Tekniker eta GAIKER elkartu egin dira plastikozko osagaietan elektronika txertatzeko

Data 16-09-2021 Tekniker

BRTAko kide diren zentro teknologikoek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute enpresa-sarean enplegua eta berrikuntza sortuko duten baterako irtenbideak garatzeko.

Plastikozko piezatan integratutako elektronika fabrikazio-aukera berriak irekitzen ari da hainbat sektoretan, merkeagoak eta malguagoak. Eremu hori goitik behera aldatzen ari den teknologietako bat In Mould Electronics (IME) da, plastikoa injektatzeko prozesuan elektronika integratzen duen fabrikazio-teknika.

Iraultza horren aurrean, GAIKER eta Tekniker euskal zentro teknologikoek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, teknologia hori integratuko duten eta euskal industriako bi motorren trebetasuna eta egiten jakitea bateratuko dituzten irtenbide berritzaileak garatzeko.

Horreala, BRTAko (Basque Research and Technology Alliance) kide diren bi zentroen hitzarmen berriak lankidetzarako, garapenerako eta konponbide bateratuak ezartzeko aukera handiak sortuko ditu elektronika plastikozko osagaietan txertatzeko eta enpresa-sareko beste eragile batzuekin sinergiak sortzeko.

“Teknikerren, lurraldeko industria-ehunaren lehiakortasuna hobetzeko xedea daukagu. Lotura horren bidez, ezagutza eta teknologia berrien transferentzia sustatu nahi dugu, nabarmen hazten ari den arlo batean, hala nola, plastikozko piezatan txertatutako elektronikan”, azaldu du Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak.

Santiago Rementeria GAIKER-eko zuzendari nagusiak, bestalde, honako hau nabarmendu du: "Hitzarmen honen esparruan garatu eta transferitu beharreko teknologia EAEko industria-sektore traktoreak ari dira eskatzen eta GAIKER-en uste dugu beste aukera bat dela gure inguruko enpresei balioa emateko".

Teknologien katalogo zabala

Teknikerren eta GAIKER-en arteko hitzarmenari esker, bi zentroek teknologia-katalogo zabal baten bidez lagundu ahal izango dute, espezialistak baitira plastikozko piezatan IME bidez integratutako elektronikaren arloan.

Sozietate honetan sartuko diren teknologiak, Teknikerren kasuan, honako hauek dira: IMEentzako elektronika inprimatuaren diseinua, zirkuitu elektronikoen 2D inprimaketa (inprimaketan erabiltzen diren materialak barne, hala nola substratuak eta tintak) eta gaur egun inprimagarriak ez diren osagaiak sartzea.

GAIKER-ek, bestalde, plastikozko materialei lotutako teknologiei buruzko ezagutza emango du, materialen hautaketatik eta prozesaketatik abiatuta: zirkuitu inprimatuaren termokonformazioa eta zirkuitu inprimatuen injekzio bidezko gainmoldekatzea konexioko elementuak babestuz, eta aukeratutako irtenbideen ekodiseinuaren eta jasangarritasunaren alderdiak, ekonomia zirkularra sustatuz.

Gainera, teknologia bakoitzak bere karakterizazio-prozedurak ditu lotuta. Alde batetik, Teknikerrek azken probak egingo ditu produktuak elektronikaren arloan duen funtzionaltasunari eta sendotasunari buruz; eta, bestetik, GAIKER-ek gauza bera egingo du aplikatutako plastikozko materialekin.

PDF deskarga