Teknikerrek Metromeet biltzarraren 16. edizioan parte hartuko du

Data 02-03-2020 Tekniker

Zentro teknologikoak sistema robotikoen kalibrazioari buruzko hitzaldia emango du, aplikazio zorrotzei (mihiztadura, ikuskatzea, muntaketa) erantzutea helburu duena, doitasuna ezinbestekoa denean.

Bilboko Euskalduna Jauregiak Metromeet biltzarraren 16. edizioa hartuko du martxoaren 3tik 5era, hots, Metrologia Industrial Dimentsionalari buruzko Nazioarteko Konferentzia; aurten honako hauetan zentratuta dago: metrologia adimenduneko aplikazio errealetan, tresnerian eta kalibrazio aurreratuan, metrologian, 4.0 Industrian eta metrologia dimentsionaleko soluzio berrietan.

Innovalia Taldeak antolatutako biltzarra erreferentea da nazioartean, metrologiaren eta industriaren alorrean duen garapenaren arloan. Hala, nazioarteko hizlariak egongo dira, eta egun enpresek metrologia adimenduneko teknologiak erabiltzeak izango lituzkeen abantailak balioesteko orduan dituzten erronkei buruz mintzatuko dira.

Aurten ere Teknikerrek biltzarrean parte hartuko du, sistema robotikoen doitasunari buruzko hitzaldiarekin. Sistemok aplikazio zorrotzetan erabiltzeko dira, non sistema horien errepikagarritasuna nahikoa ez den, mihiztaduran, ikuskatzean eta muntaketan kasu.

Zehazki, zentro teknologikoak soluzioak aurkeztuko ditu, sistema robotikoak erabiltzen direnean posizionamendu bolumetrikoaren doitasuna bermatzeko. Helburu nagusia da sistema industrial hauen prestazioak hobetzea, doitasuna ezinbestekoa den aplikazio zorrotzetan egoki erantzun ahal izateko.

Halaber, soluzio hauen kostua murrizte aldera, robotaren posizioa monitorizatzen duten kanpoko neurketa-sistemak saihestu nahi dira. Horretarako, robotaren kalibrazio zinematikoa erabili nahi dute, prestazio bolumetrikoak hobetzeko, bai posizionamendu estatikoari bai dinamikoari dagokionez; hala, horien emaitzak eta prestazioak nabarmen hobetuko dituzte.

Metromeet biltzarra

Metromeet profesionalei, unibertsitateetako irakasleei eta industria-sektoreko enpresen erabiltzaileei zuzendutako biltzarra da. Bertan, mantentze lan prediktiboa edo elkarreragingarritasuna bezalako gaiak jorratuko dira, garrantzia handia dutenak produkzio optimizatu digitalera salto egin nahian dabiltzan enpresentzat.

Gainera, goi-mailako teknologiari buruzko edukiez gain, ekitaldiak aukera ematen du industriaren arloko profesionalek eta enpresetako ordezkariek networking egiteko.

Informazio gehiago

Informazio gehiago izateko, sar zaitez Metromeet biltzarraren webgunean.