Donostian, 4.0 Industriaren erronkak eta abiadura handiko mekanizazioan egin diren azken aurrerapenak hizpide

Data 19-04-2018 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak .

HSM 2018 Abiadura Handiko Mekanizazioari buruzko Nazioarteko Biltzarraren XIV. edizioa hartu du Donostiako Kursaal jauregiak.

Fabrikazio-teknika berriei buruzko ezagutza trukatzea eta ezagutza horiek ekoizpen-instalazioetan ezartzeko bideak erraztea sustatzeko xedez, industriako prozesuen arloko aditu goretsiek 4.0 Industriaren eta etorkizuneko fabrikazioaren erronkak aztertu dituzte HSM 2018 Abiadura Handiko Mekanizazioari buruzko Nazioarteko Biltzarraren 14. edizioan.

Ekitaldia hilaren 17an eta 18an egin da, Donostiako Kursaal jauregian. IK4-TEKNIKER eta IK4-IDEKO euskal zentro teknologikoek antolatu dute, eta 150 pertsonatik gora etorri dira Amerikatik, Asiatik eta Europatik.

"Produktibitatea, kalitatea eta digitalizazioa" leloaren pean, foroak gai hauek jorratu zituen, besteak beste: 4.0 Industriak mozketa-sistemetan duen inpaktua, goi-mailako errendimenduko eta zehaztasun handiko mekanizaziorako teknologia berriak, fabrikazio-prozesuen optimizazioa, makina-erreminten dinamika eta kontrola, moteltze aktiboa eta chatter-a saihesteko mekanismoak.

Biltzarra, bestalde, gai hauetan ere zentratu zen, besteren artean: txirbilak erraminta aurreratuen bidez erauztea, IoT teknologiak mekanizazio prozesuetan aplikatzea edo sistema ziberfisikoak ezartzea.

Material aurreratuen mekanizaziora bideratutako azken garapenek eta prozesu jasangarriek ere (hala nola, ekolubrifikazioak, mekanizazio kriogenikoak eta lehorreko mekanizazioak) beren protagonismoa eduki zuten saioetan.

Biltzarra irekitzeko ekitaldian, Estíbaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea, Mikel Arlota AFM-Advanced Manufacturing Technologies enpresako nazioarteko zuzendaria, Luis Uriarte IK4-TEKNIKEReko merkatu-zuzendaria eta Jokin Muñoa IK4-IDEKOko Dinamika eta Kontrolaren ikerketa-taldeko arduraduna egon ziren (azken biak Ekoizpen Ingeniaritzako Nazioarteko Akademiako (CIRP) kideak dira).

HSM 2018ko ponentzia teknikoen eta hitzaldien egitarau aberatsak, era berean, mekanizazioaren arloko aditu nabarmenak bildu zituen; hala nola, Eberhard Abele Darmstadt-eko Unibertsitate Teknikoko Produkzio, Teknologia eta Makina-erremintaren Kudeaketa Institutuko zuzendaria edo Ömer Sahin Ganiyusufoglu SYMG-Shenyang Machine Tool taldeko aholkularia.

IK4-TEKNIKERen hitzartzeak

IK4-TEKNIKERek parte-hartze nabarmendua eduki zuen hitzaldi teknikoen programan. Ekitaldiaren lehenengo egunean, “A methodology for the design of chip breakers for PCD tools based on FEM” izeneko hitzaldia eman zen. Txirbilak elementu finitoen metodoaren bidez (FEM) erauzteko teknologiak diseinatzeko sistema berriak hedatzea izan zen horren xedea, diamante polikristalinozko erremintei (PCD) begira.

Bigarren egunean, IK4-TEKNIKERek bertaratutakoekin partekatu zituen Gauzen Interneten eremuko teknologiak eta sistema ziberfisikoak makina-erremintan aplikatzeko azken joerak, “Machine Tool: Form the Digital-Twin to the Cyber-Physical System” hitzaldiarekin.

Aldi berean, “High Speed Spindles: current status and trends” izeneko ponentzia aurkeztu zuen. Horren bidez, Goialde High Speed osagaien fabrikatzaileak abiadura handiko buruen sektoreari eskaintzen dizkion ikuspegia eta zerbitzuak azaldu ziren, bai eta IK4-TEKNIKERekin batera eremu horren lehiakortasuna areagotze aldera egiten ari diren garapenak azaldu ere.

IK4-TEKNIKERen azken hitzartzea mekanizazio-arloko material aurreratuen ikerketari buruzkoa izan zen; bereziki, nikelezko oinarria duten aleazioen, titaniozko aleazioen eta altzairu gogorren inguruko ikerketari buruzkoa (material horiek industriaren, garraioaren, energia-sorkuntzaren eta biomedikuntzaren eremuetan erabiltzeko egiten dira ikerketa horiek). Bada, “Development of a cryogenic machining device for milling operations” hitzaldian eman zuen horien berri.

HSM biltzarra 1990ean jaio zen, abiadura handiko mekanizazioaren inguruko ezagutzak eta esperientziak partekatzeko xedez. Ordutik hona, fabrikazio aurreratuari aplikatutako teknologietan dauden ezagutzak trukatzea sustatzeko nazioarteko hitzordu garrantzitsua bihurtu da.

PDF deskarga