Heliostatoak kalibratzeko irtenbide berritzaile bat

Helburua

Eguzki-energia termikoko instalazioen funtzionamenduaren doikuntza- eta optimizazio-lanak soiltzeko premia.

Emaitzak

Ekoizpenean geldialdiak egitea saihestearekin batera heliostato-eremu osoa aldi berean eta ordu batzuetan kalibratzea ahalbidetzen duen irtenbidea garatu da.

Kalibrazioa, heliostatoa, islatzailea, eguzki-instalazio termikoak

Heliostatoen funtzionamendua ezin hobea izan dadin, ezinbestekoa da, instalazioa eraiki bitartean, horien orientazioa doitzea eta beren bizitza baliagarrian ekintza hori aldizka errepikatzea.

Orain arte, eraikitako instalazio gehienek mota horretako gailu-kopuru mugatuz (milaka gutxi batzuk) osatutako eguzki-eremuak eduki dituzte, eta, beraz, sekuentziaka egin izan da horien kalibrazioa; hau da, bakoitzean gailu bakarra kalibratuz. Alabaina, eguzki-energia sortzeko kostuak murrizteko ahaleginaren ondorioz, instalazio zabalagoak eraiki dira, eta, batzuetan, heliostato txikiagoak jarri. Eszenatoki horretan, kalibrazio sekuentzialak ez dira bideragarriak izaten.

Testuinguru horretan, heliostatoak aldi berean kalibratzeko irtenbide bat garatu eta patentatu dute CENER eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoek, eguzki-instalazio termikoen doitze-lanak soiltzeko eta horien funtzionamendua hobetzeko xedez. Irtenbide azkarragoa da, eta kalibrazioak maiz egitea nahiz heliostatoen egonkortasun-betekizunak murriztea ahalbidetzen du, fabrikazioari lotutako kostua txikitzearekin batera.

Heliostato-eremu osoa aldi berean eta ordu gutxi batzuetan doitzea ahalbidetzen du CENERek eta IK4-TEKNIKERek garatu eta patentatu duten kalibrazio-prozedurak. Bestalde, instalazioaren jardueran eragin gabe egin daiteke kalibrazioa, gauez edo geldialdietan egingo da-eta.

Horretarako, gailu bakoitzean jarritako kostu baxuko kamera batean eta eremuan jarritako hainbat target-etan oinarritzen da, batez ere, sistema berritzaile hori.

Heliostatoaren mugimendua zinematikaren eta eremuan duen tokiaren araberakoa da. Diseinuan, teorikoki, gauza jakina da hori, baina fabrikazio-, muntaketa- eta instalazio-zehaztapenek edo denboran zeharreko egonkortasun-gabeziak heliostatoaren zehaztasuna eta eraginkortasuna baldintzatzen dituzten akatsak ekartzen dituzte. Akats horiek konpentsatzeko modu bakarra benetako zinematika eta urteetan zeharreko bilakaera ezagutzea da.

Arazo horren aurrean, irudiak hartzeko eta irudi horiek prozesatzeko prozedura bat jaso du bi zentroek garatu duten irtenbideak, eremuan instalatutako heliostato bakoitzaren benetako zinematika identifikatzeko xedez.

Irtenbidea arrakastaz probatu da Almeriako Eguzki Plataforman (PSAn). Emaitza onak eduki ditu, eta "Heliostatoak kalibratzeko metodoa" patentearen bidez babestu da.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu