Gailu eramangarria berehalako erditze goiztiarrak diagnostikatzeko

Data 12-05-2020 Tekniker

Tekniker berehalako erditze goiztiarrak diagnostikatzeko balio duen gailu bat optimizatzen ari da; gailua erditzeko sintomak izanik programatutako eguna baino lehenago ospitalera joaten diren emakume haurdunekin erabiliko da. Zentroa, Innitius enpresarekin batera, bagina barruko zunda eta gailu horren irakurgailua, “Fine Birth” izenekoa, garatzen ari da.

Erditze goiztiarrak bost urtetik beherako umeen heriotzaren kausa dira nagusia munduan. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 2017an 2,5 milioi adingabeko hil ziren horregatik, 1990ean baino % 40 gehiago. Hori dela eta, OMEk berak eta NBEk lehentasuna eman diote arazo honi, eta 2030. urterako jaioberrien heriotza-tasa % 1,2ra eta 5 urtetik beherakoena % 2,5era jaisteko helburua ezarri dute.

Egoera horren aurrean, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker lanean ari da tortsio-uhinetan oinarritutako gailua sortzeko; horren bidez, zehaztasun handiagoarekin diagnostikatuko da berehalako erditze goiztiarra gertatzeko arriskua. Hala, haurdun dauden emakumeek de garai aurretik erditzeko mehatxu faltsuak dituztenean, ez dira egongo beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak; halaber, osasuntsu dauden emakume haurdunei ez zaie kortikoide edo antibiotikorik emango.

Egun, garai aurretik erditzeko mehatxu faltsuak identifikatzeko, in vitro Fibronektina testa eta PAMG-1 erabili dira, baina positibo faltsuak oso ohikoak dira (% 70etik gora). Hori dela eta, iragarpen zehatzagoak egin ditzakeen gailua behar dugu, ospitaleratze kopurua murrizteko; izan ere, egun oso ugariak dira osasun-sistemetan (eta beharrezkoak ez diren gastuak sortzen dituzte), eta familiengan ere eragina dute.

Helburu horrekin, Innitius enpresak “Fine Birth” izeneko prototipoa diseinatu zuen Granadako unibertsitatearen eta Andaluziako Osasun Sistemaren laguntzarekin.

Fine Birth gailuak tortsio-uhinetan oinarritutako teknologia darabil, haurdunaldian umetokiaren ehunaren zurruntasunean dauden aldaketak behatzeko. Aldaketa horien azterketari, hainbat aldagai konbinatzen dituen algoritmo bati eta adimen artifizialeko tresnei esker, jakin daiteke haurdun dagoen emakume batek testa egin eta hurrengo zazpi egunetan zer nolako arriskua duen erditze goiztiarra izateko. Halaber, beste aplikazio batzuk garabidean daude, adibidez, umetoki-lepoaren inkonpetentzia diagnostikatzeko, erditzearen indukzio-prozesua ebaluatzeko edo in vitro ernalketa prozesua optimizatzeko.

Alabaina, gailua merkaturatu baino lehen, hobetu eta optimizatu egin behar da, eta azterketa kliniko berriak egin. Hortaz, Innitiusek egokitzapen teknologikoak egin behar izan zituen gailua hobetzeko eta bere errendimendua optimizatzeko.

Modelo fidagarri eta eraginkorra

Ondore horietarako, Innitiusek Tekniker izan du teknologia-kide; bere laguntzarekin, beharrezkoak diren aldaketak egingo ditu modelo fidagarri, sendo eta eraginkorra lortzeko. Aldaketa hauekin, batetik, bagina barruko zunda garatu nahi da, eta, bestetik, gailuaren irakurgailua.

Tekniker espezializatuta dago diseinurako eta garapen mekanikorako teknologietan, diseinu eta garapen elektriko-elektronikoan, prototipoen diseinuan, horien fabrikazioan eta martxan jartzean; horri guztiari esker, posible da zundarekin dauden arazoak konpontzea, eta egun dugun prototipoa merkatuan saltzeko prest dagoen produktu sanitario bihurtzea.

Zundari dagokionez, zentro teknologikoak zenbait elementu optimizatuko ditu, eta motor berria prestatuko du igorlerako, fidagarriagoa izango dena eta seinale egokiak emango dituena. Halaber, mintz esterilen erabilera eta finkatzea hobetzen eta materia berriak saiatzen ari da, eta igorlearen zentraketarako metodo hobetua diseinatuko du, besteak beste.

Irakurgailuari dagokionez, Teknikerrek baterien bidezko elikatze-sistema integratuko du, eta beharrezkoa den miniaturizazio elektronikoa bideratuko du gailu eramangarri autonomoa diseinatzeko, "point of care" erakoa.

Azken finean, zentroaren lana da industria mailan eskalagarriak diren pieza berriak diseinatzea, zundaren mihiztadura errazteko eta eskakizun berrietara egokitzeko (motorra, euskarriak...), baina haien funtzionamendua kaltetu gabe.

Teknikerrek, diseinua eta fabrikazioa bukatutakoan, zundaren eta irakurgailuaren prototipo berriak muntatuko ditu bere instalazioetan. Bestalde, gailu berriak 2020ko udan egongo dira prest.

PDF deskarga