IK4-TEKNIKER enpresa da A4BLUE proiektu europarraren burua

Data 24-11-2016 IK4-TEKNIKER Tags Automatizazioa eta robotica industriala .

Proiektuaren helburua lan-giro iraunkor berria garatzea eta ebaluatzea da, fabrikazio-prozesuetan etengabe aldatuz doazen eskakizunetara eta langileen gaitasun zehatzetara egokitzeko gai dena.

Ikerketa eta Berrikuntza sustatzeko H2020 proiektu europarraren esparruan, A4BLUE (Adaptive Automation in Assembly For BLUE collar workers satisfaction in Evolvable context) proiektua abiarazi da Europako Batzordearen diru-laguntzarekin.

Euskadiko IK4-TEKNIKER Teknologia Zentroa izango da proiektuaren burua, eta erakunde entzutetsuek ere parte hartuko dute, hala nola, RWTH Aachen University (Alemania) eta Cranfield University (Erresuma Batua) unibertsitateek eta honako enpresa hauek: AIRBUS Operation SAS (Frantzia), Engineering-Ingenieria Informática SPA (Italia), Illogic Societa’a Respponsabilita’Limitata (Italia), CIAOTECH Srl (Italia), CESA (Espainia) eta Ingeniería de Automatización y Robótica KOMAT SL (Espainia).

Aeronautikaren, automobilgintzaren eta haize-energiaren edo kapital-ondasunen sektoreetan, adibidez, ohikoak dira, alde batetik, malgutasun handia eskatzen duten produktu konplexuak eta eskala txikiko ekoizpena, eta bestetik, ekoizpen-indizeak areagotzeko presioa, gero eta handiagoa dena. Horrez gain, fabrikatzeko sistemek etengabe aldatuz doan giroari egin behar diote aurre, bai epe laburrean gertatzen diren aldaketak direla eta, ekoizpen-prozesuari edota langileen ezaugarriei lotutakoak, bai epe luzean gertatzen direnak. Azken horiek merkatuaren eskakizunek, enpresaren estrategiak, aurrerapen teknologikoek eta joera demografikoek eragin ditzakete. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da langileen elkarrekintza, eta mihiztadura-sistemek pertsonak eta automatizatutako mekanismoak bildu behar dituzte horien bien sendotasunak ahalik eta hobekien aprobetxatzeko.

Hiru urteko proiektu honen helburu nagusia lan-giro iraunkor berria garatzea eta ebaluatzea da, fabrikazio-prozesuetan etengabe aldatuz doazen eskakizunetara eta langileen gaitasun zehatzetara egokitzeko gai dena. Horretarako, egokitu ahal diren automatizazio mekanismoak ekarriko ditu A4BLUE proiektuak, lana modu eraginkorrean eta malgutasunez egin ahal izateko, betiere, gizakien eta makinen interakzioa jarraitua eta segurua dela bermatuta. Halaber, langileei laguntza emateko sistema aurreratu eta pertsonalizatuak ere biltzen ditu proiektuak, besteak beste, errealitate birtual eta handituko sistemak eta informazioa kudeatzeko sistemak, muntaketa-prozesuko eta prestakuntzako jardueretan laguntzeko. Horrez gain, A4BLUE proiektuak muntaketa-prozesu berriak zein neurritan automatizatu behar diren zehazteko metodoak eta tresnak biltzen ditu, irizpide sozialak eta ekonomikoak modu orekatuan aintzat hartuta, epe luzean langileen poztasuna ahal beste areagotzeko eta ekoizpen-prozedura hobetzeko.

A4BLUE bi giro industrial errealetan (AIRBUS eta CESA) eta bi laborategitan (IK4-TEKNIKER eta RWTH Aachen) aplikatu eta balioetsiko da.

Proiektuaren burua izateaz gain, IK4-TEKNIKERek azpiegituren arkitekturaren kontzeptualizazioan eta diseinuan egingo du lan, eta bera arduratuko da framework moldagarria garatzeaz. Halaber, automatizazioen arriskuak aztertuko ditu, baita pertsonen eta makinen interakzio multimodalarenak ere. Bestalde, IK4-TEKNIKER arduratuko da proiektuan garatutako kontzeptuak aplikatzeaz. Horretarako, pertsonak robot bimanipulatzaile batekin elkarlanean arituko dira.

PDF deskarga