Errepideko lan-istripuak prebenitzeko ´online´ NBEak

Data 14-09-2023 Tekniker

Tekniker zentro teknologikoak IoT gailu bat garatzen parte hartu du, langileen Norbera Babesteko Ekipamenduetan integratzen dena. Alertari buruzko datuak erregistratzen ditu, segurtasuna hobetzeko.

Errepideko istripuek ez dituzte bidean dabiltzan ibilgailuak bakarrik inplikatzen. Gune horiek eraikitzen eta mantentzen egunero lan egiten duten langileek ere arriskuan jartzen dute haien segurtasuna.

Obra zibiletako langileen babesa hobetzeko erronkarekin, Tekniker zentro teknologikoak Engidi start-uparekin lankidetzan jardun du ACRUX sortzeko. Gailu hori Norbera Babesteko Ekipoetan (NBE) integratzen da, Internet of Things-en (IoT) joera globalarekin bat etorriz: Internet edo beste komunikazio-sare batzuen bidez beste gailu eta sistema batzuekin konektatzeko eta datuak trukatzeko gai diren objektuak sortzea.

Sistemak aukera ematen du unean bertan langilearen kokapenari eta egoerari buruzko datuak erregistratzeko, adibidez, erorikoa izan duen edo posizio arriskutsuan dagoen, eta alertak bidaltzen ditu, automatikoki kokalekutik gertu dabiltzan ibilgailuei helarazteko, haren osotasun fisikoa babesteko. 

Joseba Izaguirre Teknikerreko ikertzaileak azaldu duen bezala, "langileak alerta jo dezake baldintza arriskutsuetan dagoenean, eta, era berean, sistema bere kabuz abisu bat bidaltzeko gai da pertsona arrisku-egoeran dagoela antzematen duenean, hala nola altuera handietan edo muturreko tenperaturetan, behar diren neurriak har daitezen". 

Ingurune arriskutsuetara egokitua           

Teknikerrek ezagutza eta esperientzia zabala du produktu elektronikoen diseinuan, eta gailu horri ezaugarri egokiak eman dizkio aire zabaleko lan-inguruneetara egokitzeko, arriskugarritasun-baldintzetan, langilearen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Emaitza tresna sendoa da, bildutako informazioa prozesatzeko gai dena, eta, horretarako, langilearen kokapena, egoera eta gailua bera zer baldintzatan dagoen adierazten du.

Gainera, bere konektibitateari esker, ACRUXek datuak modu errazean transmiti diezazkieke beste ekipo batzuei eta Google edo Waze bezalako nabigazio-aplikazioak bezalako bilatzaileei.

"Erronka handia izan da errepidean jarduteko baldintzekin bateragarria izango zen eta informazioa modu fidagarrian eta egokian emateko gai izango zen gailu bat sortzea", azaldu du Izaguirrek.

Gaur egun, ACRUX merkaturatze-aurreko egoeran eta optimizazio-prozesuan dago. Berriki, Engidi start-upak Línea Directa Fundazioaren Ekintzaileak eta Bide Segurtasuna Sariaren IX. edizioa irabazi du, produktu horrengatik eta errepideetako mantentze-lanetan istripuak eta harrapaketak prebenitzeko egin duen ekarpenagatik.

Gailuak CE, IP65 eta ATEX akreditazioak ditu, eta beste ingurune arriskutsu batzuetan (hala nola industria-instalazioetan edo erreskate-jardueretan) lan egiten duten pertsonen segurtasuna indartzeko diseinatuta dago.

 

PDF deskarga