Bikaintasun zientifikoa point-of-care diagnostiko-sistemetan

Data 14-03-2019

Deitze Otaduy del Paso doktoregaia da tesiaren egilea, eta elkarrekin zuzendu dute Fernando Moreno Kantabriako Unibertsitateko irakasleak eta Santos Merino IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak.

Kantabriako Unibertsitateko Zientzien Fakultateak 50. urteurrena ospatuko du aurten, eta, aste honetan, ‘industria-aipamena’ duen eta bertan egin den lehenengo doktoretza-tesia irakurriko da bertan. Industria-aipamenari dagokionez, doktoregaiak industria-ikerketarako edo garapen esperimental baterako proiektuan parte hartzen duenean ematen da bereizgarri hori, baldin eta zerbitzua ematen duen enpresa edo administrazio publiko batean (ez unibertsitatean) garatzen bada proiektu hori eta Kantabriako Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena badago.

Deitze Otaduy del Paso ikertzailea da tesiaren egilea, IK4-TEKNIKER zentro teknologikokoa (Eibar, Gipuzkoa) eta Kantabriako Unibertsitateko doktoregaia bera. Bada, Gaixotasunak monitorizatzeko biosentsoreak: nanofabrikazio-teknika eskalagarrietan oinarrituriko nanozuloen sareak dauzkaten sentsore plasmonikoak du izenburua tesiak, eta elkarrekin zuzendu dute Kantabriako Unibertsitatearen Fisika Aplikatuko Sailaren Optika Taldeko Fernando Morenok eta IK4-TEKNIKER zentroaren Gainazalen Kimika eta Nanoteknologia Unitateko gailuen lerroko arduradun Santos Merinok.

Tesian, biosentsore bat modelizatu eta garatu da. Biosentsore hori bateragarria da industria-mailako ekoizpenarekin, teknologia plasmonikoan oinarrituta dago, eta urrezko geruza meheetan egindako nanozuloen matrizeez osaturiko txipekin dago eginda. Bada, lagin biologiko bateko proteina-kontzentrazioa zenbatzeaz gain, zelulak identifikatzen eta zenbatzen ditu.

Inpaktu sozial handiko gaixotasunak dauzkaten pazienteentzako diagnostiko alternatiboa

Inpaktu sozial eta ekonomiko handiko gaixotasunak (hala nola, minbizia, gaixotasun inflamatorio autoimmuneak edo biomarkatzaile ezagunak dauzkaten bestelako patologiak) dauzkaten pazienteei diagnostikoa edota jarraipena egiteko alternatiba gisa aurkeztu da sistema hori.

Ikerketak, non, era berean, mikrofluidika bat eta ad hoc ikuskapen-sistema optiko bat diseinatu eta fabrikatu diren, gaixotasun jakin batzuk monitorizatzeko proposatu den biosentsorea baliozkotzea ahalbidetu du. Lana intereseko beste biomarkatzaile batzuetara ere heda daiteke, eta sekulako aurrerapena ekarri dio point-of-care diagnostiko-sistemen garapenari, hazten ari den biopsia likidoen eremuan.

Nazioarteko bi patente

Tesiak biltzen duen ikerketaren eta izaera industrial markatuaren ondorioz, nazioarteko bi patente sortu dira, eta, halaber, bi argitalpen zientifiko egin dira inpaktu handiko aldizkarietan. Ikerlana garatzeko, Francisco González Kantabriako Unibertsitateko Optika Taldeko kidearen eta José Luis Fernández Luna Marqués de Valdecilla Unibertsitate Ospitaleko (HUMV) Genetika Taldeko arduradunaren laguntza zientifikoa eduki du.

Aldi berean, tumore-zelula zirkulatzaileak identifikatzeko SENTIR proiektu bioteknologikoaren zati da tesia. Hala, HUMVren, Kantabriako Unibertsitatearen eta IK4-TEKNIKERen lankidetzaz garatu da proiektu hori, eta FIPSEren (Espainiako Osasun-arloko Berrikuntzarako eta Prospektibarako Fundazioa) laguntza jaso zuen osasun-arloko berrikuntzen bideragarritasunerako ikerketak finantzatzeko laguntzen deialdian. Bestetik, Massachusetts Institute of Technology (Boston, MA, EEBB) erakundearen IDEA2-GLOBAL nazioarteko programaren amaierako fasean parte hartzeko hautatu zuten.

Lotutako bideora joan