Tekniker polipoak detektatzeko gailu berritzailea garatzen laguntzen ari da

Data 19-05-2020 Tekniker

Euskal zentroa Universitat Pompeu Fabra unibertsitatearekin eta MiWEndo Solutions enpresarekin lan egiten ari da gailu berria garatzeko, endoskopioen sistema optikoak osatuko dituena, mikrouhinen metodo berritzailearen bidez. Zentroak prototipoa diseinatu eta garatuko du, edozein endoskopiorekin erabili ahal izango dena; horri esker, froga mediko horren eraginkortasuna hobetuko da.

Espainian, kolon eta ondesteko minbizia da gehien diagnostikatu den minbizia: 2017an, 34.300 pertsona baino gehiagori diagnostikatu zitzaien gaixotasun hori, hau da, minbizia diagnostiko guztien, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Behatokiaren arabera. Prebenitu daitekeen gaixotasuna da; horretarako, detekzio goiztiarra behar da (eginkarietan odola dagoen egiaztatu behar da), eta polipoak kendu behar dira, halakoak minbiziaren aurrendariak baitira. Egun, gaixotasuna detektatzeko modurik eraginkorrena kolonoskopia da, baina proba horretan ez da beti ikusten, eta polipoen %22 ez da detektatzen.

Proba diagnostiko horren eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker Bartzelonako Universitat Pompeu Fabra unibertsitatearekin eta MiWEndo Solutions enpresarekin elkarlanean ari da gailu mediko berri baten prototipo funtzionala garatzeko; gailu hori gai izango da kolonean polipoak detektatzeko, mikrouhinetan oinarritutako teknika berritzaileari esker. MiWEndo proiektuaren arduradun Marta Guardiolaren hitzetan, mikrouhinak “gai dira polipo gaiztoak detektatzeko eta, automatikoki, koloneko mukosa onetik bereizteko”; hortaz, teknika honek ahalmen handia du gaixotasuna diagnostikatzeko.

Endoskopio arruntetan integratua

Proiektuaren helburua da ohiko endoskopietan mikrouhin-irudiak integratzea, proba diagnostikoetan arrakasta izateko aukerak areagotzeko. Integrazio hori antena aplikagailu baten bidez egingo da, espresuki diseinatu dena mikrouhinek endoskopioaren muturrean dagoen bisualizazio optikoko sistema ez kaltetzeko, pazientearen segurtasuna bermatzeko eta endoskopioa darabilen adituak erosotasunez erabiltzeko. Aplikagailu hori kanpoko unitate batera konektatuta egongo da, kable ardazkide baten eta seinale-kable baten bitartez. Kanpo unitateak kontrol-seinaleak eta mikrouhinak sortuko ditu, antena elikatzeko eta kommutatzeko, eta azterketaren emaitzak erakutsiko ditu.

Segurtasuna eta erabilerraztasuna

Tekniker, zehazki, mikrouhinen bitartez detektatzeko sistemak duen estalkia edo bilgarria garatzeaz arduratu da, edozein endoskopiori akoplatu eta modu seguruan finkatuta utzi ahal izateko, eta, horrenbestez, detekzio bisuala egiteko ahalmena hobetzen laguntzeko. Gailuaren funtzionalitatea eta operatibitatea bermatzeko, material biobateragarriekin fabrikatu behar da, eta estankotasun baldintza bikainak eskaini behar ditu, koloneko fluidoak filtratu eta barruko osagaietara heldu ez daitezen.

Gailua gizakion kolonean erabiltzeko diseinatu denez, zorroztasun handiz garbituko da; hori dela eta, gainazala estaltzen duen materiala sendoa izan behar da, hainbat garbiketa-ziklo zorrotz jasateko modukoa, eta ondo helduta egon behar da endoskopioan, probak egin bitartean askatu ez dadin.

Soluzio moldaerraza

Halaber, merkatuko endoskopio guztiek ez dute diametro berdina (10 eta 16 mm bitarteko aldea egon daiteke), beraz, diseinatutako soluzioa kasuan kasuko diametrora egokitzeko gai izan behar da, gailuaren zati zurruna, gehienez, 35 mm-koa izan dadin.

Lehenik, Teknikerrek proiektuaren arduradun Marta Guardiolak eta Unibertsitateak berak ezarritako baldintza teknikoak hartu ditu kontuan lehen prototipoak garatzeko eta laborategian probak egiteko.

Modelo horiekin probak egin eta gero, euskal zentro teknologikoak prototipo funtzionala diseinatuko du Universitat Pompeu Fabra unibertsitatearentzat, klinika aurreko fasean lehen probak egin ditzan. Proba horien emaitzak ikusita, beharrezkoak diren hobekuntzak egingo dira azken prototipoa diseinatzeko.

Tekniker aditua da prototipoa diseinatzeko eta garatzeko teknologietan, kontzeptuaren optimizazioan, fabrikazioan, martxan jartzean eta balidazioan; horri esker, posible da honelako soluzio integralak garatzea.

PDF deskarga