Ekonomia Zirkularra

Data 29-07-2019 IK4-TEKNIKER

Ekoizpen-eskema tradizionalak ez bezala, Ekonomia Zirkularrak industriak eragiten duen ingurumen-inpaktua txikiagotzeko aukerak eskaintzen ditu, balioa sortzeaz gain. Teknologia berrien inguruko ikerketan aurrerapauso handiak egin dira. Hala, produktu, zerbitzu eta prozesu berritzaileak sortzen ari dira eta hauek, aldi berean, jasangarriak dira maila ekologiko zein sozialean.

Gaur egungo garapen-eredua ekoizpen linealean oinarritzen da: "ekoiztu, erabili, bota". Ekonomia Zirkularraren paradigmak, aldiz, naturatik bertatik hartzen du inspirazioa neurri handi batean. Eredu honetan baliabide mugatuak ahalik eta gehien aprobetxatzen dira. Horretarako, hondakinak txikiagotzea eta lehengai gisa berriro erabiltzea ahalbidetuko duten ekoizpen-prozesu berriak sortzen dira. Honela, ingurumenean uzten den aztarna murriztea lortzen da eta aldi berean balioa sortzen da, baliabide urrien kontsumoarekin lotuta ez dagoen balioa, alegia.

Europako Batzordearen arabera, badaude lehentasunezko hainbat sektore, eta hauetan lan egitea funtsezkoa da industriaren ingurumen-aztarna murrizteko. Hauen artean ditugu plastikoak, biomasa eta biomaterialak, lehengai kritikoak eta elikagaien hondakinak. Ekonomia Zirkularraren ereduak proposatzen dituen irtenbideen arabera, honako printzipio hauek ezarri beharko lirateke ekoizpen prozesuetan: murriztu, berrerabili, konpondu eta birziklatu.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak urte asko darama Ekonomia Zirkularraren ezarpenaren adibide ona izango liratekeen ikerketa-proiektuetan lan egiten. Zentroak I+G+b-ko ekimenak martxan jarri ditu hainbat esparrutan, hala nola material berrien erabilera, biofindegia, inguru industrialetan energia-kontsumoa murriztea eta nekazaritzako elikagaien sektorean jasangarritasuna.

Industriaren esparruan, IK4-TEKNIKERek burutzen dituen proiektuetan soberakinei balioa ematen zaie berriz, material berriak garatzeko azpiproduktuak erabiltzen dira eta lehengaien erabilera txikiagotzeko fabrikazio gehigarria erabiltzen da ere. Baliabide mugatuen aprobetxamenduari dagokionez, zentroak martxan ditu uren berrerabileran eta beroa berriro aprobetxatzeko teknika berriak erabiltzean arreta jartzen duten ikerketak.

Elikagaien hondakinak murriztearen erronka

Ingurumen-inpaktu handiena eragiten duten sektoreen artean elikagaien sektorea dugu, ura, energia eta lurra bezalako baliabideak modu intentsiboan erabiltzen dituelako eta CO2 maila altuan isurtzen duelako. Gainera, tradizionalki, sektore honetan baliabideak ez dira eraginkortasunez aprobetxatu. Elikagai-kateetan % 50 inguru alferrik galtzen da eta urtean 100 milioi tona janari baino gehiago zaborrera botatzen dira. Ekologian eta gizartean duten eraginaz gain, hondakin hauek 150 bilioi euro inguru balio dute.

Bioteknologian, produktu-ingeniaritzan eta biokimikan egindako ikerketek aukera berritzaileak proposatzen dituzte elikagaien sektoreko baliabideak modu eraginkorragoan aprobetxatzeko. Sektore honetan zentro teknologikoak ikerketa aplikatuko hainbat ildo ditu martxan eta Ekonomia Zirkularrean oinarritzen dira.

Planteamendua baliabide naturalen eta materialen kontsumoa murriztean eta hondakinak txikiagotzean datza. Horretarako, zentroak garatzen dituen proiektuetan elikagaien industriaren soberakinen balioa handitzen da, birziklatze-prozesuak automatizatzen dira eta elikagaien bizitza baliagarria luzatuko duten ontzi berrietarako I+G egiten da.

Informazio gehiago

Informazio gehiago izateko, sar zaitez nekazaritzako elikagaien sektoreari zuzendutako orrialdera.