Lantoki iraunkorrak eta etorkizuneko industriara egokitu daitezkeenak

Data 22-02-2018 IK4-TEKNIKER Tags Automatizazioa eta robotica industriala .

Europako A4BLUE proiektuak, alegia, IK4-TEKNIKER buru duenak, automatizazio mekanismoak ekarriko ditu fabrikazio-prozesuetara, produkzio-sistema langileari egokitu eta, hortaz, bere ahalmena areagotzeko. Airbus eta CESA aire-konpainien, RWTH Aachen University unibertsitatearen eta IK4-TEKNIKERen instalazioetan egingo dira lehen probak.

Gaur egun sektore batzuetan dagoen lehiakortasuna, esaterako, aeronautikan, eta etengabe dauden aurrerapen teknologikoak direla eta, fabrikatzaileak behartuta daude produktibitate indizeak hobetzera eta malgutasun handiko produkzio-sistemak garatzera.

Sistema horiek guztiak langileen beharretara egokitzen direla bermatze aldera, A4BLUE proiektuaren (2016an abiarazi eta hiru urte iraungo duena) helburua zera da: egokitu ahal diren lantoki iraunkorrak sortzea eta balidatzea, prozesuetan etengabe dauden aldaketa eta eskakizunei aurre egitea ahalbidetzen dutenak eta langileen ezaugarrietara egokitzen direnak.

A4BLUE proiektuak egokitu ahal diren automatizazio mekanismoak ekarriko ditu lana modu eraginkorrean eta malgutasunez egin ahal izateko, betiere, gizakien eta makinen interakzioa segurua dela bermatuta. Halaber, langileei laguntza emateko sistema pertsonalizatuak ere biltzen ditu proiektuak, errealitate birtual eta areagotuko sistemak dituena, muntaketa-prozesuko eta prestakuntzako jardueretan laguntzeko.

Horrez gain, proiektuak produkzio-prozesuak zein neurritan automatizatu behar diren zehazteko metodologiak garatu nahi ditu, eta langileen poztasuna eta produkzio-sistema berrietan erabilgarriak diren ere ebaluatu nahi du.

A4BLUE proiektuak lau toki errealetan ebaluatuko ditu lantoki berri hauek: Airbus eta CESA aire-konpainien, RWTH Aachen University unibertsitatearen eta IK4-TEKNIKERen beraren instalazioetan. Bertan egingo dira lehen probak.

Airbusen kasuan, sistema hidrauliko konplexu baten muntaketa izango da agertokia, hegazkin baten aurrealdeko lurreratze-trenaren kaxan instalatuta dagoena. Kasu honetan, malgutasuna eta produktibitatea hobetu nahi dira, muntaketaren prozesu bakoitzaren parametroetara automatikoki egokitzen diren tresna “adimendunak” erabiliz.

Bestalde, ekipamendu fluido-mekanikoen Europako lider CESAk, hegazkin baten lurreratze-trenean erabiliko den eragingailu hidrauliko baten muntaketa optimizatu nahi du. Horretarako, bizarrak kentzeko prozesuaren denbora murrizten saiatzeaz gain, baldintza ergonomikoak eta segurtasun-baldintzak hobetzen saiatuko da. Horrez gain, tresna adimendunak erabiliko dira langileek aldi oro informazio erabilgarria atzitu eta partekatu ahal izan dezaten, bai eta errealitate areagotuko gailuak ere, haien gaitasunak sustatzeko.

Ikerketa honen hirugarren agertoki pilotua IK4-TEKNIKER izango da. Bertan, pertsonen eta roboten arteko lankidetzan oinarritutako giroa latch balbula baten muntaketara egokituko da. Robota langilearen ezaugarrietara egokitzeko mekanismoak eta interakzio multimodalerako gaitasun mekanismoak (ahotsa eta keinuak) erabiliko dira, bai eta laguntza pertsonalizatua ere, muntaketa egiteko.

RWTH Aachen University unibertsitatearen kasuan, ibilgailu elektrikoen azken muntaketa hobetzen saiatuko dira. A4BLUE proiektuak plataforma mugikor autonomo bat egokituko du tresnez hornitzeko. Hala, langilearen eraginkortasuna eta ergonomia hobetuko dira, eta plataformarekin duen interakzioa ere bai. Halaber, argibide pertsonalizatuak emango dizkio langileari, bere esperientziaren eta gaitasunen arabera, muntaketa-lanetan eraginkorragoa izan dadin.