Teknikerrek martxan jarri du Tekniker Sharing Events

Data 08-10-2020 Tekniker

Marka horrekin, zentro teknologikoak zenbait web-mintegi jarri ditu martxan, ezagutzak partekatzeko eta I+G+B zabaltzen laguntzeko xedearekin.

Prozesuen digitalizazioa bizkortzea da COVID-19ak eragindako agertokiaren ezaugarri nagusietako bat. Aldaketak egokitu behar dira, Internet bidezko plataformek pisu handia hartu dute eta zentro teknologikoak bat egin du eraldaketa digital honekin.

Hala, Basque Research and Technology Alliance partzuergoko kide den Teknikerrek zenbait web-mintegi jarri ditu martxan, Tekniker Sharing Events markaren bitartez, ezagutza teknologikoak partekatzeko eta I+G+B zabaltzen laguntzeko xedearekin.

Web-mintegiak datorren asteartean, hilak 13, hasiko dira, eskala handiko metrologiari buruzko aurkezpenarekin. Mintegiak gai askotarikoak izango dira, hala nola, industriaren mantentze-lanak, automatizazioa eta robotika, gainazalak eta materialak, edo ikuskatzea eta neurketa. Teknikerrek ibilbide esanguratsua egin du arlo horietan, eta mintegietako hizlariak zentro teknologikoko arduradunak izango dira, bakoitza dagokion arloan.

Internet bidezko ekitaldi hauek doakoak izango dira; ordu erdi iraungo dute eta astero egingo dira, astearte eta ostegunetan, 15:00etatik 15:30era. Web-mintegi hauen bitartez, zentro teknologikoak dibulgazio zientifiko-teknologikoarekin hartua duen konpromisoa sendotu nahi du.


Ikusi urte bukaerara arte antolatutako ekitaldi guztien egutegia