Produktibitatea areagotzen, neurketatik abiatuta

Data 21-12-2016 IK4-TEKNIKER Tags Inspekzioa eta neurketa .

Makinan integratutako dimentsio-metrologia, fabrikazio efizienteagoa lortzeko.

Fabrikazio-prozesuetan eragiten duten parametroen (geometria, egoera termikoa, deribak eta abar) aldakortasunak ia ezinezko bihurtzen du ekoizpen-prozesuen benetako eszenaren gaineko erabateko kontrola edukitzea. Balio erantsi handia duten produktuek zehaztasun eta kalitate handiena eskatzen dute mekanizazio-prozesuan, eta, ondorioz, parametro horiek fabrikazio-prozesuetan duten inpaktua murriztu behar da.

Gauzak horrela, garrantzi berezia eskuratzen dute neurketaren zereginak eta neurketa fabrikaziora sartzeak, izan ere, ekoizpen-prozesuak hobeto ezagutzeko eta kontrolatzeko behar diren bitartekoak eskaintzen dizkio dimentsio-metrologia integratuak fabrikazioari.

Testuinguru horretan, IK4-TEKNIKERek adimendun lanabesa garatu, integratu eta abiarazi du makina-erremintan, INTEFIX proiektuaren barruan; bai eta ukipenik gabeko euste- eta neurketa-sistema horren askotariko osagaiak (laser triangelatzailea, kokapen-ardatzak, zilindro neumatikoak eta abar) sinkronizatzea eta funtzionaltasun ezberdinak (kalibrazioa, zentratzea, erregistroa, neurketa, eustea eta abar) kudeatzea ahalbidetzen duen softwarea garatu, integratu eta abiarazi ere.

Azken batean, makina-erremintan adimendun lanabesa sartzea da kontua, eta, horrekin, piezaren benetako geometria neur daiteke, horren benetako formari eta dimentsioei egokitu ahal izateko mekanizazio-programak, zehaztasun handiagoko mekanizazioa ziurtatuz.

Sistema ondo erabiltzen bada, modu automatikoan eskanea daiteke mekanizatu beharreko osagaia 3Dn, benetako forma zehazteko eta osagaiaren geometriari egokitzeko mekanizazio-programak.

Gaur arte, ukipenaren bidezko haztapena erabiltzen dute jada badauden irtenbideek, eta, hortaz, datuak eskuratzeko abiaduran zein mekanizatu beharreko piezaren geometria hobeto zehaztean datza garapen berri horren funtsezko abantaila.

Oro har, fabrikazio-prozesuak berrikustea, kontrolatzea eta egokitzea ahalbidetuko duten irtenbideak eskaini nahi ditu INTEFIX proiektuak, emaitza zehatzagoak, merkeagoak eta kalitate hobea dutenak eskuratze aldera, pieza makinan kokatzeko arazoak, fabrikazio-prozesuari ekin aurretikoak, konpontzea ahalbidetuko duten teknologien multzoa sortzeari esker.

Erreminten berezko jokaera eta mekanizazio-eragiketetan prozesuaren, erraminten eta makinaren artean gertatzen den elkarreragina aldatzeko gai dira garatu diren gailuak, eta, ondorioz, eragiketa horien denbora eta kostuak murriztea lortzen dute.