Espainiako ekosistema aeroespazialeko elitea Madrilen bilduko da sektorearen erronkei aurre egiteko
IMDEA Institutuak eta GMVk bi jardunaldi teknologiko hartuko dituzte ekainaren 5ean eta 6an, aeronautikaren eta espazioaren erronka nagusiei bideratuta. Enpresa teknologikoek, ikerketa-zentroek eta erakundeetako ordezkariek berrikuntza, jasangarritasuna eta industria-lehiakortasuna bultzatuko duten irtenbideei buruz eztabaidatuko dute.

Industria aeroespazialak eraldaketa-etapa bat bizi du, eraginkortasuna hobetzeko, eredu jasangarriagoetarantz aurrera egiteko eta merkatu global oso lehiakor batean duen posizioa indartzeko beharrak markatuta. Eskari horiek 2025eko Aeronautikako eta Espazioko I+G+B Agendek zehaztutako esparru estrategiko bati erantzuten diote. Agenda horiek sektorearen lehentasun teknologikoak ezartzen dituzte eta lankidetzan oinarritutako erantzuna sustatzen dute.
Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, bi jardunaldi teknologiko egingo ditu ekainaren 5ean eta 6an Madrilen, ECO-AERO proiektuaren barruan. Berrikuntza irekiaren ekimen horren helburua aliantza estrategikoak sortzea, ezagutzaren transferentzia erraztea eta industria aeroespazialaren egungo erronkei aplikatutako teknologiak ikusaraztea da.
"Berrikuntza aeroespaziala bizkortuz" topaketak enpresa teknologikoak, ikerketa-zentroak eta erakundeetako ordezkariak bilduko ditu esperientziak partekatzeko, benetako beharrak detektatzeko eta sektorearen erronka nagusiei irtenbideak planteatzeko, industrian eragin nabarmena izango duen lankidetza-gune bat sortuz.
Aeronautikaren etorkizunari aplikatutako teknologia
"Aeronautikaren etorkizuna eraldatuz" izenburupean, lehen hitzordua ekainaren 5ean izango da, Madrilgo IMDEA Institutuan. Material Konposatuen Ikerketa, Garapen eta Aplikaziorako Fundazioaren (FIDAMC) laguntzarekin, Teknikerrek aeronautikaren sektorearen erronka nagusiak jorratuko dituen programa bat eskainiko du, prozesuen digitalizazioan, automatizazioan, material berrien garapenean eta jasangarritasunean ikuspegi berezi batekin.
Jardunaldian Airbus, Aernnova, Aciturri, MTorres, ITP Aero, INVENTIA Kinetics, HEXAGON edo GMV bezalako enpresek, HEGAN, CDTI, TEDAE eta AEMAC erakundeek eta Zientzia eta Industria ministerioetako ordezkariek hartuko dute parte. Hainbat mahai-ingurutan, aplikazio errealeko kasuak aztertuko dira, mantentze lan prediktiboan biki digitalen erabilera eztabaidatuko da eta hornidura-katearen eraginkortasuna eta errendimendua hobetzera bideratutako soluzio teknologikoak aurkeztuko dira.
Teknikerrek eta FIDAMCek, adibidez, diagnostiko adimenduneko sistemekin edo doitasun handiko robotika-soluzioekin lotutako arrakasta-kasu batzuk aurkeztuko dituzte bideoen bidez.
Industria-ekosistema espaziala sendotzea
Hurrengo egunean, jardunaldiak GMV multinazional teknologikoaren egoitza nagusira eramango dira. Bertan, Teknikerrekin eta FIDAMCekin batera "Industria espaziala bultzatuz" saioa antolatu da.
Agendak lau mahai-inguru izango ditu, sektore espazialaren egungo egoera, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren erronkak, material berrien eta fabrikazio-prozesuen aurrerapenak, eta diseinuak sistema eraginkorragoen eta muturreko inguruneetara egokituen garapenean duen zeregina aztertzeko.
Parte hartuko duten erakundeen artean daude HISPASAT, Thales Alenia Space, Sener Aeroespacial y Defensa, AIRBUS Space & Defense, PLD Space, UARX Space, Grupo Oesía, bai eta Espainiako Espazio Agentziako eta IMDEA edo CDTI bezalako zentroetako ordezkariak ere.
Gainera, zentro teknologikoek garapen teknologiko berritzaileak erakutsiko dituzte, elektronika malguko eta fabrikazio aurreratuko soluzioak bezala.
Transferentzia teknologikoa
Bi jardunaldiak ECO-AERO proiektuaren parte dira, Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroak (CDTI) Cervera Bikaintasun Sareen bidez finantzatutako ekimena, emaitza zehatzetara bideratutako berrikuntza-eredu irekia sustatzen duena, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planarekin eta PERTE aeroespazialarekin bat datorrena.
Ildo horretan, Teknikerrek eragileen arteko konexio-ekintzak eta behar teknologikoen detekzio-ekintzak gidatzen ditu proiektuaren barruan, ezagutzaren transferentzia errazteko eta produkzio-sarean modu eraginkorrean integratuko diren konponbideak sortzeko.
Partzuergoaren barruan duen zeregina behar teknologikoak identifikatzean, ezagutzaren transferentzia sustatzean eta industria-ehunean irtenbide berriak hartzea azkartzean datza, bereziki robotika aurreratuan, gainazal funtzionaletan eta fabrikazio adimendunean.