Tekniker enpresen aliatu teknologiko gisa finkatu zen 2024an, fakturazio-errekor berri batekin: 33,5 M €
Zentro teknologikoak diru-sarreren erregistro historikoak izaten jarraitzen du eta, azken urtean, %40ko hazkundea lortu du finantzaketa publikoko programekin lotuta ez dagoen kontratazio industrialean.
Tekniker zentro teknologikoa Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kidea da eta bere Plan Estrategikoko ahaleginen zati handi bat enpresetara transferentzia teknologikoa bultzatzera zuzentzen du. Alde horretatik, 2024ko ekitaldiko emaitzek misio hori finkatzen dute, Teknikerrentzat urte historikoa izan baita berriro ere, 33,5 milioi euroko fakturazioarekin.
Diru-sarreren erdia, zentroko zerbitzuak hornitzaile teknologiko gisa kontratatu zituzten enpresekin egindako proiektu industrialetatik etorri zen, hain zuzen ere hiru arlo nagusitan: fabrikazio aurreratuko teknologiak; gainazalen eta materialen teknologiak; eta teknologia digitalak. Gainera, finantzaketa publikoko programei lotuta ez dauden enpresekin egindako ekimen zuzenen kontratazioak %40ko hazkundea izan zuen 2024an. Horrek bilakaera positiboa iragartzen du dagoeneko abian diren 160 proiekturekin. Hazkunde horrek agerian uzten du Teknikerrek enpresa-ehunari ematen dion balio bereizgarria, erakundeek ezarritako lankidetzaren itzulera zuzena eta esanguratsua jasotzen baitute.
Teknikerrek eskakizun handiko sektoreetan, besteak beste, sektore aeronautikoan, energetikoan edo sanitarioan, 250 bezero baino gehiagori ematen dien balioa indarrean dauden epe luzeko 29 lankidetza-akordioetan islatzen da. Beren sektoreetako erreferenteek osatutako erakunde laguntzaileen sare horrek agerian uzten du berrikuntzarekin eta bikaintasun teknologikoarekin duten elkarrekiko konfiantza eta konpromisoa.
Gainera, nabarmentzekoa da Teknikerren 2024ko fakturazioa 47,8 milioi eurokoa izan dela, zentro teknologikoko sei enpresa partaidetuen zorroko diru-sarrerak batuta. Enpresa horiek, zentro teknologikoaren fundazioaz geroztik, horren bidez sortu diren 32 start-upetako batzuk baino ez dira.
“Datuek ingurunearen bilakaerara eta merkatuaren premia berrietara etengabe egokitzen den estrategia sendo bati erantzuten diote. Gure helburua espezializazioaren, transferentzia teknologikoaren eta DeepTech start-upen sorreraren aldeko apustua egiten jarraitzea da eta, horretarako, funtsezkoa izango da Erisonoko teknologia-gunea, balio erantsi handiko enpresak erakartzeko lanean ari baikara bertan”, nabarmendu du Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak.
Bestalde, 2024an, Teknikerrek elkarlaneko laborategien ekimenak jarri ditu abian, industria-enpresekin lankidetzan, soluzio integralak, eskalagarriak eta teknologia desberdinetara bideratutakoak sortu, garatu eta baliozkotzeko elkarlanerako espazio bat eskaintzeko helburuarekin. Enpresei eraldaketa-prozesuetan laguntzea da ekimen horren helburua, teknologia, industria-premiak eta jasangarritasuna bateratzeko tresna estrategiko gisa jardunez.
Azkenik, Teknikerrek berrikuntza teknologikoaren alde egindako apustuari zentro teknologikoek bultzatutako ekimen onenaren saria eman diote Disruptores Innovation Awards 2024 ekitaldian. Sariak HORACE proiektua saritu du, ESAk finantzatua. Proiektu horretan, Teknikerrek Marteko baldintzetara egokitutako lehen turbina eolikoa garatu du, etorkizunean esplorazio espazialeko misioetan energia sortzeko bide berriak irekitzen dituen soluzio disruptiboa.
Espezializazioa eta bikaintasun zientifikoa
Teknikerrek 300 pertsonatik gorako plantilla zuen 2024rako ekitaldi-amaieran. Plan Estrategiko berriaren lehentasunezko ildoetako bat da, bai lehentasunezko jarduera-arloetan eta bai industriaren etorkizuna bultzatuko duten teknologietan handitzea eta espezializazio handiagoa izatea, betiere jasangarritasunaren aldagaia bere eskaintzan txertatuz, pertsonak ardatz hartzen dituen ikuspegiarekin (human-centered).
Alde horretatik, nabarmentzekoa da zentro teknologikoko teknologia kuantikoen aldeko apustua, bai konputazio- eta algoritmia-gaiei dagokienez, bai sentsore kuantikoen fabrikazioari dagokionez. “IA kuantikoaren garapenak, beren konplexutasunagatik orain arte ordenagailu klasikoetan konputazionalki trataezinak izan diren benetako arazoak konpon litzake”, gehitu du Uriartek.
Teknikerren espezializazio hori bere bikaintasun zientifiko egiaztatuagatik bereizten da; izan ere, 40 urte baino gehiagoko esperientzia du Europa, estatu eta eskualde mailako finantzaketa-programen proiektuetan I+G+b aplikatzen. Azken hamar urteetan, batez beste, 5,9 milioi euro bereganatzea lortu du. 2024an, Europako ekimenen fakturazioa guztizkoaren izan zen, eta Eusko Jaurlaritzaren programen ekarpena, berriz, %27.
Horrez gain, doktore (78), patente-familia (118) eta patenteen (357) kopuruak ere agerian uzten du Teknikerren ikerketa- eta berrikuntza-gaitasuna.
Adibide berritzaileak
Tekniker, gaur egun, hainbat sektore estrategikotan aplika daitezkeen hainbat proiektu berritzailetan ari da lanean. Horien artean, sektore aeroespazialean zentratutako ECOAERO proiektua nabarmentzen da. Fabrikazio gehigarria, adimen artifizial aplikatua, fabrikazio adimenduneko robotika eta antzeko teknologiak erabiltzearen aldeko apustua egin duen proiektua da, ekosistema aeroespaziala teknologiaren abangoardian kokatzeko helburuarekin.
Fabrikazioaren sektorean, adimen artifiziala, deep learning eta antzeko teknologiak integratuz, fabrikazio aurreratuko berrikuntza bultzatzera bideratutako ekimen estrategikoa da FIDELIA. Proiektuak teknologia aurreratuen hedapena sustatzeko eta robotikan eta IAn I+G+b proiektuak garatzeko diseinatutako ekosistema bat sortuko du.
Teknikerrek gauzatzen dituen ekimenen artean, zentroak berrikuntza teknologikoarekin eta ikerketa aplikatuarekin duen konpromisoa erakusten duten zenbait proiektu nabarmentzen dira. DIGIFORM proiektuak industria-digitalizazioaren erronkari aurre egingo dio, gaitzeko teknologiak garatuz, hala nola simulazioa eta biki digitalak, metalezko osagaien fabrikazioaren automatizazioan aurrera egiteko, batez ere sektore aeronautikoan.
Azkenik, LINAC proiektuak onkologiako ikerketara bideratutako eskala txikiko partikula-azeleragailu bat sortzea aurreikusten du, terapia berriak aztertzeko eta anomaliak detektatzeko isotopoak sortzeko aukera emango duena.