburoarekin egindako erdieroaleak dauzka, eta, teknologia horri esker, mugikortasun elektrikoan erabiltzen diren potentzia-bihurgailuen eraginkortasuna areagotzen da, eta tamaina txikitzen. Gaur egun, mugikortasunari dagokionez, trakzio-inbertsoreetan eta DC kargadun estazioetan txertatzen dugu teknologia hori, baina beste sektore batzuetan aplika daiteke; hala nola, energian edo industrian", zehaztu du Arandiak.

Go Mobility-ri buruz

Go Mobility azoka nazioarteko egitasmo bat da, eta MUBIL fundazioak sustatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Hirugarren edizioan, mugikortasun berriaren ekosistema osoa elkartuko du berriro ere, apirilaren 27an eta 28an, FICOBA azoka-esparruan, sinergia eta aukera berriei bultzada emateko asmoz.

PDF deskarga