Merkataritza-lana hobetzeko eta arintzeko ahots-laguntzaileak

Data 07-11-2023 Tekniker

Tekniker zentro teknologikoak ANER taldeak garatutako enpresa-kudeaketako sistemekin ahots bidez elkarreragiteko aukera ematen duen soluzio bat diseinatzen lagundu du.

Pertsonen eta makinen arteko harremanaren aldaketa, hizkuntza mintzatuak bultzatuta, teknologiarekin elkarreragiteko modua iraultzen ari da. Alexa edo Siri moduko laguntzaile birtualak etxeetako beste kide bat bihurtu dira, eta eguneroko bizitza sinplifikatzen dute. Hala ere, lanbide-ingurunean ez da oraindik finkatu funtzionaltasunari eta aldakortasunari dagokienez parekagarria den sistemarik.

Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoa, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide dena, eta enpresa-kudeaketako softwarean espezializatutako ANER enpresa-taldea, lankidetzan aritu dira zereginak ahots bidezko komunikazio natural baten bidez egikaritzeko eta lan-ingurunean erabiltzen diren beste sistema informatiko batzuekin elkarreragiteko diseinatutako tresna bat garatzen.

Tresna hori OnyxVoice da, ANER enpresa-taldearen enpresa-kudeaketako plataformaren osagaiekin erlazionatzeko behar diren mekanismo guztiak dituen laguntzaile birtuala, Onyx izenekoa. Soluzioak aukera ematen dio erabiltzaileari tresna horrekin beste edozein chatbotekin bezala komunikatzeko baina, kasu honetan, lanbide-eremu batean.

Hau da, laguntzaileak erabiltzailearen esperientzia hobetzen du, izan ere, nabigatzeko eta datuak bilatzeko eta inprimakiak ahots bidez modu naturalean betetzeko aukera ematen du, jasotzen duen mezua ulertuz eta prozesatuz.

"Tresnak langilearen aginduak ulertu eta interpretatu ahal izateko, hizkuntzaren prozesamendu naturaleko teknologietan oinarritutako zerbitzu bat garatu dugu. Horrela, laguntzaile birtualak jarraibide naturalak ahots bidez entzuten ditu eta OnyxComercialek ulertu eta egikaritzeko moduko ekintza bihurtzen ditu", azaldu du Izaskun Fernández Teknikerreko ikertzaileak.

Malgutasuna eta moldatzeko ahalmena

Gainera, une honetan Onyxen merkataritza-lanetarako bakarrik dagoen arren eskuragarri, laguntzailea erraz inplementatu daiteke plataformako beste modulu batzuetan premia sortzen denean.

Malgutasun hori eta etorkizuneko agertokietara egokitzeko gaitasun hori izatea posible da elkarrizketa modularreko sistema bati esker, tresnak erabiltzaileekin elkarrizketa konplexuagoak ezartzeko aukera ematen baitu, beharrezkoa denean. Ahozko erantzunak integratzeko aukera ere badago, antzeko beste laguntzaile batzuetan bezala.

OnyxVoice proiektua 2022an abiatu zen eta 2023an amaitu da. ANER Sistema Informatikoetarako egindako proiektua da, eta Espainiako Gobernuak finantzatzen du, adimen artifizialean eta beste teknologia digital gaitzaile batzuetan oinarritutako garapen teknologikorako 2020ko laguntzen deialdiaren bidez, gizartearen erronketara bideratutako I+G+Bko Estatuko programaren ekonomia eta gizarte digitaleko ekintza estrategikoaren eta I+G+Bko enpresa-lidergoko Estatuko programaren esparruan.

PDF deskarga