Tabakalerak makina-erremintaren nazioarteko biurtekoan estrainekoz parte hartuko du robot sozial batekin

Data 10-06-2022 Tekniker

Holobot Social Garden robot soziala da, inguruarekin komunikatzen dena eta sare sozialetan presentzia duena. Ekainaren 13tik 17ra BECen egingo den biurtekoan egongo da ikusgai. 

Tabakalerak Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea lan-ildoa sendotuko du datorren ekainaren 13tik 17ra BEC, Bilbao Exhibition Centerren ospatuko den Makina Erremintaren Nazioarteko 31. Biurtekoan Holobot. Social Garden pieza artistikoa aurkeztuta. Proiektua Tabakalerak eta VR Kommand artisten kolektiboak garatu dute, Tekniker-ekin eta KUKArekin elkarlanean, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren laguntzarekin.

Proiektu honekin Tabakalerak urrats berri bat egin du lankidetzan aritzen den erakundeetako berrikuntzan eragin, eta artistei garapen-modu berriak eskaintzen jarraitzeko.

Robot soziala eta sare sozialetara konektatua

Holobot. Social Garden mugimendua eta argia duten irudiak sortzen dituen beso robotikoa da. Holoboten irudien jatorria robotaren, azokara joaten diren pertsonen eta sare sozialetan duten interakzioaren arteko komunikazioa da: robotak #Holobot traola erabiltzen duten erabiltzaileak detektatzen ditu, eta euren profiletatik hartutako datuak landare-errealitate simulatu bilakatzen ditu eta ondoren sare sozialetan argitaratzen ditu.

Instalazio artistikoaren abiapuntua robotaren eta gizakiaren artean sortzen den elkarrekintzaren oinarrian dagoen “konfiantza” kontzeptua da. Emaitza interprete baten gisan jardungo duen instalazio bat da, adimen artifizialari esker Biurtekora bertaratzen direnen sare sozialetako interakzioa lorategi birtual handi baten itxura hartzen duen konposizio batean islatzen duena.

Robotak bere inguruko sare sozialen erabiltzaileen inputak jasoko ditu irudi pertsonalizatu eta distortsionatu bat sortzeko argi-irudi bat erreproduzituz, mugimenduen konbinazioa eta LED seinaleen igorle bat erabiliz horretarako. Argi-irudi hori kamera batek jasoko du eta landareen eta izakien lorategi handi horri gehituko zaio eta robotaren sare sozialetan, Twitterren eta Instagramen argitaratuko da, @holobot_ profilean. Helburua teknologiaren eta naturaren arteko analogia sortzea da, testuinguru sozial jakin batean, non teknologiaren presentzia eta giza interakzioa saihestezinak diren.

Holobot. Social Garden, BECeko 4. pabiloian dagoen Workinn espazioan ikusi ahal izango da ekainaren 13tik 17ra. Gainera, ekainaren 16an, 11: 00etan, proiektua komunikabideen aurrean aurkeztuko da, prozesuan parte hartzen duten erakunde guztietako ordezkariak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua bertan direla.

Gizarte-erronkei aurre egiteko sorkuntza artistikoa

Tabakalerak Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea ildo programatikoa 2020ko uztailean hasi zuen, Medialab, sorkuntza artistikoa, herritarren sorkuntza eta kultura digitala uztartzen dituen Tabakalerako espazioaren irekierarekin. Zientzia eta teknologia arloko adituekin garatutako sorkuntza artistikoko proiektuak bultzatzen dira, erronka komunak jorratzen dituztenak, hala nola, iraunkortasuna edo teknologiak eguneroko bizitzan duen papera.

Elkarlanean garatzen den ikerketa- eta sorkuntza-prozesuak, artelanean ez ezik, sormenean eta berrikuntzan ere eragin handia du esparru zientifikoan eta teknologikoan, eta lanerako ikuspegi eta agertoki berriak proposatzen ditu. Sortzen diren lanek gai horiek herritarrekin ohiko dibulgazio zientifikotik aldetzen den moduan partekatzeko aukerak ematen dituzte. Horrela, ezagutza berria sortzen da eta errealitatearen beste irakurketa batzuk egiten dira.

Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea ildoa abian jartzearekin batera hasi zen Tabakalera eta Tekniker, Euskadiko Fabrikazio Aurreratuko teknologietan espezializatutako ikerketa teknologikoko zentro nagusiaren arteko lankidetza. Gizakien eta roboten arteko elkarreragin emozionala aztertu, elkarlaneko robotikaren esparruan ezagutza berriak eskuratu, berrikuntza-prozesuak ezarri eta esparru teknologikoko lana herritarrei hurbiltzea da helburua. Lankidetza horren emaitza izan zen Tabakaleran aurkeztu zen Dream Painter, pertsonek kontatutako ametsak marrazten zituen robota.

Holobot. Social Garden, Tekniker eta Tabakaleraren arteko bigarren proiektua da. Tekniker eta Medialab Tabakaleran azken hilabeteetan egin den lan-prozesutik sortu da eta Jaime de los Ríos, Pablo M. Garrido eta Victoria Ascasok osatutako VR-Kommand kolektiboak komisariatu du, KUKAren laguntzarekin.

Proiektua Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza ekonomikoari esker garatu da. Ekarpen honen helburua esperientzia pilotu bat garatzea da, artearen eta industriaren arteko lankidetza-ereduei dagokienez, eta Euskadiko kultura-sektorearen eta zientzia- eta teknologia-sarearen arteko lankidetza-potentziala aztertzea.

PDF deskarga