Eguzki-energia termikoa sustatzeko instalazio berritzaile bat

Data 25-01-2022 Tekniker

Tekniker zentro teknologikoak MOSAIC proiektua koordinatu du, eraikuntza- eta eragiketa-gastu gutxiago sortuko dituen CSP instalazio-kontzeptu berri bat garatzea eta baliozkotzea xede duena.

Eguzki-energia termoelektrikoa, CSP siglen bidez ere ezagutzen dena (Concentrated Solar Power), eguzki-energia termiko bat da, eta elektrizitatea modu jasangarri eta kudeagarrian sortzea ahalbidetzen du, teknologia fosilen eraginkortasun-maila berberarekin. Espainiako merkatu elektrikoan, zentral mota horiek errealitatea dira dagoeneko; alabaina, instalazioak eta mantentze-lanek kostu handia dutenez, Europan ez dira gehiegi hazi eta hedatu.

Alde horretatik, Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide denak, MOSAIC proiektua koordinatu du azken bost urteetan, CSP instalazioaren kontzeptu berri bat garatzeko eta baliozkotzeko xedez, errendimendu berdintsuekin, baina egungo CSP instalazioek baino eraikuntza- eta eragiketa-kostu txikiagoekin.

Instalazio-kontzeptu modularra da, eta modulu bakoitzak kontzentratzaile esferiko finko bat eta hargailu mugikor bat (SRTA, Stationary Reflector/Tracking Absorber) dauzka.

Proiektuarekin, 300 kW-ko modulu baten prototipoa eraiki da Zangozako (Nafarroa) Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean (CENER), eta baliozkotze-entseguak berriki hasi dira.

Horretarako, Teknikerrek, sistema mekanikoen diseinuan, zehaztasuneko ingeniaritzan, ingeniaritza termikoan, sistema autonomo adimendunetan eta automatizazio eta kontrolean duen espezializazio-maila altuari esker, hargailu mugikorra kokatzeko sistema berritzaile bat asmatu eta ezarri du, zinematika paraleloan eta fotogrametria multibistan oinarrituta. Bada, gutxi gorabehera 20 metroko altuera duten lau tiro-dorretan sakabanatutako zortzi kableri eraginez jarduten du sistema horrek (kableen luzera aldakorra da, 5 eta 35 metro artekoa). Era berean, emaria kontrolatzeko sistema berri bat garatu du hargailurako, hargailuaren irteeran dagoen tenperatura zehaztasun handiagoz kontrolatzeko.

“Kokapen-sistema horrek aukera ematen digu hargailua egunean zehar kontzentragailuen gainean lekualdatzeak sortzen zuen erronka gainditzeko, eguzki-energiaren kontzentrazio altuak eta, ondorioz, tenperatura eta eraginkortasun-maila altuak bermatuz. Gainera, teknologia horrek kostuak murrizteko potentzial handia du, bai inbertsiokoak, bai eragiketakoak eta bai mantentzekoak; izan ere, eguzki-eremu finkoek jarraipen-gailuei lotutako gastuak saihesten dituzte, eta egitura ekonomikoagoak erabiltzeko aukera ematen dute ispiluei eusteko”, azaldu du Cristobal Villasante Teknikerreko Energia Berriztagarrien koordinatzaileak.

Soluzio bera hainbat tamainatako instalazioetarako

MOSAIC instalazio-kontzeptuak eskaintzen duen modularitatearekin, soluzio berbera eman dakieke instalazioen askotariko tamainei; besterik gabe, moduluen kopurua aldatuz. MOSAIC moduluak multzokatu egiten dira, potentzia-bloke berbera eta metatze-sistema komunak parteka ditzaten. Horrela, adibidez, potentzia altuko instalazioak plantea daitezke, baina neurri txikiko instalazioen abantailei eutsita; hala nola, indargabetze atmosferiko baxua eta zehaztasun-errekerimendu ez hain murriztaileak.

Europar Batasunaren Horizonte 2020 programak finantzatu du MOSAIC proiektua: programa hori 2016an abiatu zen, eta bazkide espainiarrak, alemanak, frantsesak, daniarrak, txekiarrak eta italiarrak dauzka.

This project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No. 727402

PDF deskarga