Gailu berria ostomizatutako pazienteen artean herniak prebenitzeko

Data 05-05-2020 Tekniker

Tekniker 12 de Octubre Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako fundazioarekin lanean ari da soluzioa diseinatzeko. Zentro teknologikoa produktuaren diseinuaz, fabrikazioaz eta muntaketaz arduratu da; produktua patente baten bidez babestuta dago.

Erregistro ofizialik ez dagoen arren, Ostomiaren Liburu Zuriaren (1) arabera ostomizatutako 70.000 paziente inguru dago Espainian, hau da, gaixotasun baten ondorioz, kolon eta ondesteko minbizia kasu, kirurgia-operazioa behar izan duten pertsona, hestea edo gernu sistema azaleratzeko. Une horretatik aurrera, kanpoko poltsa biltzailea eraman behar dute, gernua eta eginkariak pilatzeko. Ostomiak nabarmen alda dezake pazientearen bizitza, zaintza espezializatuak behar baititu, eta bestelako ondorioak izan baititzake, hala nola, estomako herniak; sabelaldean gerta daitezkeen lesioak dira, zehazki, ebakidura egin den aldean.

Espainian 16.000 paziente ostomizatu berri daude urtero. Ostomia gehienak, % 60 inguru, aldi baterako besterik ez dira; gainerako % 40a, berriz, betirako. Egun, 70.000 paziente ostomizatu inguru daude. Horien % 55ek kolostomia (kolona) izan dute; % 35ek, ileostomia (ileona), eta ia % 10ek, urostomia (gernu-aparatua). Ostomia egitera behartzen duen patologiarik ohikoena kolon eta ondesteko minbizia da.

Egun, ostomizatutako pazienteek estomako hernia saihesteko dituzten konponbideak ez dira hobeezinak, izan ere, pazienteen % 50ek oraindik estomako herniak izaten dituzte, eta pazienteen % 10 eta % 15 artean soilik egiten dute ebakuntza horiek konpontzeko.

Finkatzeko banda anatomikoa

Ostomizatutako pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko eta horrelako lesioak saihesteko helburuarekin, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den Tekniker Madrilgo 12 de Octubre Ospitaleko Ikerketa Biomedikorako fundazioarekin lanean ari da, ostomia-poltsa finkatzen lagunduko duen gailua diseinatzeko eta, horrenbestez, estomako herniak saihesteko.

Konponbide hau hiru elementuk osatzen dute: sabelaldean, estoma edo ebakiduraren bi alboetan, eusten den oinarria; babesteko ezkutua, forma anatomikoduna, pazienteak erraz maneiatzeko modukoa; eta banda bat, gailua estomaren gunera egokitzeko eta sabelaldea modu uniformean konprimatzeko. Diseinua patente baten bidez babestuta dago, eta ospitalean ostomizatuta zegoen paziente baten eta erizainen ekimen batetik jaio zen. Haiei esker, eta 12 de Octubre Ospitaleko Ikerketa Osasun Ikerketa Institutuaren Berrikuntza Unitatearen laguntzarekin, posiblea izan da proiektu hau aurrera eramatea.

Teknikerrek, zehaztasun handiko ekipamenduen diseinuan, garapenean eta fabrikazioan esperientzia zabala duenez, produktuaren diseinua aldatu eta hobetzeko hainbat proposamen egin ditu. Gainera, material funtzional eta biobateragarriak erabili dira piezak fabrikatzeko. Bestalde, gailua osatzen duten piezak produktuan oinarritutako ekonomiako parametroen arabera eta modu errentagarrian fabrikatu daitezke, eta gerora industrializatu ahal izango dira.

Lehen fasean, zentro teknologikoak gailuak bete beharreko funtzioak, produktuaren ergonomia, materialen erabilera eta pieza eskalagarriak erabiltzeko aukera aztertu ditu, ekoizpen industrialera begira. Fase horretan erabakigarria izan zen pazienteen eta ostomizatutako pazienteen zaintzaz arduratzen ziren erizainen iritzia.

Baliozkotzea eta probak

Bigarren fasean, material egokienak aukeratu, gailua zehatz-mehatz garatu eta ekoizteko modurik aproposena zehaztu dira. Teknikerrek prototipoak muntatu ditu gerora haiek baliozkotzeko. Horretarako, zaintzei lotutako ikerketak bideratzen dituen eta erizainez osatutako Invecuid taldeak ikerketa egingo du ostomizatu berri diren pazienteekin. Horrez bitartez, gailuak estomako hernia saihesteko duen ahalmena baliozkotuko da.

Proiektuaren azken fasean, bideragarritasun industrialari buruzko txostena prestatuko da. Hala, fabrikatu beharreko ale kopuruaren arabera aukeratuko dira prozesu industrial egokienak eta hornitzaile potentzialak.

(1) Datu guztiak Ostomiaren Liburu Zuritik hartutakoak dira.

PDF deskarga