ISEM 2018 biltzarrak mekanizazio elektrokimikoan egin diren azken joerak aztertu ditu Bilbon

Data 27-04-2018 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak .

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak antolatu du biltzarraren azken edizioa. Apirilaren 23aren eta 27aren artean egin da, EHUko paraninfoan.

Europan, industriak hainbat erronka dauzka aurrez aurre; hala nola, lehiakortasuna bermatu behar du, testuinguru globalizatu batean. Eszenatoki horretan, azken aurrerapen zientifikoak edukiko dituzten fabrikazio-prozesu berrien garapenaren aldeko apustua egin behar da, sektorea abangoardia teknologikoan dagoela bermatzeko.

Testuinguru horretan, protagonismoa hartzen ari dira mekanizazio elektrokimikoa eta elektrohigadura bidezko mekanizazioa, fabrikazio gehigarria, estalketa elektrolitikoa edo ultrasoinu-sistemak bezalako diziplinak.

Ezagutza-arlo horiek jorratzeko, ISEM 2018 (Conference on Electro Physical and Chemical Machining) biltzarraren 19. edizioan eduki dute hitzordua elektromekanikaren eta azken belaunaldiko mekanizazio-prozesuen arloko nazioarteko hainbat adituk. IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak antolatu du biltzarra, EHUrekin elkarlanean.

Apirilaren 23tik 27ra bitartean egin da aurten biltzarra, EHUko paraninfoan (Bizkaia aretoan), eta batez ere Europatik eta Asiatik etorri diren 200dik gora bisitari eduki ditu. Bada, elektrohigaduran eta mekanizazio elektrokimikoan dauden azken joerak eta irtenbideak aztertzeko balio izan du.

100 ponentzia baino gehiagok osatu dute hitzaldien egitaraua, eta mekanizazio elektrofisikoaren eta elektrokimikoaren arloko abangoardiako teknologien garapenean eta ezarpenean aditu ospetsuak diren pertsonek hartu dute parte; hala nola, Xabier MAIDAGAN doktoreak, biltzarraren chairman-ak, Masanori Kunieda irakasleak (The University of Tokyo, Department of Precision Engineering) eta Luis Norberto López De Lacalle irakasleak (UPV/EHU).

Manu Goiogana, Joseba Pujana eta Iker Garmendia ikertzaileek ordezkatu dute IK4-TEKNIKER hitzaldietan, eta ultrasoinuekin lagundutako deskarga elektrikoaren mekanizazioan, metala laser bidez jalkitzean sortzen den altueraren kontrolean eta pieza metalikoak laser bidezko soldadurarekin (LMD) fabrikatzeari lotutako mugaketa geometrikoetan zentratu dira.

Hilaren 24an, “Ultrasonic assisted electrical discharge machining for high aspect ratio blind holes” izeneko ponentzia aurkeztu zuten zentro teknologikoko adituek, mekanizazio-denbora hobetzeko bibrazio ultrasonikoak erabiltzeari buruzko ikerketa baten berri emanez.

Hurrengo egunean, apirilaren 25ean, asteazkenean, altzairuan 3Dko geometriak eraikitzeko laser bidezko cladding teknologian dauzkan ezagutzak partekatu zituen zentro teknologikoak, “Study of the geometrical limitations associated to the metallic part manufacturing by the LMD process” hitzaldian.

Egun horretan bertan, “In-process height control during laser metal deposition based on structures light 3D scanning” izeneko ponentzia aurkeztu zuen IK4-TEKNIKERek. Horren bidez, materiala zuzenean jalkitzen duten fabrikazio gehigarriko prozesuei aplikatutako kontrol geometrikoko metodoak aztertu zituen.

Biltzarra ixteko, IK4-TEKNIKERek Eibarren dituen instalazioak bisitatuko dituzte gaur bertaratutakoek, bai eta Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa (Zamudioko Teknologia Parkea) bisitatu ere.

Hurrengo edizioa Zurichen (Suitza) egingo da, eta ekitaldiaren hurrengo anfitrioia izango den Konrad Wegener ETH Zuricheko irakasle doktoreak (Head of the Institut for Machine Tools Manufacturing) horren aurkezpena egin zuen biltzarrean.

ISEM biltzarra, hasieran "Elektromekanikako Nazioarteko Sinposioa" zena, 1960an sortu zen, mekanizazio-prozesu aurreratuetan espezializatutako komunitate zientifikoko enpresen, entitateen eta ordezkarien arteko loturak indartzeko xedez. 2013tik, Ekoizpen Ingeniaritzako Nazioarteko Akademiarekin (CIRP) batera egiten da, fabrikazio aurreratuari buruzko ikerketa-foro garrantzitsuenetarikoa izaki hori mundu-mailan.

Bilbon egin den azken edizioa izan da azken hamabost urteetan hiriburu bizkaitarrean egin den lehenengoa.

PDF deskarga