Gailu sentsoreak kakaoaren ekoizpen-prozesu jasangarrietan Kamerunen

Data 26-10-2021 Tekniker

Tekniker ‘Life Kontainer’ izeneko proiektuan laguntzen ari da, kakaoa hartzitu eta lehortzeko prozesuan datuak biltzeko aukera ematen duen gailu sentsorearen prototipoarekin. Teknologia Afrikako laborantza-eremuetan probatu da, produktibitatea hobetzeko eta elikagai hori Euskadin merkaturatzea errazteko soluzioen garapenean aurrera egiteko lehen urrats gisa.

Kamerun munduko bosgarren kakao-ekoizlea da urteko 300 tona baino gehiagorekin, eta Europa da kontsumitzailerik handiena. Asmo horrekin sortu zen 2019an “Life Kontainer” proiektu kooperatiboa, ekoizpen-soluzio jasangarrien bidez Afrikako laborantza-baldintzak hobetzeko, eta elikagai hori Euskadin merkaturatzen laguntzeko.

Testuinguru horretan, Basque Research and Technology Alliance-ko kide den Tekniker zentro teknologikoak garapen jasangarrirako ekosistema digitalak sortzen dituzten soluzio trinko, sendo eta ezartzeko errazak garatzen eta integratzen duen esperientzia handiarekin lagundu du ekimen horretan.

“Euskadin oinarri eta ezagutza duten soluzio teknologikoak txertatzeko prozesuan, Tekniker funtsezko eragile gisa identifikatzen dugu, haren espezializazioari eta digitalizazioan, industria adimendunean eta sentsorika aurreratuaren garapenean dituen gaitasun teknologikoei esker”, azaldu du Georges Belingak, “Life Kontainer” ekimena sustatu duen Koop SF 34 elkartearen sortzaileak.

Hartzidura eta lehortzea

Infragorrizko sentsorika aurreratuko gailu baten bidez lagundu du Teknikerrek. Gailu horrek aukera ematen du kakao-hazien informazio espektroskopikoa biltzeko bi helbururekin.

“Alde batetik, teknologia horien bideragarritasuna ebaluatzeko behar diren ezagutza eta datuak lortu nahi ditugu, kakaoaren ekoizpen-prozesua optimizatu eta hobetzeko erabakiak hartzen laguntzeko tresna gisa. Eta, bestetik, ekoizpen-ingurune berezietan teknologia digitalak sartzen lagundu behar dugu, eta haien aplikagarritasuna ebaluatu eta hobetu”, erantsi du Joseba Izaguirre Teknikerreko Gailu Sentsoreen koordinatzaileak.

Teknologia hori Kamerungo erdialdeko kakao-eremuetan probatu ahal izan da, hazien hartzidura- eta lehortze-prozesuetan datuak lortzeko. Zentroari, bestalde, aukera ematen dio gailu sentsoreetan oinarritutako garapen teknologikoak ekosistema eta aplikazio berrietan ebaluatzeko eta baliozkotzeko. Halaber, industria-inguruneko enpresetara eraman daitezkeen eta nazioarteko balio-kateen eskaerei erantzuten dieten produktuak garatzeko aukera ematen du.

“Lehenengo aplikazio-fase honetan, ingurumen-baldintza zorrotzak dituen landa-eremuko ekoizpen-ingurunean eta -baldintzetan datuak lortzeko gailua erabiltzearen bideragarritasuna aztertuko dugu”, azpimarratu du Joseba Izagirrek.

Paulin Godfried Reliques Yanga Kamerungo Errepublikak Espainian duen Enbaxadore Berariazko eta Botereguztidunak zentroaren instalazioak bisitatu zituen atzo, urriak 25, arratsaldez, lankidetza ezagutzeko eta Teknikerren lehen sektorearen garapen teknologikorako egiten den lana gertutik ikusteko.

Lankidetza hau barne hartzen duen proiektuaren azken helburua ‘bio’ kakao-ekoizpena lortzea da, eta ‘Euskolabel’-a duena, eta Kamerungo nekazaritza-kooperatibei beren laborantza- eta ekoizpen-prozesuen produktibitatea eta kalitatea hobetzen laguntzea, gero Euskaditik merkaturatzen hasteko asmoz.

Horretarako, ekimen honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (Elankidetza) finantzaketa du, eta beste hainbat erakunderen laguntza, esaterako Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak bultzatutako Bizkaia Koopera programarena. Ekimenak azpiegitura teknologiko mailakatuan oinarritutako soluzioa proposatzen du, programa hedatzen den ingurunean tokiko hazkunde eta garapen ekonomikoa ahalbidetuko dituena.

PDF deskarga