Tekniker

Plagizidak lainoztatzeko gailuak monitorizatzeko sentsoreak

Data 10-09-2019 IK4-TEKNIKER Tags IoT .

IK4-TEKNIKER elkarlanean dabil Goizper S. Koop. enpresarekin, nekazaritzako laboreetan plagizidak edo produktu fitosanitarioak lainoztatzeko piten funtzionamendua modu bateratuan monitorizatzen duen gailu sentsore bat garatzeko. Horri esker, gaur egun eskuz manipulatzen diren ekipoak digitalizatzeaz gain, hainbat parametrori buruzko informazioa bildu ahalko da, produktu fitosanitarioak aplikatzeko estrategia hobeak lortzeari begira.

Nekazaritzak eta laboreen babesak oso azkar egiten dute aurrera, eta behar diren metodo eta ekipoen hautua giltzarria da lurraren errendimendua ezin hobea izan dadin.

Lurra lantzen denean, plagizidak edo produktu fitosanitarioak erabili behar dira, nekazaritza-ekoizpen handiagoa eduki eta gaur egun ezarrita dauden elikagai-premiekin bat egiten duen kalitatea bermatu nahi badugu.

Alabaina, sektore honetan, plagiziden edo produktu fitosanitarioen dosi zehatzak eman behar dira sail bakoitzeko, eta, beraz, horiek kontrolik gabe lainoztatzea saihestu behar da; bestela, galerak sortzen dira (bai produktua desbideratzeagatik edo lurruntzeagatik), lurra kutsatzen da, eta langileak produktu kimikoen eraginpean jartzen dira.

Nekazaritza-merkatuak, hortaz, 4.0 Nekazaritzako (Farming 4.0) irtenbide bat eduki behar du, produktu fitosanitarioen lainoztatze-dosiak kontrolpean, azkar eta seguru eman ahal izateko eta, halaber, jardueraren datuak erregistratu ahal izateko, datuok ustiatze aldera, produktu fitosanitarioak aplikatzeko estrategia hobeak garatzeko xedez.

Gauzak horrela, Goizper S. Koop. enpresak, aditua baita lainoztatze-sistemak fabrikatzen, eta IK4-TEKNIKERek DigitalR proiektua sustatu dute, fitosanitarioak lainoztatzeko piten funtzionamendu zuzena kontrolatuko duen urruneko ekipo berri bat garatzeko.

Zehazki, gaur egun eskuzkoak diren ekipoak digitalizatu nahi dira proiektuarekin, nekazaritzan fitosanitarioak lainoztatzeko sektorean irtenbide aitzindaria eskaintzeko asmoz. Izan ere, Goizper S. Koop. eta IK4-TEKNIKER elkarrekin garatzen ari diren urruneko ekipoarekin, lainoztatze-prozesuetara sartzen den informazioa bildu eta kudeatu ahalko da, eta irteerako informazioa bidaliko zaio erabiltzaileari. Bada, informazio horri esker, eraginkortasunez kudeatu ahalko dira eskuzko aplikazio-prozesuetan eragiten duten parametroak, kable-sare elektrikorik eta instalazio gehigarririk gabe.

Garapen horretaz gain, informazioa denbora errealean (kablerik eta sarerako konexiorik gabe) atzemateko irtenbide bat, atzemandako informazioa hodeian gordetzeko irtenbide bat, lainoztatze-estrategiak hobetzeko tresna analitikoen multzo bat eta adimendun sistemetan (tabletetan, mugikor adimendunetan edo PCetan) datuak web-aplikazioen bidez ikuskatzeko erremintak jorratzen dira proiektuan.

Gaur egungo teknologiak, nagusiki, ponpen edo lainoztatze-barren irteeran fluxua kontrolatzean oinarritzen dira, eta, hain zuzen ere, hementxe dago proiektuaren balio erantsia: neurrira diseinatutako sentsore bat garatuko da, produktu fitosanitarioen aplikazioetan erabiltzen diren fluido mota guztiekin sentikorra dena, erabilera-baldintza oldarkorretan fidagarria dena eta kostu- nahiz trinkotze-betekizun oso zorrotzak dituena.

Hala, IK4-TEKNIKER, alde batetik, lainoztatuko den fluidoaren egoera aztertzeko premietara egokituta dagoen neurketa-transduktore bat (gailu sentsorea) garatzen ari da, baina baita oso kontsumo baxuko sistema elektroniko bat, transduktorearen seinalea aztertzeko sistema digital bat eta sentsorea konfiguratzeko nahiz emaitzak helarazteko haririk gabeko komunikazio-sistema bat ere.

Eta, bestetik, barruko osagaien egiturazko kokalekurako inguratzaile mekaniko-fluidizatu bat diseinatzen eta garatzen ari da, multzoaren hermetikotasunari eutsiko diona.

Azkenik, IK4-TEKNIKERek elementu guztiak integratuko ditu, eta laborategi-mailan egiaztatuko ditu sentsorearen funtzionamenduaren emaitzak, ondoren Goizper S. Koop. enpresarekin batera baliozkotzeko, benetako aplikazio-ingurune batean.

Proiektu honekin, beraz, kontrolpean egongo da produktu fitosanitarioen aplikazioa, nekazariak sistemaren funtzionamendu zuzenari buruzko informazioa edukiko baitu (lainoztatzen hasi aurrekoa) eta askotariko datuak izango baititu; besteak beste, dosifikazio-bolumena, lainoztatze-baldintzak, hezetasuna, haizea eta pita instalatuta duen ibilgailuaren abiadura.

PDF deskarga

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu