Start-up industrial berri bat sortu da Europan, euskal partaidetzarekin

Data 27-06-2023 Tekniker

i-Tribomat, besteak beste, Tekniker zentro teknologikoak abiarazi du, eta tribologiako eta materialen eta lubrifikatzaileen karakterizazioko soluzio berritzaileak eskaintzen ditu.

Europako industrian fabrikatzen diren pieza asko materialen higaduraren ondorioz erabilezin bihurtzen diren beste pieza batzuen ordezko gisa sortzen dira, eta horrek kostu handiak eragiten ditu. Tribologia industrietako sistema mekanikoetako piezetan, industria eolikoan edo automozioan, esaterako, marruskadurak eragiten dituen ondorio negatiboak arintzeko soluzioak garatu nahi dituen zientzia da eta, alde horretatik, funtsezko zeregina betetzen du.

Europak zientzia horretan espezializatutako laborategi handiak dituen arren, zaila da industriako zerbitzu tribologiko guztiak estaliko dituen eskaintza bat aurkitzea. Erronka horri erantzuna emateko sortu da i-Tribomat, Tekniker eta Austriako AC2T eta Austriako Tribologia Elkartea (ÖTG) agenteen eskutik.

Europako start-up berri bat da, hainbat sektoretako enpresei materialen eta lubrifikatzaileen karakterizazio tribologikoan zerbitzua emango diena, portaera iragartzeko, higadura minimizatzeko eta osagaien bizitza baliagarria luzatzeko. Gainera, sinergiak sortuko ditu esparru horretako agente garrantzitsuenen artean.

"i-Tribomatek saiakuntza tribologikoko eta azaleko karakterizazioko ehun ekipamendu baino gehiago kudeatzen ditu, eta tribologiako diziplinetako 250 adituk baino gehiagok osatutako plantilla koordinatzen du", azaldu du Luis Uriarte

Teknikerreko zuzendari nagusiak.

Teknikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du tribologian eta Europako laborategi osatuenetako bat. Engranaje, errodamendu eta sistema hidrauliko edo pneumatikoetarako junturak bezalako osagaietarako hogeita hamar ekipamendu eta saiakuntza-banku baino gehiago jartzen ditu enpresa berri horren esku.

i-Tribomaten zerbitzuak indartze aldera, start-upak lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu tribologiari eskainitako azpiegitura handia duten erakunde publikoekin, esaterako, Alemaniako BAM eta Finlandiako VTT ikerketa-zentroekin eta Suediako Luleåko Unibertsitate Teknologikoarekin.

Europako merkaturako sarbidea

i-Tribomat-en parte-hartzeari esker, zentro teknologikoko tribologia-laborategiak Europa osoko industria-enpresei eman ahal izango die zerbitzua, besteak beste, automozio, aeronautika, eoliko, ekipamendu-ondasun mekaniko edo makina-erreminta sektoreekin lotutakoei eta, epe ertain-luzera, Amerikako eta Asiako bezero potentzialei.

Teknikerrek tribologian duen ezagutza zabalak, lankidetza horren esparruan, karakterizazio esperimentaleko saiakuntzak bezalako zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna ematen dio zentroari, aplikazio espezifikoetarako material egokiak eta ondoren martxan jartzeko saiakuntza-bankuak identifikatzeko.

i-Tribomaten eskaintzak adimen artifizialaren erabilera ere hartzen du, saiakuntza-banku espezifikorik ez duten materialen eta osagaien portaera aurreikusteko helburuarekin. Horretarako, hainbat baldintzatan egiten dira esperimentuak, pieza horien errendimenduari buruzko datuak neurtu eta erregistratzen dituzten eta antzeko egoeretan osagai horiek nola jokatuko duten iragartzeko aukera ematen duten patroiak ezartzen dituzten baldintzetan.

Bezeroek online merkataritza-plataforma bat ere izango dute eskura. Luis Uriartek nabarmendu duenez, “online zerbitzu honen bidez, beren piezak aztertzeko eta emaitzak jasotzeko lanak hauta eta kontrata ditzakete”.

Halaber, i-Tribomatek aholkularitza teknikoko zerbitzuak eskaintzen ditu, erakunde kontratatzaileek datu-baseetan artikulu teknikoei eta patenteei buruzko informazioa bildu ahal izan dezaten. Bestalde, higadura-arrazoiak diagnostikatzeko eta soluzioak bilatzeko aholkularitza zuzena eskatzeko aukera ere ematen du.

Europar Batasuneko Horizon 2020 programak finantzatutako proiektu homonimo baten jarraipen gisa sortu da ekimena. Enpresa berriak plataformaren eraginkortasuna eta funtzionamendua egiaztatu ditu, 8 herrialdetako 14 enpresari zerbitzuak eskainiz.

 

PDF deskarga