HSM 2018, abiadura handiko mekanizaziorako topagunea

Data 12-03-2018 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak .

Apirilaren 17an eta 18an errendimendu handiko mekanizazioari, ehundura bidezko mekanizazioari eta fabrikazio gehigarriari buruzko High Speed Machining 2018 biltzarra egingo da Donostiako Kursaal jauregian.

Abiadura handiko mekanizazioari buruzko High Speed Machining (HSM) nazioarteko biltzarraren hamalaugarren edizioa IK4-TEKNIKERek antolatuko du, beste erakunde batzuekin batera, eta aurten errendimendu handiko mekanizazioa, ehundura bidezko mekanizazioa eta fabrikazio gehigarria izango dira gai nagusiak.

Hortaz, aurten honako gai hauek aztertuko dira ekitaldian:

  • Mekanizazioaren modelatze analitikoa eta zenbakizkoa (efektu termikoak eta alderdi tribologikoak)
  • Errendimendu handiko mekanizazioa
  • Doitasunezko eta ultra-doitasunezko (prozesu urratzaileak) mekanizazioa, eta mikro-mekanizazioa
  • Mekanizazioaren dinamika eta egonkortasuna eta prozesuen optimizazioa, chattering-aren prebentzioa
  • Metalezko eta ez-metalezko materialen mekanizazioa
  • Mekanizazio-prozesu jasangarriak (Eko-lubrifikazioa, MQL, lehorreko mekanizazioa, etab.)
  • Saiakuntzak, neurketa, saiakuntza-ikuspegiak mekanizazioan
  • Ebakuntza-tresnetarako materialak, diseinua eta tresnen errendimendua (geruzak eta tresnen higadura)
  • Berrikuntzak mekanikazio-teknologietan (torneaketa, fresaketa, artezketa, engranajeen fresaketa, roboten bidezko mekanizazioa, etab.)
  • Ebakitzeko zailak diren materialen mekanizazioa (titanio-aleazioak, nikel-aleazioak, altzairu herdoilgaitza, material gogorrak, prozesu hibridoak)
  • Mekanizagarritasuna konformazioko prozesu berritzaileak egin ondoren (fabrikazio gehigarria, deformazio plastiko gogorreko prozesuak)
  • CAD/CAM sistemak eta estrategiak errendimendu handiko ebakitze-eragiketetarako, mekanizazio birtuala
  • Makina-erreminta adimenduna (eragintza-sistemen jarraipena, diagnostikoa, modelatzea eta optimizazioa, kontrol-sistemak, kontrol-estrategiak eta mekatronika, sistema ziberfisikoak, etab.)
  • Makina-erremintaren diseinua, modelatzea, optimizazioa eta identifikazioa (makina-erremintako eta inguruneko egiturak, jokaera termikoa, torlojuen modelatzea, etab.)
  • Mekanizazio-prozesuei buruzko alderdi hezitzaileak

Biltzarra apirilaren 17an hasiko da ofizialki Donostiako Kursaal jauregian, eta mekanizazioko prozesu aurreratuen eta fabrikazio-teknologien munduko ordezkari nabarmenak bilduko ditu berriro.

Era berean, hainbat hitzaldi antolatu dira egitarauan: adibidez, Darmstadteko Unibertsitate Teknikoko Produkzio, Teknologia eta Makina Erremintako Kudeaketa Institutuko zuzendari Eberhard Abeleren hitzaldia, edo SYMG-Shenyang Machine Tool taldeko zuzendariaren kontseilari Ömer Sahin Ganiyusufogluren hitzaldia.

Biltzarrari amaiera emateko, IK4-IDEKO eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoek bisita bat antolatu dute Elgoibarren eta Eibarren dituzten lantokietan, hurrenez hurren

Informazio gehiago

HSM 2018 biltzarrari buruz informazio gehiago nahi izanez gero, sartu biltzarraren webguneko “Main Topics” atalean.