IK4-TEKNIKERek eta GHk teknologia-arloko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Data 08-10-2019 IK4-TEKNIKER

Zentro teknologikoak I+G+b-ren plan estrategikoa garatzen lagunduko dio enpresari, balio erantsi handiko garabiak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatu ditzan.

GH Cranes & Components enpresak garabiak diseinatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen ditu, eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaren erakunde Kolaboratzaile gisa sartu da, bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu berri ostean.

Hitzarmena gaur sinatu da, zentro teknologikoak Eibarren duen egoitzan. Ekitaldian, parte hartu dute José Antonio Guerra GH Cranes & Components enpresako zuzendari nagusiak eta Alejandro Bengoa IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak.

GH Cranes & Components enpresa aitzindarietako bat da altxaketaren sektorean. Halaber, garabi-zubi estandarrak eta sektore zehatzetarako garabi-zubi bereziak fabrikatzen ditu, oso-osorik. Horretaz gain, altxaketa-mekanismo guztiak (polipastoak), horien osagaiak eta ordezko piezak diseinatzen eta fabrikatzen ditu, eta munduko edozein txokotan ematen die zerbitzu bezeroei. Sektoreko produktu-eskaintza zabalenetako bat dauka, eta, besteak beste, honako hauek eskaintzen ditu: portikoak, lumak, gurditxoak, mentsulak eta zamak igotzeko nahiz mugitzeko bestelako produktuak.

GH Cranes & Components enpresa eta IK4-TEKNIKER elkarlan estuan ibili dira azken urteotan, garapen teknologikoaren eremuan.

Hitzarmen berriarekin, ordea, IK4-TEKNIKERek modu aktiboan lagunduko dio GH Cranes & Components enpresari I+G+b-ren plan estrategikoa zehazteko orduan, kolaboratzaile teknologiko gisa jardunez. Zentzu horretan, IK4-TEKNIKERek honako arlo hauetan erantsiko dio bere know-how-a: kalkuluan, modelizatuan eta sistemen simulazioan; makinen eta osagai mekanikoen bizitza-ziklo osoko portaeran (diseinua, fabrikazioa, baliozkotzea, eragiketa eta mantentze-lanak); tribologian; seinale monitorizatuak eta narriatze-mekanismoak korrelazioan jartzeko proba-bankuen erabileran eta bizitza baliagarriaren modelatuan.

GH Cranes & Components enpresak erakunde kolaboratzaile gisa sinatu du hitzarmena, eta, beraz, IK4-TEKNIKERen bezero estrategiko bihurtu da. Harreman estrategiko horrekin, bi antolakundeen arteko ezagutzan sakondu nahi dute; plan teknologikoak partekatu eta lerrokatu nahi dituzte, eta teknologiaren nahiz merkatuaren eremu berriak esploratu nahi dituzte enpresarako, hori guztia I+G+b-ren proiektu bateratuak lerrokatuago egon daitezen, ibilbide handiagoa izan dezaten eta GH Cranes & Components enpresaren negozioan amaierako inpaktu handiagoa izan dezaten.

Azken txertaketa horrekin, erakunde kolaboratzaileak hogeita hamar baino gehiago dira jada. Bada, GHz gain, honako hauek osatzen dute taldea: Aernnova, Alfa Lan, Doimak, Egile Corporation, Etxetar, Fagor Automation, Goialde, Goizper, Ibermática, iLine Microsystems, Jaureguizar, Juaristi, Kutxabank, Lazpiur, Maher Holding, Maier, Masermic, Ojmar, ONA, Pasaban, Siemens Gamesa, Ulma Handling Systems, Zayer eta Zigor.

PDF deskarga