IK4-TEKNIKER SolarPACES 2018 biltzarrean egongo da

Data 27-09-2018 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak .

Zentro teknologikoak parte hartuko du ponentzien programan, eta bere standa edukiko du erakusketa-eremuan.

Urriaren 2tik 5era, Marokoko Casablanca hirian elkartuko dira munduko erakunde zientifiko, ikerketa-zentro eta enpresa nagusiak, SolarPACES 2018 biltzarrean; hots, kontzentrazio bidezko eguzki-energiaren sektorean (CSP) munduan egiten den ekitaldi garrantzitsuenean.

Energiaren Nazioarteko Agentziak antolatu du biltzarra, eta 24. edizioa izango du honako hau. Ekitaldian, 40 herrialde ingurutako 500 ikertzaile eta industriako ordezkari baino gehiago biltzen dira urtero.

IK4-TEKNIKER 2006tik joaten da foro horretara, eta, aurten, nabarmendu egingo da, ponentzien programan parte hartuko baitu. Horretaz gain, bere erakustokia edukiko du, CSPren eremuan egin dituen garapen adierazgarrienak ezagutarazteko.

Presentzia nabarmena

Zentro teknologikoak “Integration of a non-immersion ultrasonic cleaning system in a solar concentrating field” izeneko ponentzia aurkeztuko du. Bada, ur gutxi kontsumitzen duen eta CIEMATen instalazioetako (Almeriako Eguzki Plataforma) heliostato-eremu batean integratuta dagoen ultrasoinu bidezko garbiketa-sistema bati buruzkoa da (zentro teknologikoak patentatu du garbiketa-sistema).

“SMARTCSP: The Industry 4.0 approach for an effective CSP cost reduction” izenburua darama bigarren ponentziak, eta prozesadoreak, sentsoreak eta komunikazioak CSP instalazioko osagaietan banatuta eta miniaturizatuta integratzeari buruzkoa da. Teknologia horrek, zeina 4.0 Industriaren barruan sartzen den, instalazioen adimen- eta autonomia-maila handituko du, eta, horri esker, prestazioak hobetzeaz gain, kostuak murriztuko dira. Halaber, CSP instalazioen kontzeptu berri horri esker, instalazioko jarduera eta mantentze-lanak hobetuko dira.

"MOSAIC, a new CSP plant concept for the highest concentration ratios at the lowest cost” izenburua dauka hirugarrenak, eta, bertan, eguzkiaren energia ustiatzen duten zentralen kontzeptu berria proposatuko du zentro teknologikoak, Fresnel konfigurazio batean jarritako kontzentratzaile esferiko finkoetan oinarrituta dagoena. Biltzarrean, konfigurazio modular horren aurretiazko emaitzak aurkeztuko dituzte; izan ere, konfigurazio horrek eragite gehienak kentzen ditu, eta, hortaz, kostuak murrizteko ahal handia dauka.

Bigarren eta hirugarren ponentzietan aurkeztuko dituzten garapenak elkarrekin egin dituzte IK4-TEKNIKERek eta Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER).

Azkenik, hainbat ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu IK4-TEKNIKERek ekitaldiko posterren sekzioan.

Eguzki-instalazioen efizientzia hobetzeko lau erakusgarri

Zentro teknologikoak eguzki-kontzentrazioaren teknologien eremuan dauzkan gaitasunak islatzen dituzten lau erakusgarri eramango ditu biltzarreko erakusketa-eremura.

Zehazki, panel fotovoltaikoetarako garbiketa-sistema ultrasonikoa aurkeztuko du zentro teknologikoak, eta horri buruz hitz egingo du ponentzietako batean. Ispiluaren islagarritasunaren 0 berreskuratzen du sistema horrek, eta fabrikazioaren hasierako baliora itzularazten du. Irtenbide horrek 600 aldiz ur gutxiago erabiltzen du, mikra baino txikiagoak diren hauts-partikulak deuseztatzen ditu, eta garbitzeko ohiko tresnek (hala nola, eskuilek) eragiten dituzten markak saihesten ditu.

Ispiluaren gainazalean itsatsitako zikinkeria ekorketaren bidez kentzen duen gailu ultrasonikoa da. Egungo garbiketa-teknikek (esaterako, presiopeko ur-zurrustek edo eskuilek) ez bezala, goi-mailako prestazioak eskaintzen ditu sistemak, eta bitartekoak aurrezten.

Ikusi bideoa

Heliostato-eremua kalibratzeko irtenbide batek osatuko du beste erakusgarrietako bat; hau da, eguzki-islatzaileak. Bada, eguzkiaren mugimendua jarraitzeko nahiz eguzki-argia puntu batean islatzeko xedez mugitzen den ispilu batek edo batzuek osatzen dute eguzki-islatzaile hori. Eguzki-islatzaileak ondo funtzionatzea giltzarria da instalazioa efizientea izan dadin.

Zehazki, heliostatoak aldi berean kalibratzeko irtenbide bat garatu dute CENER eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoek, eguzki-instalazio termikoen doitze-lanak soiltzeko eta horien funtzionamendua hobetzeko xedez.

Ikusi bideoa

Hirugarrenik, eguzki-instalazioen energia-efizientzia optimizatzen laguntzen duen sentsore bat aurkeztuko du zentro teknologikoak. Optimizazio hori lortzeko, denbora errealean monitorizatzen da ispiluetan itsasten den zikinkeria.

"Eguraldi txarrarekin, lohia eta zikinkeria pilatzen dira ispiluen gainazaletan, eta, horren ondorioz, kaltetu egiten da energia-bilketaren efizientzia. Arazo hori konpontzeko xedez, kostu txikiko baina sentsibilitate handiko sentsore bat garatu dugu, ispiluetan itsasten den zikinkeria ebaluatzen duena", adierazi du IK4-TEKNIKEReko ikertzaile batek.

Azkenik, estaldura selektiboetan egin dituen garapenak aurkeztuko ditu IK4-TEKNIKERek SolarPACES 2018 biltzarrean. Estaldura horiek pertsonalizatzeko aukera dago, aplikazio eta tenperatura-tarte bakoitzean optimiza daitezen xurgapena eta emitantzia.

Ikusi bideoa

PDF deskarga