Teknikerrek parte hartuko du “Deep Dive Osasun Digitala eta Gailu Medikoak” jardunaldietan

Data 02-12-2021 Tekniker

Zentro teknologikoak “Pre-compliance testing lab” aktiboaren erakustaldia egingo du “Deep Dive Osasun Digitala eta Gailu Medikoak” jardunaldian, Basque Digital Innovation HUB-ren esparruan.

Basque Digital Innovation HUBek lankidetza publikoko sare bat sortu du, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta enpresetako I+G unitateek osatuta, eragile horiek beren gaitasun zientifiko-teknologikoak eta aktibo teknologikoak (azpiegiturak, laborategiak, ekipamendua eta softwarea, besteak beste) industria-sareari ezagutarazteko aukera izan dezaten.

Hain zuzen ere, aktibo teknologikoen bateratze-lana sustatzeko, “Deep Dive” izeneko jardunaldiak egingo dira. Jardunaldi horietan, enpresek, batez ere ETEek, aktibo teknologikoak nahiz BDIH osatzen duten eragileak zuzenean ezagutzeko aukera izango dute, horien arazoei irtenbideak aurkitu ahal izateko.

Jardunaldi horietan aktibo jakin batzuen erakustaldiak egingo dira denbora errealean, eta zenbait prozesu eta produktutan soluzio teknologikoak txertatzeko aktibo horien erabilera erakutsiko duten benetako erabilera-kasuak azalduko dira.

Pre-compliance testing lab

Testuinguru horretan, Teknikerrek “Pre-compliance testing lab” izeneko aktibo teknologikoa aurkeztuko du. Aktibo horrek osasun-produktuen diseinu integrala eskaintzen du, gailu medikoen berariazko araudiekin bat datorrena (ISO 13485, IEC62304, IEC 60601, ISO 14971, UL2900), hardwarea, softwarea eta komunikazioak barne. Gainera, IEC 60601 arauarekin bat datorren barne-probarako gaitasuna du, eta industrializatzeko egiaztatutako laborategietan homologatzeko laguntza.

Aktibo horrek ekipamenduak eta osagaiak hartzen ditu; adibidez, tenperaturaren eta hezetasunaren ingurumen-baldintzak simulatzeko aukera ematen duen ganbera klimatikoa, diseinatutako ekipamendu elektronikoek hainbat ingurunetan funtzionatzen dutela egiaztatzeko.

Halaber, aktiboa hainbat bibrazio-baldintza simulatzen dituen saiakuntza-banku batean eta diseinuen sendotasun-maila aztertzeko erorketa- edo inpaktu-baldintzen erreprodukzio partzialean oinarritzen da.

Bateragarritasun elektromagnetikoko saiakuntzak aktiboaren funtsezko osagaiak dira prozesamendu digitaleko gailu medikoen garapen elektronikoko beharrei erantzuteko aukera ematen dutelako eta, gainera, sistema eragileekin eta komunikazio-sistemekin integratzeko aukera ematen dutelako.

Jardunaldiari buruzko informazio gehiago hemen