Ainara López Teknikerreko ikertzaileak aipamena jaso du Manuel Heredia sariaren lehen edizioan

Data 16-03-2022 Tekniker

UNESID eta PLATEA erakundeek aipamen bat egin diote Ainara López Teknikerreko Tribologia Unitateko ikertzaileari Manuel Heredia sariaren lehen edizioan "Tribocorrosion of High-Strength Low-Alloy steels and coatings used in offshore applications" izeneko doktore-tesiagatik.

Ainara López Teknikerreko ikertzaileak siderurgian ari diren ikertzaile gazteentzako Manuel Heredia sariaren lehen edizioan emandako hiru aipamenetako baten aitortza jaso du. Saria UNESID Espainiako Siderurgiaren eta altzairuaren lehen transformazioaren Elkarteak antolatu du aurten, PLATEA Espainiako Altzairuaren Plataforma Teknologikoarekin elkarlanean.

Haren tesiak, "Tribocorrosion of High-Strength Low-Alloy steels and coatings used in offshore applications" izenekoak, erresistentzia handiko eta aleazio txikiko (HSLA) altzairuen tribokorrosioa eta offshore industrian erabiltzen diren estaldurak aztertzen ditu, hain zuzen ere, plataforma flotatzaileen ainguratze-lerroetan.

Ikerketa bi bloke handitan banatuta dago. Lehenak egitura flotatzaileen ainguratze-lerroetarako kateak eta osagaiak fabrikatzeko erabiltzen diren HSLA altzairuen tribokorrosioaren (korrosioaren eta higaduraren aldi bereko ekintza) portaera aztertzen du. Egitura horiek korrosioaren eta higaduraren eraginpean daude beren bizitza baliagarrian.

Gaur egun, tribokorrosioari buruzko ikerketa ugari egin dira material pasibo deiturikoetan, hala nola korrosioarekiko erresistentzia handia duten aluminiozko, titaniozko edo altzairu herdoilgaitzezko aleazioetan. Hala ere, ez dago korrosioarekiko erresistentzia txikiko HSLA altzairuak eta horren gisako material aktiboek tribokorrosioaren aurrean duten portaera azaltzen duen aurretiazko azterketarik. Beraz, doktore-tesi hau berritasun bat da siderurgiaren arloan, eta orain arte argitaratutako gisa horretako lehen azterketa da.

Bigarrenak, bestalde, altzairuzko osagai eta egiturak korrosioaren aurka babesteko erabiltzen diren estaldurek tribokorrosioaren aurrean duten portaera ebaluatzen du. Orain arte, korrosioaren aurkako babesaren eraginkortasuna kontuan hartu izan da estaldurak hautatzeko orduan, alde batera utziz higaduraren aurrean duten portaera. Horregatik, interesgarria da ikerketak egitea lan-baldintza txarretan zer portaera duten jakiteko eta haien iraunkortasuna ziurtatzeko.

Hala, gaur egun ainguratze-lerroetako osagaiak babesteko erabiltzen diren estalduretan tribokorrosioaren aurrean duten portaerari buruzko azterketak egin dira, korrosio- eta higadura-eskaeren aurrean duten gaitasuna egiaztatzeko.

Egindako saiakuntzen artean, tribokorrosioaren aurrean emaitza onenak dituen estaldura hautatu da; zigilatzaile organikoa duen termikoki proiektatutako aluminioa (TSA) hautatu da, eta gainazalean aldaketak egiteko hainbat teknikaren bidez gauzatu da horren funtzionalizatzea. Batetik, higadurarekiko eta korrosioarekiko erresistentziaren propietateak hobetzea, aluminio-geruzan plasma bidezko elektrooxidazioaren (PEO) teknika aplikatuz eta, bestetik, antifouling propietateak hobetzea, zigilatzaile organikoan nanopartikulak gehituz superhidrofobizitatea eta erantzun biozida lortzeko.

Aipamen horrek aitortza egiten die doktore-tesia burutu dutela eta ikerketa siderurgikoaren arloan lan egin dutela egiaztatu duten ikertzaile gazteei. Halaber, Teknikerrek doktoregaien prestakuntzarekin eta talentua duten gazteen artean ikerketa-bokazioak sustatzearekin duen konpromisoa islatzen du.

Manuel Heredia saria emateko ekitaldia gaur egingo da Donostiako Ceit zentro teknologikoaren instalazioetan.