Makina-erremintako simulazio-plataforma berriak

Data 08-10-2015 IK4-TEKNIKER

Laugarren industria-iraultza deiturikoan eta ekoizpen-eredu berri bat sortzen ari diren digitalizazio-tekniken aplikazioan kokatzen da proiektua. Emaitzak ekonomiarentzako estrategikoak diren sektoreetan baliozkotuko dira, hala nola sektore aeroespazialean eta automobilgintzan.

Europako industriaren lehiakortasuna bermatzeko, funtsezkoa da energia-eraginkortasuna hobetzea, mantentze-lan prediktiboko mekanismoak ezartzea eta ekoizpena handitzea. Teknologia-transferentziaren bidez alderdi horiek manufakturaren sektorean sartzeko estrategiak diseinatzeko helburuarekin, IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak makina-erreminta eta mekanizazio-prozesuak integratuko dituen simulazio-plataforma bat diseinatzeko proiektu europar bat koordinatzen du.

Bi testuingururen barruan sartzen da ekimen hori: batetik, laugarren industria-iraultza delakoa edo "Industry 4.0", eta, bestetik, komunikazio-teknologia aurreratuez baliatzen den ekoizpen-eredu berri bat sortzen ari diren digitalizazio-teknika berritzaileen aplikazioa.

TWIN-CONTROL, simulazio-kontzeptu berri bat

Makina-erremintaren simulazio-plataforma aurreratu bat diseinatu nahi da, mekanizazio-prozesuan eragiten duten kontzeptuak integratzen dituena eredu aurreratuen konbinazioaren bidez.

Gainera, kontzeptu berri horrek kontuan izango ditu industriaren ekoizpena handitzeko funtsezkoak diren zenbait alderdia: mantentze-lan prediktiboak eta energia-eraginkortasuna, besteak beste.

"Orain arte, simulazio-eredu teorikoek makina-erreminta eta mekanizazio-prozesua bereiz aztertzen zituzten, elkarrekin arteko inolako interakziorik gabe. TWIN-CONTROLek, ordea, hainbat simulazio-eredu hartuko ditu kontuan, makinaren eta haren mekanizazio-prozesuen funtzionamendua globalki eta plataforma bakar batean analizatzeko". “Prozesua eta makina biltzen dituen simulazio-kontzeptu berri bat da”, adierazi du proiektuaren IK4-TEKNIKEReko arduradun Mikel Armendiak.

Makina-erremintaren erabiltzaileek beren prozesuak optimizatu eta produktibitatea hobetu ahal izateko dago diseinatuta ekimena. Gainera, TWIN-CONTROLen lortzen den teknologiari esker, martxan dagoen makinaren portaera hobetu ahal izango da, eta horrez gain, makina horretatik datuak aterako dira prozesuaren parametroak berrelikatzeko eta emaitzak etengabe hobetuz joateko.

“Prozesu bizi bat da, berrelikadurazkoa eta etengabeko hobekuntzakoa, bai simulazioan bai martxan dagoen makinan", erantsi du adituak.

IK4-TEKNIKERen ekarpena

Proiektua koordinatzeaz gain, TWIN-CONTROL osatzen duten simulazio-moduluak integratuko ditu zentro teknologikoak.

IK4-TEKNIKERek kontzeptu xehatua zehaztuko du, eta eredu berriak garatuko ditu, makina-erreminten elementu kritikoen bizitza-amaiera noiz izango den zehazteko, eta, hala, mantentze-lanak eraginkorkiago planifikatzeko. Halaber, makina-erremintaren karakterizazio-prozedura berri bat diseinatuko du, aukera emango duena makina-erreminta zer egoeratan dagoen jakiteko eta eredu teorikoak eguneratzeko.

“IK4-TEKNIKERen ekarpena mekanizazio-prozesuei buruz duen diziplina anitzeko ikuspegia da, ezagunak baititu prozesua, makina-erreminta eta kontrola. Gainera, esperientzia zabala du mekanizazio-prozesuan eragiten duten kontzeptuen ereduak eta simulazioak egiten", adierazi du Armendiak.

Emaitzak EAEko nahiz Europako ekonomiarako estrategikoak diren sektoreetan baliozkotuko dira: automobilgintzan eta sektore aeroespazialean, Renault eta MASA konpainien bidez. Gainera, fabrikazio-prozesuen ikerkuntzan puntakoak diren zentroetan erakusleak instalatuko dira, emaitzak hedatzeko: Sheffieldeko Unibertsitateko AMRCren Factory 2050n, Darmstadteko Unibertsitateko ETA-Factoryn (Alemania) eta Euskadiko Aeronautikako FAZen.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaz gain, ingeniaritza aeroespazialeko Gepro Systems enpresak ere —Durangon du egoitza— parte hartuko du betekizunak zehazten eta industrian baliozkotzeko fasean.

Espainia, Frantzia, Alemania, Erresuma Batua eta Belgikako unibertsitate, enpresa industrial eta ikerketa-zentro batzuek osatzen dute proiektuaren nazioarteko partzuergoa.

Urriaren 1ean jarri zen martxan TWIN-CONTROL ekimena, 36 hilabete iraungo du, eta Europako hamaika kideren arteko aliantza batek gauzatuko du.

5,6 milioi euroko aurrekontua du, eta Europar Batasunak finantzatu du Ikerketarako eta Berrikuntzarako Horizon 2020 Esparru Programa Europarraren barruan.

Proiektu honek berrikuntza sustatzeko Europar Batzordearen Horizon 2020 programaren finantzaketa jaso du, 680725 zenbakiko laguntza hitzarmenaren arabera.

PDF deskarga