Plastiko funtzionalak etorkizun jasangarria eraikitzeko

Data 19-10-2020 Tekniker

Europako Batzordeak plastiko jasangarriei buruzko artikulu bat argitaratu du, zeinetan FLEXPOL proiektua aipatzen den. Proiektu horretan, hain zuzen, Teknikerren parte-hartzea gailendu da.

Klima-aldaketak eta ingurumenaren degradazioak planteatzen dituzten erronken aurrean, Europak hazkunde jasangarrirako estrategia berria dauka, European Green Deal edo Europako Itun Berdea izenekoa; horrekin, Europar Batasuna ekonomia moderno eta lehiakor bihurtu nahi du, baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen dituena.

Zentzu horretan, ahalegin handiak egiten ari dira hainbat arlotan, ekosistema industrial seguru baterantz zuzentzeko trantsizioan aurrera egiteko, karbonoan neutroa dena eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen dituena. Ahalegin horren adibide bikaina da material konposatuak, plastikozkoak eta polimeroak prozesatzeko Europako ECP4 plataformatik egiten ari den lana; izan ere, eraldaketa berdea sustatzen lagunduko duten produktu jasangarri eta osasuntsuak prestatzen dituzte.

Hala, Europako Batzordeko Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak (DG for Research and Innovation, ingelesez), EBko ikerketa, zientzia eta berrikuntza arloaren arduradunak, plastiko jasangarriei buruzko artikulu bat argitaratu berri du. Artikuluak horrelako plastikoen prozesua jasotzen du, diseinutik aplikaziora, eta bertan FLEXPOL proiektua aipatzen da, zeinetan Teknikerren parte-hartzea gailendu den, produktu funtzionalen eta prozesu eraginkorren adibide gisa.

Europako proiektu hori duela gutxi bukatu zen; martxan izan zen bitartean, mikrobioen aurkako polimero malguak garatu ziren, ospitaleetan erabiltzeko pentsatuak. Ikerketa honen baitan, eta nano egituretan duen eskarmentu zabalari esker, zentro teknologikoak “roll-to-roll” ekoizpen-sistemak garatu ditu, mikrobioen aurkako geruza itsaskorrak fabrikatzeko.

Diseinu jasangarria

“Diseinu jasangarria” kontzeptuak berezko garrantzia du produktu kimikoei lotuta EBk duen estrategian; bere helburua da produktu eta material jasangarriak eta osasuntsuak egiteko modua nabarmen aldatzea.

Segurtasuna, zirkulartasuna eta funtzionaltasuna uztartzen dituen ikuspegi sistemikoa da, produktuen eta prozesuen bizi-ziklo osoan, hau da, diseinutik bizitzaren amaierara arte (eta aintzat hartzen da gero haiek birziklatzeko edo berriz erabiltzeko aukera).

Diseinu jasangarriaren ikuspegia ikerketan eta berrikuntzan txertatzeari esker, produktu eta material seguru, zirkular eta funtzionalagoak merkaturatuko dira, eta horrek Europako Itun Berdearen (European Green Deal) alde egingo du.

Europa mailan plastikoen diseinu jasangarriari lotutako ikuspuntua hobeto ezagutu nahi baduzu, eman begirada bat erantsitako PDF fitxategiari; hor ere FLEXPOL proiektua aipatzen da.

PDF deskarga