Teknikerrek parte hartu zuen Go Mobility azokan

Data 13-03-2020 Tekniker

Tekniker asko nabarmendu zen mugikortasun jasangarriari buruzko ekitaldiaren bigarren edizioan, zeina martxoaren 11n eta 12an egin zen, Irungo Ficoba azoka-esparruan.

Tekniker, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea, asko nabarmendu zen Go Mobility azokaren bigarren edizioan. Ekitaldi hori erreferentziazko topalekua da Europako hegoaldeko profesionalentzat, mugikortasun jasangarriari eta energia-metaketari dagokienez. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du azoka, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta martxoaren 11n eta 12an egin zen, Irungo Ficoba azoka-esparruan.

Bigarren edizio honetan, zentro teknologikoak potentzia-elektronikako ekipoetan eta motor elektrikoetan dauzkan soluzioak erakutsi zituen, 3. pabilioiko 3-04 gunean. Zehazki, azken urteotan egindako aurrerapenak irudikatzeko balio izan zuten bi gailu aurkeztu zituen. Azpimarratu beharra dago Teknikerrek automobilgintzaren sektorea eraldatzeko alorrera bideratzen duela bere espezializazioaren eta garapen teknologikoaren zati bat.

Neurrirako potentziadun elektronika

Teknikerrek silizio-karburozko (SiC) erdieroaleak dauzkan lau fasedun inbertsore bat aurkeztu zuen, ibilgailu elektrikoen erreluktantzia kommutatudun motorrak kontrolatzeko balio duena. Ekimen horrekin, neurrirako potentziadun elektronikako ekipoak garatzeko duen gaitasuna erakutsi nahi izan zuen.

Erdieroale horien ezaugarriei esker, galerak murriztu, kommutazio-maiztasuna areagotu eta korronte-harmonikoak gutxitu daitezke. Hori dela-eta, sistemaren eraginkortasuna handitu eta bolumena gutxitu daitezke.

Bada, mugikortasunean (trakzioan edo zama-azpiegituran) erabiltzen diren bihurgailuetan ez ezik, energia-sorkuntzan eta -metaketan edo makina elektrikoak kontrolatzea eskatzen duten aplikazioetan ere erabil daiteke.

Motor elektriko eraginkorra

Ingurumenarekin duen konpromisoa berresteko asmoz, Teknikerrek erreluktantzia kommutatua eta zeharkako fluxu eraginkor, fidagarri, irmo, merke eta jasangarriagoa dituen motor elektriko baten eredua erakutsi zuen, zentroan bertan oso-osorik garatua. Weevil proiektu europarraren esparruan sortu zen ideia (ohiko auto baten diseinu trinko, eroso eta segurua daukan hiru gurpildun ibilgailu elektriko bat garatu da proiektu horretan).

Automobilgintzarako eta trenbideen sektorerako pentsatu den sistema honek diseinu trinkoa dauka, osagai bakarrean biltzen baititu hiru elementu nagusiak: makina elektrikoa, abiadura-erreduktorea eta bihurgailu elektronikoa.

Duen egituraren ondorioz, motorraren pare-dentsitatea areagotzen da, eta, aldi berean, ibilgailuaren transmisioa soiltzen, iman etengaberik erabili beharrik gabe. Halaber, neurri txikia edukita, osagai gutxiago daude, eta, beraz, gutxiago pisatzeaz gain, ibilgailuan toki gehiago dago.

Mugikortasun jasangarri, irisgarri eta konektatuago baterako bidean

Mugikortasunaren eta energia-metaketaren sektorean egindako azken berrikuntzak aurkezteaz gain, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egin ziren azokan, eta, horietan, mugikortasun jasangarriaren eta energia-metaketaren arloko fabrikatzaileek, hornitzaileek eta profesionalek hartu zuten parte, ikerketa-zentroekin batera (horien artean, Tekniker egon zen).

Zentzu horretan, mugikortasun berriaren arloko askotariko aktoreen arteko loturak estutzeko balio izan zuen Go Mobility azokaren bigarren edizioak, zeinaren erronka alternatiba jasangarri, irisgarri, seguru eta konektatuagoak sortzea den.