Logistika-sektorearen efizientzia hobetzeko irtenbide adimendunak

Data 25-01-2018 IK4-TEKNIKER Tags Automatizazioa eta robotica industriala .

Gero eta eskari handiagoa dago barne-mailako logistika-merkatuan, eta eskari gorakor horri erantzuteko sortu da proiektua, manipulazio- eta garraio-prozesuen efizientzia eta malgutasuna hobetzeari begira, "cobotak" (robot adimendun eta elkarlanekoak) sartuz.

Materiala manipulatzeko eta garraiatzeko prozesuen efizientzia hobetzen lagunduko duten balio erantsi handiko irtenbide teknologikoak eskatzen ditu logistika-sektoreak; batez ere, e-Commerce delakoaren eremuan, prozesu asko egiten baitira eskuz hor.

Testuinguru horretan, elkarlaneko inguruneetan modu fidagarri eta seguruan lan egiteko gaitasuna duten osagai robotiko aurreratuak garatzeko proiektu bat abiarazi da, eta IK4-TEKNIKER parte hartzen ari da bertan.

Ingurune industrialetan sartuta, pertsonekin elkarlanean arituko diren eta logistika barneko eragiketak (hala nola, eskaeren prestaketa edo zamen garraioa) produktibitate handiz egiteko gai diren irtenbide robotikoak garatzea da xedea. Garatzen diren osagaiek eskuragarritasunari, fidagarritasunari, efizientziari eta mantenigarritasunari erantzungo diete.

Automatizazioaz gain, hodeirako urrutiko konexio-gaitasuna eskaintzeko teknologiak ari dira garatzen, hainbat kontutan lagundu dezaten; besteak beste, mantentze-lanak errazteko, laguntza teknikoa emateko, akatsak aurreikusteko, egokitzapenetarako eta berprogramazioak egiteko. Bada, askoz ere sistema malguagoak eta moldagarriagoak bermatuko dituzten teknologiak ari dira garatzen, produktuaren eskarian gerta daitezkeen aldaketei edo prozesuan egon daitezkeen gertakariei hobeto egokitzeko, adibidez.

Horretarako, sentsore integratuekin eta prozesamendu aurreratuarekin automatizazio-erraminta adimendunak garatzea da proiektuaren helburuetako bat, gaitasun aurreratuagoak eman diezazkien robotei; esaterako, ikusteko, mugitzeko eta inguruaren aurrean erantzuteko gaitasuna, edo pertsonekin batera lan egitekoa.

Robotek elkarlaneko irtenbideak eratu beharko dituzte, arrazoi teknikoak edo ekonomikoak tarteko prozesuaren automatizazio osoa bideragarria ez denerako.
Modularitate-kontzeptuan oinarritutako irtenbideak planteatzen ditu proiektuak, eta robota osatzen duten elementuak beharren nahiz egin behar diren eragiketen arabera konfiguratu ahal izateko xedea dauka horrek.

Proiektuan parte hartzen duten enpresetako eszenatoki interesgarrietan aplikatuko dira moduluak. Hauek dira aurreikusi diren erabilera batzuk:

• Eskaerak prestatzeko elkarlaneko postua
• Paletizazio/despaletizazio-modulu malgua
• Piezak elikatzeko unitatea
• Muntaketarako prestatzeko elkarlaneko postua
• Zamak garraiatzeko ibilgailu autonomoa
• Racking robotizatua

Enpresako I+Gari laguntzeko xedea dauka Hazitek programak, eta horrexek finantzatu du proiektua. Bestalde, erakunde-partzuergo baten laguntza dauka. Horien artean, hauek daude: ULMA Handling Systems, Fagor Arrasate, Mondragon Assembly eta Fegemu.