Teknikerrek eta F4E-k maila anitzeko ikuskaritza-tresna bat garatu dute ITER gailurako

Data 13-02-2020 Tekniker

Teknikerrek eta F4E (Fusion For Energy) Europako erakundeak ITER gailurako, fusio-energiaren eremuko munduko esperimenturik handienerako, maila anitzeko ikuskaritza-tresna bat garatu dute.

ITER-ren askotariko osagaiak manufakturatzeko, mundu osoko ingeniariek asmamen handikoak izan behar dute. Askotan, baliteke tresnak hutsetik garatu behar izatea, ezin direlako merkatuan erraz eskuratu fabrikatu bitartean osagaiak probatzeko. ITER zuzeneko eskaria sortzen ari da industria eta laborategiak beren talentu guztiaz balia daitezen beren osagaiak ekoizteko. Baina, horrez gain, nahasitako alderdi guztiak bultzatzen ditu azken belaunaldiaz haraindi joatera eta haien ezagutzak aplikazio berrietara transmititzera.

Horixe gertatu zen ontzi barruko osagaien eremuan, hots, ITER gailuko plasma superberoaren eraginpean jarriko den ekipamenduaren eremuan, lan egiten duten adituak merkatuan tresnak bilatzen hasi zirenean, desbideragailuaren modulu-gorputzaren atal zehatz baten neurriak hartzeko. ITER-rek modulu horietako 54 beharko ditu. Ganbararen behealdean instalatuko dira eta 142m2-ko azalera hartuko dute, “hautsontzi” handi bat eratzeko; hara desbideratuko dira fusio-erreakzioko ezpurutasunak. Modulu horietako bakoitzaren neurriak 0,8 x 2,3 x 3,5 m dira, eta pisua, berriz, 8 t gutxi gorabehera, osagai guztiak instalatuta. Adituek maila anitzen diametroa neurtu nahi zuten, alegia, plasmari begira dauden osagaiak eta modulu-gorputza bera konektatzen dituzten banda zilindrikoena.

Metrologia-ekipamendu iraultzaile bat

Hasteko, merkatu-ikerketa bat egin zuten eta hortik ondorioztatu zuten ez zegoela zeregina burutzeko ekipamendu eskuragarririk, kontuan hartuta 20 mikrometroko tolerantzia ebaluatu behar zela; 0,004 mm-ko errore-marjina batez ari gara, A4 orri bat baino 25 aldiz meheagoa! Horren ondorioz, F4Ek (Fusion For Energy) lizitazio bat abiarazi zuen, eta, 18 hilabete geroago, prest zegoen ikuskaritza-tresna berri eta guztiz probatu bat. Teknikerrek F4E-rekin batera garatu du tresna. Emaitza metrologia-ekipamendu iraultzaile bat izan da, ontzi barruko osagaien beharrak ez ezik merkatuko beste elementu batzuen premiak ere betetzen dituena.

Gabriele D’Amicorekin, diseinua eta fabrikazioa ikuskatu dituen F4E-ko teknikari nagusiarekin, hitz egin dugu lorpen garrantzitsu horren izaera ulertzeko. "Neurriak zehazki eta azkar hartzeko bidea ematen digun tresna bat garatu dugu. Zeregin hori ordutan burutu dezakegu; lehen, ordea, egunak behar izaten genituen. Denbora-aurrezkia izugarria da. Metrologia-erronka horri aurre egin behar genionean merkatuan tresna egokirik eduki gabe, benetako muga batekin topo egiten genuen. Irtenbide bakarra geure tresna garatzea zen, eta horretan ari gara orain", azaltzen du. Beraz, zer gertatuko da maila anitzeko ikuskaritza-tresnarekin? Fabrikatu beharreko benetako osagaien neurriak hartzeko erabiliko da. "Arriskatu genuen eta merezi izan zuen", esaten du ondorio moduan. Teknikerrekiko lankidetza horretan denek irabazten dutela azpimarratzen du Fernando Egañak, Teknikerreko Ingeniaritza Mekanikoko Saileko buruak. "Oso proiektu arrakastatsua izan da eta Teknikerrek zehaztasun handiko sistema mekatronikoak, bereziki neurtzeko gailuak, garatzeko dituen ahalmenak eta ezagutzak hobetu ditu. Gainera, F4E-rekiko lankidetza honen bidez, ITER-ri, fusio-energiaren eremuko munduko esperimentu handienari, ekarpena egiteko aukera izan dugu".