Tekniker, eredugarria mundu mailan tribologiaren alorrean

Data 18-02-2020 Tekniker

Zentro teknologikoa International Tribology Council (ITC) erakundeko (tribologiaren nazioarteko erakundea) kide izendatu dute; hala erabaki zuen erakundeak iraileko bilera. Amaya Igartua doktorea Espainia mailako presidenteorde izendatu izana ere mugarri garrantzitsua izan da zentro teknologikoarentzat

Tekniker, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den zentro teknologikoak, presentzia nabarmena izango du tribologiaren alorrean, International Tribology Council (ITC) erakundearen azken bileran erabakitakoa ikusita; aipatu erakundeak tribologiaren alorreko munduko edozein tokitako talde eta elkarteak biltzen ditu. Zentro teknologikoa erakundeko kide formal izendatu dute, eta zentroko ikertzaile Amaya Igartua doktorea, berriz, presidenteorde, Espainiako ordezkaria izan dadin.

Izendapen berriari esker, Tekniker erreferentziako zentro teknologikoa izango da nazioartean, tribologiaren alorrean; euskal zentroa modu dinamiko eta jarraituagoan arituko da lanean sektore horretako goi-mailako erakundeekin, bai nazio mailan bai nazioartean.

Izan ere, Teknikerrek aktiboki parte hartuko du Kontseiluan, non, besteak beste, azken joerei eta heldu beharreko erronkei buruz eztabaidatzen den, bai eta horiek balidatzen ere.

Bestalde, Amaya Igartua ikertzaileak, orain Espainiako presidenteordea denak, ITCko Zuzendaritza Batzordearen bileretan eta Tribologiaren Munduko Kongresua antolatzeko Nazioarteko Batzordean parte hartuko du; kongresua 2021ean egingo da. Halaber, Espainiatik eskaintzen diren formakuntzako jarduerak eta ikastaroak sustatuko ditu.

28 urteko ibilbidea

“Bizitza osoa tribologiaren arloan lan egin eta gero, ohore handia da kargu hau izatea. Eta, jakina, Teknikerrentzat ere izendapen hau mugarri garrantzitsua da, zentro teknologikoak nazioartean duen kokapena sendotzen baitu, eta erreferentziako zentro bihurtzen baita”, adierazi du Igartuak, tribologiaren alorrean 28 urtez ibilitakoak.

Doktorea 1991n hasi zen lanean Teknikerren, Tribologia Unitatean, eta unitate horretako zuzendaria izan zen 10 urtez (2007-2017); 1995etik aurrera Espainiako ordezkaria izan zen tribologiaren alorreko nazioarteko bileretan, eta, Europako beste ikertzaile batzuekin batera, tribologiako zentro birtuala (VTI) eta higaduraren eta estalduren EUREKA sarea sortu zituen. Horrez gain, azken urteotan International Tribology Council erakundearen bileretan parte hartu du, eta sektore horretako mundu mailako adituekin elkarlanean aritu da.

2017az geroztik EUMAT Materialen Plataforma Europarreko idazkarikidea da, eta Europako Batzordearekin lan egiten du hurrengo Marko Programan, Horizon Europe izenekoan, ikerketa programak definitzeko. Halaber, i-Tribomat proiektu europarra sortzen ere lagundu zuen; Europako Batzordeak finantzatutako programa da, karakterizazio tribologikoko laborategi birtuala sortzeko, Europako enpresei zerbitzua emango diena.

Esperientzia zabala tribologiaren alorrean

Teknikerrek 1982an hasi zuen ibilbidea arlo horretan; harrezkero, materialen lubrifikazioaren, marruskaduraren eta higaduraren arloan lan egin du, lubrifikatzaileak aztertu ditu, osagaien hutsegiteak diagnostikatu ditu eta funtzio anitzeko gainazal eta estaldurak garatu ditu, kontaktuan dauden elementuen bizitza luzatzeko.

Gainera, zentroak 25 tribometro baino gehiago ditu, laborategian higadura mekanismoak modu kontrolatuan erreproduzitzeko, askotariko elementuekin: errodamenduak, engranajeak, balaztak, motorraren osagaiak, haize-sorgailuen osagaiak, instalazio fotovoltaikoen edo eguzki-instalazioen osagaiak, moldeak, protesiak, zoruak eta abar.

Horrez gain, Teknikerrek oinarri teknologikoa duten bi enpresa sortu ditu arlo horretan: Lubrication Management (erabileran dauden olioen monitorizazioa), egun Bureau Veritasen integratutako laborategia, eta ATTEN2 (olioaren narriadura neurtzeko sentsoreak), orain Iberdrolaren partaidetza ere baduena.

Orain, nazioarteko erakunde honetako kidea izateaz gain, euskal zentroak, Jost Institute for Tribotechnology institutuarekin batera, lubrifikazio industrialari, tribologiari eta condition monitoring delakoari buruzko LUBMAT kongresua antolatuko du bi urterik behin. Eta datorren urteko ediziotik aurrera Bureau Veritasen laguntza ere izango dute. Bestalde, IBERTRIB biltzarraren batzorde antolatzaileko kide ere bada. Bi urterik behin egiten den biltzarra da, eta Iberoamerikako tribologiaren topagunea da, hiztun hispaniar-portugaldarrentzat.

International Tribology Councilari buruz

Tribologiaren arloko munduko hainbat elkarte, talde eta erakunde biltzen dituen erakundea da, eta bere egitekoak askotarikoak dira, adibidez, tribologiaren eta munduko elkarte zein taldeen artean harreman jarraitua sustatzea, eta nazioarteko kongresuak aurrez adostutako epean antolatzen direla egiaztatzea. Halaber, aholkuak ematen dizkie tribologiaren arloko organismorik ez duten herrialdeei, eta laguntza ematen du zientzia, teknologia eta hezkuntzan, betiere tribologiari lotuta.

PDF deskarga

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu